1977/2024 , Maiatzak 11

Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Matxalen Ziarsolo
Bera Berako jokalari ohia

«Liga irabazteko erdi faboritoak ginen Itxakoren gainbeheraren ostean, eta presioa geneukan»

Matxalen Ziarsolok (1982, Ermua) 15 denboraldi eman zituen Bera Beraren lehen taldean, eta klubaren lehendabiziko tituluetan garrantzitsua izan zen. Duela 11 urte altxatu zuen talde donostiarrak estreinako Liga, denboraldi bakar batean, aurrenekoz, hiru titulu irabazita. Geroztik, beste zazpi liga irabazi ditu Bera Berak.

Ohituak gaude Bera Beraren arrakastara, urtero-urtero, gutxienez, titulu bat altxatzen ikustera. Aurten ere jada irabazi du lehendabizikoa, Superkopa, denboraldi hasieran. Liga eta Kopako borrokan bete-betean sartua dago, eta exijentzia, nola ez, irabaztea da. Nolanahi ere, 2012-2013 sasoi hasieran, soilik bi Kopa zituzten erakusleihoan, eta lehen liga irabazteko bidea hasi zutela jabetu ezinda zeuden orduko jokalariak. Tartean zegoen Alba Menendez, eta Esther Arrojeria lehen taldearekin entrenatzen hasita zegoen, egungo Bera Beraren «erro eta sustraiak» Maitane Etxeberriarekin batera, Matxalen Ziarsoloren aburuz.

Ermuarrak, beste zenbait jokalarirekin batera –Tati Garmendia, Patri Pinedo, Zulai Agirre, Eider Rubio, Eli Pinedo, Darly...–, arrakastaren bidea urratu zuen. Bera Beraren lehen tituluetan, bakoitzean zegokion rola jorratuz, garrantzitsua izan zen Ziarsolo. Uste du lehendabiziko Kopa, 2007an irabazitakoa, inflexio puntua izan zela, baina, era berean, lehendabiziko ligak berebiziko garrantzia izan zuen, bai jokalarientzat eta baita klubarentzat ere.

Jada zortzi urte igaro dira erretiratu zinenetik. Inoiz gogoratu duzu orduko oroitzapenik?

Bai, askotan. Gaur bertan, Bidebietara etorri naizenean, denbora pila bat neraman hona etorri gabe, ze azkenaldian partidak ikustera Gascara joaten gara. Hona etorri naizenean pila bat oroitzapen etorri zaizkit. Guk bizitza guztia hemen egin dugu eta bizipen asko eraiki ditugu.

Bidebieta nolako garrantzitsua izan zen zure ibilbidean eta lau liga jarraian irabazi zenituzten garai hartan?

Garrantzi erabatekoa izan zuen. Garai hartan taldea hemen jorratu zen, pista honetan. Gero Gascara itzuli ginen eta uste dut hori ere aurrerapauso garrantzitsua izan zela, baina Bera Beraren etxea Bidebieta da.

Jokalariari zer komeni zaio, kantxa/estadio handietan jokatzea edo kantxa txikiagoetan sortu daitekeen burrunba hori?

Aldaketa egiterakoan, guk beti hasieran hemen jarraitu nahi izaten genuen. Hemen entrenatzen genuen, hemen geunden ohituta, zaleak ere gerturatzen ziren. Baina egia da, aurrepauso bat emateko bagenekien Gascara joan behar ginela. Behin Gascan, gogoratzen naiz Europako Txapeldunen Ligako partidekin eta azken denboraldiko partida garrantzitsuekin gozatu egin genuela.

2013an irabazi zenuten lehen liga, ordurako bi Kopa irabazita zeneuzkaten. Nola gogoratzen duzu lehen liga hori irabazi arteko ibilbidea?

Guretzat eta Bera Berarentzat, Liga irabaztea ordura arte kostatu zitzaigun erregulartasun hori lortzea izan zen. Kopak oso garrantzitsuak izan ziren, baina ligak beti dauka berezitasun puntu bat. Erdi faboritoak ginen, Itxakoren gainbeheraren ostean, eta presioa ere bageneukan. Aurreko denboraldian ligako txapeldunorde izan ginen, Kopak irabazitakoak eta finalak jokatutakoak ginen, eta gure unea zen. Ez zen guztiz ongi hasi liga, baina azkenean lortu genuen irabaztea, eta oso une garrantzitsua izan zen, bai pertsonalki han geunden guztiontzat eta baita klubarentzat ere.

«Lehen aldia izan zen hainbesteko poztasuna hartu genuela pista hartan [Castron]»

2013ko Castroko partida hartatik ze irudi etortzen zaizu burura? Ze argazki daukazu gordeta?

Gogoratzen naiz partida bukatu zenean denok hasi ginela ospatzen, zale guztiak han zeuden, ospakizun betea izan zen. Lehen aldia izan zen hainbesteko poztasuna hartu genuela pista hartan.

Aurreko urtean jada txapeldunorde izan zineten, hazkuntza bat nabari zen klubean?

Bai. Hazkuntza aspalditik zetorren, baina, nik bizi izan dudanaren arabera, lehendabiziko Kopako finalera iritsi eta galdu genuenerako goraka gentozen. Lehendabiziko Kopak ere izugarrizko indarra eman zion taldeari, irabazteko gai ginela erakutsi genuen, bai taldeak bere buruarekin sinesteko eta bai instituzio mailan ere.

Exijentzia zuek handitu zenuten?

Entrenatzeko ez, baina lehiatzeko bai. Behin irabazten duzunean, maila bat lortzen duzunean, hor mantendu nahi duzu. Eta horretarako partidetako exijentzia handiagoa da, lehen Kopa irabazten duzunean, hurrengo edizioan jada pentsatzen hasten zara beste final batera iristearekin.

Matxalen Ziarsolo, garaikurrarekin, Bidebietan. (Gorka RUBIO I FOKU)

Reyes Carrerek elkarrizketa batean esan zuen entrenamenduetan ere dena prestatuta egoten zela, egoera ezberdinak entrenatuta izaten zenituztela.

Bai, entrenatu egiten genuen. 60 minututan erritmo bat mantentzera ohitzeko egiten genuen. Oso erritmo altua eramaten genuen partidetan, eta batzuetan jaitsi beharra zegoen. Gogoratzen dut baita ere eraso kopuru zehatz bat egin behar genuela, trantsizioak... Arau batzuekin entrenatzen genuen gero partidetan islatzeko.

Irabazteko faboritoak zineten, baina gaizki hasi zenuten denboraldia.

Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuz hasi genuen denboraldi hura, Itxako desagertu zenez, guri egokitu zitzaigun. Gero, Rekopara joan ginen eta partida oso gogorrak izan ziren, 10 goleko markagailu bat irauli genuen, eta ligako lehendabiziko etenaldirako hirugarren postuan iritsi ginen. Etenaldi horretan, entrenamendu horietan guztietan, hobeto jorratu ziren partidak. Etenalditik bueltan, urtarrilean, Rocasaren aurka jokatu genuen eta irabazi egin genuen. Lehenak jarri ginen eta bidea apur bat leuntzen egin zen.

Castron irabazi zenuten azken partida, berdinketa edo garaipena behar zenuten, zuen eskuetan zegoen. Nola gogoratzen duzu partida hura?

Gogoratzen dut erraz irabazi genuela. Seguru hasierako minutuak ez zirela errazak izan, baina bagenekien irabazi egin behar genuela. Gogoratzen dut gu zentratuta geundela irabazteko, eta garaipena ospatzeko gogotsu ginen, liga hori altxatzeko irrikaz.

Ospakizunik egon zen? Han edo hemen?

Leku guztietan (barrezka). Harrera egin ziguten erakunde ezberdinek ere.

Harrera hori ohiko bihurtu zen, urte hartan lehendabiziko aldiz hiru tituluak irabazi baitzenituzten eta ostean lau liga jarraian altxatu baitzenituzten. Lehen liga horrek presioa zuela esan duzu, ondorengoek gehiago?

Lehen liga horrek presioa zeukan ze ordura arte lortu ez genuen gauza bat zen. Gero, ematen zuen erraza zela irabaztea, jokatu aurretik liga irabazi behar genuela zirudien. Eta ez da horrela. Kirolean jokatu gabe ez dago ezer irabazterik. Komunikabideek, beste taldeek, liga hasi aurretik irabazletzat jotzen gintuzten, eta uste dut ez ginela besteekiko hain nagusiak hori horrela izateko.

«Komunikabideek, beste taldeek, liga hasi aurretik irabazletzat jotzen gintuzten, eta uste dut ez ginela besteekiko hain nagusiak hori horrela izateko»

Gaizki ohitu gaituzue. Zuen urrezko arotik hasita, Bera Berari exijitu egiten zaio irabaztea. Ez bada horrela, porrot hitza erabiltzen da.

Bai, egia da. Eta ez da horrela. Egia da liga irabazteko diseinatutako talde bat dela, baina beste batzuk ere bai. Liga irabazteko hautagaitza ez dauka soilik talde batek, beste bi-hiru daude, eta lehia hor dago.

Eta zure bilakaera nolakoa izan zen? 2000. urtean iritsi zinen klubera eta 15 urte eman zenituen lehen taldean.

Iritsi nintzenean ikastera, ikustera, entrenatzera etorri nintzen, eta azkenean, konturatu nintzen nire ibilbide guztia hemen egin nuela. Behetik gora joan nintzen, ibilbide guztian zehar, bai pertsonalki eta bai taldean, hazten joan nintzen eta bilakaerarekin pozik bukatu nuen.

Uste duzu liga irabazteari esker ikusgarritasuna irabazi zenutela?

Bai. Komunikabideetan ikusgarritasun gehiena lehendabiziko Koparekin irabazi genuen, eta hortik hasi zen bilakaera. Lehendabiziko ligaren ostean ere igarri genuen, eta gero jada bilakaera etorri da, tituluengatik, baina baita emakumezkoen kirolean ematen ari den gorakadarengatik ere. Liga edo Kopak irabazitakoan momentuko oihartzuna izan genuen, baina orain ematen du oihartzun horrek jarraipen handiagoa duela, baita titulurik irabazi ez duten kiroletan ere.

Ez duzu uste irabazi egin behar dela prentsan ateratzeko?

Bai, baina orain gutxiago. Iruditzen zait bestela ere Euskal Herri mailan izan dezakezula oihartzuna edo atera zaitezkeela prentsan. Lehen hori pentsaezina zen.

Afizioaren aldetik, nolakoa izan da bilakaera? Bidebieta bete egiten zen, esaterako, Rocasaren partida hartan, asteazken batean.

Uste dut goraka doala. Bazkide aldetik eta sarrera aldetik klubak esan beharko luke, baina nire ikuspegitik Gasca partida gehienetan, ez guztiz, baina beteta egoten da. Giroa egoten da. Lehen oso fokalizatua zegoen zalegoa, orain bai Gipuzkoa eta Euskal Herriko beste herri askotako jendea hurbiltzen da. Horretan bai uste dut bilakatu dela erreferentziazko taldea.

Ibilbide osoa egin duzu Bera Beran. Eduki izan dituzu atzerriko eskaintzak, baina, azkenean, Donostian geratu zinen, eta Bera Berak eman dizu aukera nahi zenuen hori guztia jokatzeko.

Bai, nituen helburuak hemen lortzeko aukera izan nuen. Bilakaera handia bizi izan nuen, bai nire bizitzan bai jokatzeko moduan, bai eta taldeak berak ere. Hemen geratzea aukeratu nuen eta pozik hartu nuen hautua.

Matxalen Ziarsolo, Castroren aurkako partidan, Bidebietan, 2013ko urtarrilean. (Jon URBE I FOKU)

Gehien gogoratzen duzun partida?

Lehendabiziko Kopa irabazi genuenekoa, partida hori izan zen benetan berezia. Taldea ez zegoen batere ondo, arazo asko izan genituen; entrenatzailerik gabe egon ginen. Tatik [Garmendia] une hartan jokatu ere egiten zuen, eta ezin izan zuen jokatu, hotelean geratu zen pneumonia batekin. Momentu oso berezia izan zen, lehiatu ginen arerioak guretzako erreferenteak ziren –Mislata, Osito, Elda...–, momentuko talderik indartsuenak ziren. Horien guztien aurka guk irabaztea eta, gainera, L'Elianan, Ositoren kantxan... Izugarria izan zen guretzat. Partida garrantzitsua izan zen.

Beste bat aukeratu beharko banu, Rekopan 10 goleko markagailuari buelta eman genionekoa esango nuke, Vistal Laczpol talde poloniarraren aurkakoa. Partida hori bukatu zenean, zaleen aurpegietara begiratu eta beraien emozio aurpegia ikustea oso berezia izan zen. Bestalde, Txapeldunen Liga Gascan jokatzea ere bai. Kanpotik ikusten duenarentzat agian ez dauka garrantzirik, baina zure taldearekin, zure etxean Txapeldunen Liga jokatzea eta Larvik (Norvegia), Podravka Vegeta (Kroazia) edo Vardar (Ipar Mazedonia) moduko taldeak etxean edukitzeak, hauen aurka lehiatzeak, garrantzi handia izan zuen.

«Pertsona bakar batek ez du talde bat egiten»

Zure erretiroaz geroztik, Alba Menendez, Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria bilakatu dira taldearen ikurrak.

Bai, lehen liga hartan Alba Menendez jada bazetorren pare bat urte aurretik, Nagore Arizagarekin batera. Uxue Ezkurdia eta Esther Arrojeria entrenatzen hasiak ziren lehen taldearekin, eta pare bat urte beranduago Maitane Etxeberria iritsi zen. Horiek dira Bera Beraren erroa eta sustraia. Hiru jokalari oso ezberdin dira, baina hirurak, bakoitza bere aldetik, oso garrantzitsuak dira taldean.

Zu ere izan zinen Bera Berako erreferente.

Ni beste batzuekin batera. Talde bat ginen garai hartan, orain beste talde bat dago. Pertsona bakar batek ez du talde bat egiten. Gure garaian Tati, Patri Pinedo, Zulai Agirre; gero Eider [Rubio], Eli Pinedo Tati joan zenean, ni, Darly... Multzokatu egin ginen eta talde moduan sustrai horiek eraiki genituen.

Matxalen Ziarsolo, Bera Beraren Bidebietako bulegoan. (Gorka RUBIO I FOKU)

15 denboraldi eman zenituen lehen taldean. Zaila da horrenbeste denbora elitean ematea?

Bai, asko exijitzen du. Hortik ateratzen zarenean ohartzen zara zenbat denboraz izan den zure bizitzaren parte.

Erretiroa hartu zenuenean faltan hartu zenuen eskubaloia?

Faltan hartu nuen, baina lasaitasuna ere hartu nuen. Orduan ohartu nintzen zenbateraino zauden enfokatuta, mundu horretan zenbateraino zauden sartuta eta zure bizitza zenbateraino dagoen enfokatuta horretara.

Goi-mailako kirolariek motxila askatzen duzue azken partida jokatzean?

Bai, hor zaudenean topera zaude, ez soilik pistan zaudenean, kanpoan zaudenean ere bai, nahiz eta beste gauza batzuk egiten egon. Oso polita da, baina oso sakrifikatua da. Gehienbat fisikoki, baina mentalki ere bai. Gustura utzi nuen, pozik nengoen utzi nuen momentuan bizitzako beste gauza batzuk egiteko.

«Azken urtea gogorra egin zitzaidan, min hartuta egon nintzen denboraldiaren zatirik handiena, eta kantxan erretiratu nahi nuen»

Garrantzitsua da erabakia zure buruarekin eta eskubaloiarekin bakean zaudenean hartzea?

Bai, nire kasuan nik hartu nuen erabakia, baliteke beste batzuek hartu izana, ez dut ezetz esaten (barrezka), baina nik hartutako erabakia izan zen. Azken urtea gogorra egin zitzaidan, min hartuta egon nintzen denboraldiaren zatirik handiena, eta kantxan erretiratu nahi nuen. Gogorra izan zen, erronka bat bilakatu zelako; lortu nuen, ez gustatuko litzaidakeen moduan, baina lortu nuen.

Gol bat ere sartu zenuen.

Bai, eta debuteko gol baten modukoa izan zen (barrezka).

Matxalen Ziarsolo, bere azken partidan, 2016an. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Egun, nola ikusten duzu eskubaloiaren osasuna Euskal Herrian? Eta Ermuan?

Ermuan oso ondo (barrezka). Euskal Kopako finala jokatu zuten Bera Beraren aurka. Errotabarri bezalako talde batek jokalari asko izan ditu Bera Beran jokatu dutenak: Izaskun Alvarez, ni, Esther Larreategi, Mirene Moreno, Anne Erauskin... Zaletasun handia dago Ermuan. Eta Euskal Herrian, tradizio handiko kirola da, eta une honetan erreferentziazko talde bat dauka, liga irabazteko aukera daukana eta Europan zenbait urtez jarraian jokatzen ari dena. Erreferentzialtasun hori edukitzea uste dut garrantzitsua dela kirolarentzat ere.

Honi buruzko guztia: 2013