«Beti esaten dut herri osoaren festa bat izan zela egun hura. Herriaren lorpen bat izan zen»
1980ko maiatzaren 14an, Antxon Iturriza kazetari eta mendizaleak betiko memorian gordeko duen kronika idatzi zuen 'Egin' egunkarian. «La ikurriña ondea ya en el Everest» izan zen titular nagusia. Poztasun kolektibo hura gogoratu du Iturrizak Artefaktuarekin eginiko elkarrizketa honetan.
Nola gogoratzen duzu albistea jaso zenuen eguna? Zer-nolako giroa zegoen 'Egin'-eko erredakzioan?
Etxean nengoen, bazkalostean. 'Egin'-eko erredakziotik deitu zidaten, Hernanitik. Azkar joateko esan zidaten, ordurako susmoak genituen, igotzear zeudela bagenekien eta. Korrika batean joan nintzen. Iritsi nintzenerako, jendea erabat aztoratuta zegoen erredakzioan. Festa bat ematen zuen. Pastelak eta guzti eraman zituzten.
Kronika azalean jaso behar genuen. Ardura eta erantzukizun handia zen. Urduri xamar nengoen, egia zen. Aurreko egunetik zenbait material prest nuen arren, albiste horren garrantziaz jakitun nintzen.
Beste lankide bat Martinen amaren etxera joan zen, bertatik kronika bat egiteko. 'Egin'-eko kazetaria eta beste hainbat elkartu ziren bertan; hangoa ere beste zurrunbilo bat izan zen.
Lehenengo momentu horien zurrunbiloa pasatu eta gero, jabetzen hasten zara albisteak izan zuen oihartzunaz. Beti esaten dut herri osoaren festa bat izan zela egun hura. Ez zen soilik mendizaleentzat izan, gizarte osoarentzat izan zen. Herriaren lorpen bat izan zen.
Garaiko testuingurua kontuan hartuta, berria nahiko azkar iritsi zitzaigun. Egun, albisteak momentuan bertan jasotzen ditugu, baina pentsa 1980. urtean geundela, internet gabe, eta idazmakinak erabiltzen genituela.
Everesteko gailurrera igo eta ordu gutxira jakin ahal izana salbuespen bat izan zen. Lauzpabost orduko aldea dugu. Han iluntzear zegoen. Zortea izan zen bertan Poloniako espedizio bat zegoela eta irrati-instalazio bat zutela; instalazio horren bitartez zabaldu zuten albistea. Horregatik, egun berean iritsi zitzaigun, bestela egunak edo asteak pasatuko ziren.
Komunikazio sistema 1953an Tenzing Norway eta Edmund Hillaryk erabili zuten bera zen garaian. Kronika idazten zen, xerpa bati ematen zitzaion, hiru egun oinez ematen zituen mendian behera hegazkinek lur hartzen zuten pista bateraino, pilotuak Katmandura eramaten zuen eta bertan norbait itxaroten egoten zen; idatzitakoa jaso eta postaz edo telegramaz bidaltzen zen. Hogei bat egun beranduago iristen ziren berriak.
Martin Zabaleta eta Pasang Temba xerpa oraindik kanpalekura iritsi gabeak zirela jaso genuen albistea. Gailurrera igo ziren, bai, baina jaitsieraren kezka genuen. Mendia ezagutzen dugunok badakigu zein arriskutsua izan daitekeen gau oso bat 8.700 metrotara pasatzea. Zorionez, gaua lasaia izan zuten eguraldiari dagokionez. Bizitza kolokan duzu momentu horietan.
Esan bezala, Martinen igoera Euskal Herriko txoko guztietan ospatu zen, bulego dotoreenetatik hasita, Ajuria Eneatik, tailer txikieneraino. Gizartearen geruza guztietan ospatu zen.
Kontraste handiko gaua izan zen; Euskal Herrian jende guztiak ospatzen zuen bitartean, protagonistak gorriak eta bi pasatzen ari ziren. Zorionez, bizirik atera ziren.
Herri osoaren ospakizun bat testuinguru soziopolitiko zail batean. 1980. urteaz ari gara.
Garaiko hemeroteka errepasatuz gero, ikusiko dugu hedabide guztiek «La ikurriña ya ondea en el Everest» eta antzerako titularrak idatzi zituztela.
Momentu horretan Everestera igotzea ez zen izugarrizko balentria alpinismoaren munduan. Urrun gelditzen ziren Tenzing Norway eta Edmund Hillary. Baina guretzat Everest betetzeke genuen ikasgai bat zen. Mendiko kontuetan heldutasun bat eta prestigioa izateko, Everestera igotzea egin beharreko gauza bat zen. Eta Martinen igoerak munduko herri garrantzitsuen zerrendan kokatu gintuen. Doktoretza lortzea bezalako zerbait izan zen.
Egun batez, mendia, gaztelaniaz esaten den bezala, «deporte rey» izan zen. Herri oso bat tontorrean. Denok sentitu ginen Martinekin eta Pasang Tembarekin bat eginda.
Oraingo begiradatik, kazetari eta mendizale bezala, zer sentitzen duzu zure sinadura garaiko kroniketan ikustean?
Ohore bat izan da niretzat. Hogeita hamar urte eman nituen mendiko kazetaritza kronikak idazten. Hura nire ibilbidean inflexio-puntu bat ere izan zen. Mendiko kronikak idazten dituzunean, poztasun handiak edo tristura handiak dituzu. Idatzi ditudan guztien artean, baten bat aukeratu beharko banu, kronika hura horietako bat izango litzateke.
Everesteko gailurrera igo ziren lehenak ofizialki Tenzing Norway eta Edmund Hillary izan ziren 1953ko maiatzaren 29an. Hegoaldeko paretatik igo ziren. Martin Zabaleta ere hegoaldetik igo zen. Erabilitako baliabideak kontuan hartuta, euskal espedizioa Norway-tik eta Hillary-tik gertuago al dago egungo espedizioetatik baino?
Baietz esango nuke. Gu, haiek iritsi ondoren, askoz beranduago iritsi ginen. Ordurako, herrialde garrantzitsu askok lortu zuten gailurrera iristea. Bueno, ez denek. Frantziarrak, alpinismoan goi mailakoak izan arren, gu baino beranduago iritsi ziren Everesteko gailurrera.
1980ko espedizioa ezin da ulertu Tximist espedizioa gabe. Orain, hain zuzen, 50 urte betetzen dira espedizio horretatik. 1974tik 1980ra sei urteko aldea besterik ez dago, baina bitarte horretan izugarrizko aldaketak egon ziren. Eta zer esanik ez 1980tik aurrera.
Tximist proiektua aitzindaria izan zen, eta garairako, aurreratua. Kontuan hartu behar dugu Euskal Herriak ez zuela esperientzia handirik Himalaian, eta Tximist espedizioaren garaian, soilik 26 pertsona zeudela Everestera igota.
Martinen espedizioa Tximist-en jarraipena izan zen. Jarrera ausarta zuten eta arriskuz beteriko erabakiak hartu zituzten. Gailurra bistan edukita, igotzeko hautua hartuz gero bueltan bibak egin beharko zutela zekien, berandu zelako. Hori arrisku handiko apustua izan zen, beraz, asko baloratu behar da Martinen erabakia. Hego gailurrera iritsi, tontorra ia bistan eduki, eta orain zer? Bi-hiru ordu iristeko, beste horrenbeste jaisteko, erlojua aurrera eta oxigenoa murrizten. Arriskuak une batetik bestera handitzen zihoazen… eta Martinek arrisku horiek guztiak bere egin zituen eta aurrera egitea erabaki zuen.
Nola ikusten duzu 1980tik honako bilakaera eta Everesten egungo masifikazioa?
Egun ikusten diren argazkiak penagarriak dira. Tenzing Norway-k eta Edmund Hillary-k egin zuten bide historiko hura, baita Martin Zabaletak ere, jada ez da existitzen alpinismoan. Alpinistek ez dute erabiltzen, luxuzko trekking bat bihurtu da eta.
«Ohore bat izan da niretzat. Hogeita hamar urte eman nituen mendiko kazetaritza kronikak idazten. Hura nire ibilbidean inflexio-puntu bat ere izan zen»
Mendi berdina da, baina egiten dena ez da berdina. Ez du zerikusirik gauza batek bestearekin. Eszenatokia soilik da berdina. Alpinismotik kanpo dago momentu honetan bide normala.
Maiatza hilabete seinalatua da euskal mendizaletasunean; Dhaulagiriko espedizioa 1979ko maiatzaren 12an; Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak lortu zituen 2010eko maiatzaren 17an, Iñaki Ochoa de Olza 2008ko maiatzaren 23an hil zen Annapurnan…
Bai, logikoa da, punta-puntako garaia delako. Nepaleko Himalaian bi dira txanda egokiak mendiak igotzeko; monzon aurretik, udaberrian, monzon garaian Nepalen ez da mendirik egiten, eta post-monzon garaia, urrian. Baina urrian, normalean, aukera gutxiago egoten dira.
Nola bizitu zenituen Edurne Pasabanen hamalau zortzimilakoak?
Mendizale eta Edurneren gertuko bezala, poztasunez. Ordurako ez nituen kazetaritza kronikak idazten, beraz, ez nuen lehen lerrotik bizi izan. Baina poza sentitu nuen Edurnerengatik eta Euskal Herriko arrakasta bat izan zelako.
Kronikak idazteaz gain, liburuak ere idatzi dituzu. Ipuin liburu batean xerpak robotak bihurtzen dituzu. Ezinbestekoak izanik, askotan oharkabean pasatu dira. Nola deskribatuko zenuke xerpen eginkizuna?
Haien lana guztiz funtsezkoa da. Garai batean, xerpak zerbitzariak ziren, bigarren mailako lanak egiten zituzten. Egun, kanpamentu nagusira iristean, 700 bat pertsona aurkitu ditzakezu bertan, baina 1974an, adibidez, Tximist espedizioaren garaian, haiek bakarrik zeuden Everesten handitasunean. Xerpek garraiolari lana egiten zuten, ez zuten bestelako lan teknikorik egiten.
Urte hauetan guztietan, xerpen prestakuntza asko hobetu da, bilakaera handia izan dute. Egun, mendebaldeko alpinista bat bezain indartsuak edo indartsuagoak dira. Askotan aurretik doaz bidea zabalduz. Everesten haiek prestatzen dute bide osoa, kanpamentu nagusitik tontorreraino. Gero, bezeroak joaten dira. Hori 1974an ez zen gertatzen. Mendizaleak bakarrik, laguntzarik gabe, bidea zabalduz joan behar ziren. 1980tik aurrera gero eta protagonismo handiagoa hartuz joan ziren xerpak.
Egin dizkioten elkarrizketa guztietan Martin Zabaletak nabarmentzen du arrakasta ez zela soilik berea izan baizik eta talde osoarena, lantaldea azpimarratuz.
Gailurrera igotzea eskailera bat bezalakoa da. Futbolean, nor azaltzen da titularretan? Gola sartzen duena. Baina jokalari horren atzean, atezain bat dago, defentsak daude… gol hori sartzea ahalbidetu dioten beste asko ditu atzean. Kasu honetan, Martin izan zen gola sartu zuena, baina gainontzekoak hor egon ziren. Zalantzarik gabe, berak bakarrik ezin izango zuen hori egin, baina gutxik egingo lukete berak egin zuena. Gola sartzeko puntuan jarrita, zenbat ausartuko lirateke berak egin zuena egiten?
Aurten ehun urte betetzen dira George Mallory eta Andrew Irvine Everesten desagertu zirenetik. Mende bat geroago, misterioak bere horretan jarraitzen du.
Ehun urte pasatuta, denok dugu espedizio hori gogoan, inflexio puntu bat markatu zuen. Zergatik? Pentsa dezagun igotzea lortu zutela. Orain imajinatu ezazu zer-nolako baldintzetan eta ekipoarekin igo ziren. Gainera, bidea bilatu behar zuten. Egun, bidea eginda dago, badakigu zein harri utzi behar den ezkerretara...
«Mendiko kontuetan heldutasun bat eta prestigioa izateko, Everestera igotzea egin beharreko gauza bat zen. Martinen igoerak munduko herri garrantzitsuen zerrendan kokatu gintuen»
Baina 1924an bidea jorratzeko zegoen erabat, inork ez zekien zehatz-mehatz nondik joan behar zen. Dena abentura hutsa zen. Eta zer-nolako ekipoarekin zihoazen! Beroki xume batekin, Donostian euria egiten duenean erabiltzen dugun horietako batekin. Oxigeno botila horiek izugarrizko pisua zuten, hildako bat bezainbeste pisatzen zuten. Meritu izugarria izan zuten.
Gaurko gazteei Martin Zabaletari buruz hitz egin beharko bazenie, zer esango zenieke? Nola deskribatuko zenuke egin zuena?
Euskal Herriko kirolaren historian mugarri bat da. Euskal Herriko mendiko historia laburbiltzen duten hiru tomo idatzi ditut. Gure alpinismoak ordura arte irudi bat zuen.
Imajinatu Gernikako Arbola; enborra. Punta-puntako alpinistak zeuden, baina denak multzo bat ziren. 1980tik aurrera arbolaren goiko partea da, adarrak zabaldu egiten dira eta orduan etapa oso desberdin bat hasten da.
Hor bukatu zen urrezko belaunaldi baten bidea. Pirinioetan hasi ziren, gero Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara, eta han lekukoa utzi zuten, baita testigantza ere. Ikurrin horrek esanahi hori du, testigantza bat da. Ordutik aurrera gauzak oso desberdinak izango ziren, espedizioen antolakuntza, ekipoak, eguraldiaren pronostikoa, baimenak eskatzeko tramiteak…
Sondikako aireportura iritsi zirenean, lehendakaria eta ez dakit zenbat agintari zeuden zain, mendizale baten zain! Mendizale bat iristen zenean, ez zen inor enteratzen. Orain Athletic omentzeko gabarra atera dute, baina 1980an autobus batean Bilbo erditik pasatu ziren, jende guztia txaloka zutelarik. Ez dakit zenbat omenaldi egin zizkieten. Euskal Herriko txoko guztietan omenaldiak, afariak… antolatu ziren. Horrelakorik ez da berriro gertatu. Alpinista oso onak egon dira, baina inoiz ez dute horrelako oihartzunik izan.