1977/2024 , Maiatzak 6

Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Orhiko xoria, Orhin laket; euskal errepresaliatuak Euskal Herrian

Euskal herritarrez beterik zegoen Paris lekuko zela, Estatu frantsesean urte luzez barreiatuta egon ziren konfinatuek Euskal Herrira itzuliko zirela iragarri zuten gaur bezalako egun batean, duela 29 urte. Urte luzez iraun zuen zigor gogorrari bukaera emateko erabaki horretan ez zuten babesik falta izan.

Konfinatuen itzulera iragartzen zuen “Egin” egunkariaren lerroburua.
Konfinatuen itzulera iragartzen zuen “Egin” egunkariaren lerroburua. (GARA)

Kartzela, sasia eta heriotza ezagutu dituzte, Euskal Herriak pairatzen duen egiturazko zapalkuntzari erantzun nahirik, militantziarik muturrenekoaren hautua egin duten lagunek; ez da gauza berria, mendeetako zoria baizik. Horiek denak sufritu dituzte, eta baita desterrua ere. Herritik urrun eta herriminez, behartuta eta kontrolpean bizi izan diren euskal herritarrak ez dira gutxi izan, horregatik, garrantzi handiko albistea izan zen 1995eko maiatzaren 7an 'Egin' egunkariko azalak eman zuena: «Konfinatuak bueltan datoz».

Bertan aipatzen zenez, Estatu frantsesaren luze zabalean konfinatutako euskal errefuxiatuek aurreko egunean, maiatzaren 6an, Parisen egindako manifestazio jendetsua probestu zuten euskal lurretara itzuliko zirela iragartzeko. Horrekin batera, Anai Artea elkarteari laguntza eskatu zioten Notre-Dame ikusgarria lekuko zela egindako ekitaldi politikoan.

Bi hamarkada muturreko egoeran

Konfinatuen izenean Xabier Ezkerrak hartu zuen hitza, eta berak eman zuen, itzultzeko albistearekin batera, ordura arte eta urte luzez kolektibo horrek bizi izandako egoeraren berri. Azaldu zuenez, helduleku legalik ez zuen egoera horretan beraiek ez zuten inolako estaldura sozialik, ez eta lan egiteko eskubiderik ere. «Ez zaizkigu bizitzeko baldintza minimoak bermatzen», laburbildu zuen.

Esan bezala, muturreko egoera hori aspaldikoa zuten. Izan ere, Gobernu frantsesak 70eko hamarkadaren erdialdean ekin zion euskal herritarrak konfinatzeari, Franco hilik bai, baina haren itzala –zer esan oraindik orain hain agerikoa den egitura politikoa– oso presente zegoela.

Estatu espainoleko zerbitzu sekretuekin elkarlanean, frantziar Poliziak ordura arte Ipar Euskal Herrian bizi izan ziren hainbat lagun atxiki eta ehunka kilometrora zeuden herrietara eraman zituen, nolabaiteko linbo juridiko eta administratibo batean kateaturik utzita. Ez zeuden preso, baina ez ziren libre.

Euskal herritar askorentzat garai horietan ezagun egiten hasi ziren Valensole edo Yeu bezalako tokiak, eta bertako herritar asko garai horietan hasi ziren euskaldunen berri izaten. Behartuta heldutakoen eta bertan bizi zirenen arteko harremana ez zen samurra izan hasiera batean, besteak beste Poliziak «bortxatzaile eta terrorista arriskutsu gisa» aurkeztu zituelako euskal militanteak, 2011n Eloi Uriartek GARAri azaldu zionez. Baina behin elkar ezagututa, batzuen eta besteen artean harreman ona sortu zen, hainbeste, ezen liskarren bat ere egon baitzen herri horietako bizilagunen eta euskal militanteak jagoten zituzten polizien artean.

Edonola ere, egoera jasangaitza zen, eta urte askotan errefuxiatuek Euskal Herrian bizi behar zutela aldarrikatu bazen ere, 1995eko ekimen hura gauzatu arte ez zen konfinamenduaren katea hautsi.

Pauso hura ematea ere ez zen gauza erraza izan, eta Euskal Herrira itzuli eta berehala, maiatzaren 9an, itxialdia hasi zuten Baionako katedralean, frantziar administrazioak zer erabakiko zain. Izan ere, ziurgabetasuna erabatekoa zen, eta ez zekiten eurekin zer gertatuko zen. Hurrengo egunetan norbanako eta eragile askok bertatik bertara elkartasuna eskaini zieten, eta testuinguru horretan nabarmentzekoa izan zen, adibidez, Evreuxeko apezpiku izandako Jacques Gaillotek emandako babesa.

«Frantzia zeharkatu dut elkartasuna adierazi eta militante hauen adorea txalotzeko, euren bizitza jasangaitza salatzeko, arriskuan jarri baitira», azaldu zuen konfinatuekin batera Donibane Lohizunen egindako agerraldian. Elizaren lekua «sufritzen ari direnen alboan» dagoela gaineratu zuen, eta Gobernu frantsesari konfinatuak «bakean utzi» eta gatazkari «irtenbide negoziatu bat bilatzeko» lan egin zezan eskatu zion. Ez zen nolanahiko mintzaldia izan.

«Euskal Herrian bizitzeko eskubidearen alde!» leloa zuen manifestazio nazional batek bukaera eman zion, maiatzaren 27an, errepresioaren aurkako borrokan mugarri gisa hartzen den ekimenari.

Deportazioaren krudeltasuna

Errepresio horren beraren beste pasarte bat deportatuei ezarritakoa izan zen, honek ere erbestea oinarri zuelarik. Kasu honetan, ordea, milaka kilometroko arrakalak banatzen zuen euskal militantea bere herritik.

1986ko maiatzaren 6an, gaur bezalako egun batean, duela 38 urte, Gobernu espainoleko Barne Ministerioak iragarri zuen Eugenio Etxebeste, 'Antxon', Dominikar Errepublikatik Ekuadorrera eramana izan zela. Haren gertukoek orduak eman zituzten bera non zegoen jakin gabe. Euskal errefuxiatuak ia bi urte zeramatzan ordurako Santo Domingon, eta beste asko emango zituen batetik bestera, urrun, beste hainbat kidek bezala, noiz itzuliko zain.

Hain zuzen, 1995ean konfinatuek egin bezala, hurrengo urtean, 1996an, deportatuek Euskal Herrira itzuliko zirela iragarri zuten. Horrela adierazi zuen 'Egin' egunkariaren ekainaren 2ko lerroburuak, aurreko egunean Bruselan egindako manifestazio jendetsuaren kronikan.

Flandriako hiri nagusian, milaka euskal herritarren aurrean, bi ordezkarik kolektiboaren erabakiaren berri eman zuten eta deportazioaren aurkako borrokan jauzi bat irudikatu zuten. Oraindik beste batzuk falta ziren herri honek urte luzez irekia izan duen zauri mingarria ixteko.

Joseba Sarrionandiaren olerkiak –Mikel Laboak bikain musikatuak– argi utzi zuen milaka aberkidek historian zehar izan duten sentipena:

    Nekez uzten du bere sorterria / sustraiak han dituenak. / Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak / ez bada abaildu eta oholetan. / Ez du niniak begia uzten ez bada erroi edo arrubioen mokoetan. / Nekez uzten du gezalak itsasoa / ez hare harriak basamortua. / Ez du liliak udaberria uzten / ez elurrak zuritasuna. / Bere sorterria nekez uzten du / sustraiak han dituenak.

Honi buruzko guztia: 1995