1977/2024 , Maiatzak 29

Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Manu Garcia
Alaveseko jokalari ohia

«Lehen Mailako igoera lortu osteko asteetan burbuila batean bezala zaude, ez duzu sekula bukatzerik nahi»

Manu Garciak (1986, Gasteiz) «kanpotik» ikusi du futbola urte honetan zehar, udaran eskaintzarik iristen ez zela ikusita. Mirandesen egin zuen azken urtea, 2021ean Alaves utzi eta Zipren bi urte jokatu ostean. Talde babazorroaren ikur izan da, Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igarota, eskutik helduta, eta klub eta futbolariaren hazkuntza elkarrekin emanda.

Manu Garcia, Gasteizen, El Prado parkean.
Manu Garcia, Gasteizen, El Prado parkean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaurko egun batez, duela zortzi urte, Alavesek loria ukitu zuen, Bigarren Maila atzean utzi eta Lehen Mailara igota. Noski, ez da izan babazorroen igoera bakarra, ezta azkena ere. Lehen Mailan ari dira gasteiztarrak, baina 2016ko igoera hartatik iritsi zen Alavesek inoiz baino denboraldi gehiago gorengo mailan igarotzeko aukera, sei urtez jarraian, alegia. Helburu horietan ikur Manu Garcia izan zen –Alaveseko kamisetarekin partida gehien jokatu duen bigarren jokalaria da, 308–. Lokatzetan aritu zen Alavesera iritsi aurretik, eta bere etxeko taldea ere lokatzetatik atera zuen. Bide batez, berarentzat estreinakoa izan zen futbol profesionalean, ordura arte Bigarren B mailan aritu baitzen, han eta hemen, beti Euskal Herritik gertu.

Zubieta utzi zuen eta begi bazterrarekin ikusten zituen Realeko harrobian bere taldekide izandakoak Txapeldunen Ligara sailkatzen. Bera, ordea, behe-mailatan borrokan, futbolean bere lekua egiten. «Berriro errepikatuko nuke ibilbidea», onartzen du, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan. 2016ko Numantziaren aurkako partida hura, golegile izan zena, gogoratzeko aitzakiarekin, futbolari moduan zoriontsu izan dela gogorarazteko ere balio izan du solasaldiak.

Denetarik bizi izan zenuen Alavesekin, Bigarren B Mailatik Lehen Mailara. Nola gogoratzen duzu?

Nire ibilbidea Alavesen oso polita izan da. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Bigarren B mailan nolabaiteko esperientzia nuela iritsi nintzen, 25-26 urterekin. Eta klubarekin batera hazten jarraitu nuen. Oroitzapen politak ditut, sufrimendu askoko urteak ere izan ziren, baina beti bukaera politekin, udara gogobeteta iristen ginela, lan onaren sariarekin. Eta orain ere antzerako sentitzen naiz. Nire ibilbidea errepasatzen dut eta oroitzapen oso onak ditut, momentu txar eta gogorrekin, baina hauek ere lagungarri izan direnak. Bakean sentitzen naiz egin genuenarekin eta klubaren hazkuntzan aletxoa jartzeagatik, bai eta Alaves barrutik disfrutatzearekin ere.

Duela zortzi urte hasiera eman zitzaion Alavesek Lehen Mailan egin duen bolada luzeenari. Nola gogoratzen duzu igoera berretsi zenuten partida hura?

Euria eta hotza egiten zuen, urteko garai hartarako. Hiru egunetik behin partidak jokatzetik gentozen.  Ponferradinan jokatu genuen, gero astean zehar Lasesarren Bilbao Athleticen aurka, eta azkenik, Numantziaren kontra Mendizorrotzan. Bagenekien irabaziz gero gure jendearen aurrean lortuko genuela igoera. Dena alde genuen egun handi bat egiteko. Ardura ere bageneukan, tentsioa. Oso kontzentratuta geunden helburuarekin eta jokatzeko moduarekin. Eta aurreko orduetan saiatu ginen emozioak kudeatzen partidan zehar, urtean zehar eginiko lanarekin jarraitzeko. Zortez, partida segituan bideratu genuen sartu nuen golarekin. Segituan iritsi zen Raul Garciaren gola ere. Oso partida lehiakorra izan zen, baina, era berean, eroso sentitu ginen, lehen zatirako abantaila lortu genuelako. Horrek disfrutatzeko aukera eman zigun. Oso ongi gogoratzen dut, baita partida aurreko orduak ere. Partida bukatzean Mendizorrotzan piztu zen festa ere oso gogoan daukat, oroitzapen oso polita da, zoriontsu izan ginen.

Aste horietan burbuila batean bezala egoten zara, ez duzu sekula bukatzerik nahi. Taldeak, multzoak, jarraitzea nahi duzu. Bazkariak, afariak, harrera instituzionala, Mendizorrotzako festa… Arrakasta daukazun egunak dira eta futbolean arrakastak oso gutxi irauten du, beraz, ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen zara.

Manu Garcia eta Jagoba Beobide, igoeraren ospakizunean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Ardura ere aipatu duzu. 2012an egin zenuen debuta Alavesekin, 25-26 urte zenituela. Baina segituan bilakatu zinen taldeko ikur, gasteiztarra izateak ere eragina izango zuen horretan.

Iritsi nintzenean, bi urte lehenago jabe berriak sartu ziren klubean eta presioa zegoen taldean, bere lekua ez zelako Bigarren B Maila. Nolanahi ere, hasieratik iruditu zitzaidan oso multzo polita zegoela, ilusio handikoa. Askok elkar ezagutzen genuen, talde ezberdinetan kointziditu genuelako, eta Nacho zegoen aulkian, berak ere etxea ezagutzen zuen. Hasieratik ondo ibili ginen, jarraian bost partida irabazita, eta denboraldi osoan zehar sailkapenaren goialdean aritu ginen, igotzeko presio hori gure gain hartuta. Eta orduaN, nire papera esan dezakegu itzaleko liderrarena zela. Gazteagoa nintzen, ni baino eskarmentu gehiago zuen jendea zegoen. Oso urte polita izan zen, asko disfrutatu nuen. Eta gainera, lehen aldiz jokatu nuen Mendizorrotzan etxeko jokalari modura, oso berezia izan zen.

Ondoren, agerian geratu zen nolako zaila den Bigarren Maila.

Bai, denboraldi eder batetik justu alderantzizkora pasatu ginen. Ilusio handia geneukan hasteko, partida onak egiteko. Baina ezin irabazita ibili ginen. Nachoren kanporatzea niretzat ere oso gogorra izan zen. Harreman oso estua geneukan, Bigarren Mailara igotzeko lortu genuen eta aldaketa handia izan zen. Urte gorabeheratsua izan zen. Mandia iritsi zen eta bolada on bat kateatu genuen, jaitsiera postuetatik atera ginen, baina berriro ere dinamika eskas batean sartu ginen eta azkenean Albertok hartu zuen taldearen kargua. Sekulako meritua izan zuen. Azken 11 jardunaldiak zuzendu zituen, Jaengo mirariraino. Niretzat futbolari moduan bizi izan dudan unerik garrantzitsuetakoa da, nahiz eta gerora agian beste une polit batzuk bizi izan ditudan eta jendeak gehiago gogoratuko dituen. Niretzat Jaengo partida hura jokatu genuen multzo hura oso berezia da, eta oraindik ere kontaktu gehien talde hartako jokalariekin mantentzen dut.

«Jaengo partida deskribaezina izan zen, bizitzan bizi izan dudan unerik izugarriena. Horrek eragin du harreman estua izatea orduko talde hura osatzen genuenon artean»

Aurreko urtean Jaenen aurka igoera berretsi eta urtebete beranduago bertara itzuli zineten, maila mantentzeko helburuarekin. Nolabaiteko areriotasuna zegoen, ezta?

Bai, gainera, orduko kirol zuzendari Javier Zubillagak ere Jaenen aurka lortu zuen igoera 1995ean, eta 2013an bigarren aldiz lortu genuen Bigarren Mailarako igoera beraien aurka. Ondoren, beraiek beste kanporaketa bat jokatu zuten eta igoera lortu zuten. Bigarren Mailan ibilbide antzerakoa egin genuen. Gogoratzen dut Mendizorrotzan beraiek irabazi zutela, behe lainoa zegoen, partida arraroa izan zen (0-1). Eta dena bideratu zen Jaenen, azken jardunaldian, dena erabakigarria izatera. Azken hamar jardunaldiak bereziki gogorrak gogoratzen ditut, batez ere mentalki. Mendizorrotzan jokaturiko Mallorcaren aurkako partida, Deportivoren kontra… Exijentzia handia genuen, irabaztera derrigortuta geunden. Ezinegon handia genuen. Astean zehar entrenatzen genuenean lasai geunden, baina partida eguna iristen zen eta ardura guztiak azaleratzen ziren. Jaengo partida deskribaezina izan zen, bizitzan bizi izan dudan unerik izugarriena. Horrek eragin du harreman estua izatea orduko talde hura osatzen genuenon artean, urtero gogoratzen dugu partida hori. 

Alaveseko jokalariak, Bigarren Mailarako igoera ospatzen; eskuinetik bigarrena, Manu Garcia, Alaveseko bufandarekin. (Raul BOGAJO/FOKU)

Zure ibilbidea futbol profesionalean egin zenezakeela sinestera eraman zintuen denboraldi hark? Ordura arte Bigarren B mailan jokatu zenuen soilik.

Ni profesional modura futbolaz disfrutatzen ari nintzen. Nahiz eta Bigarren Mailan ez egon, Bigarren B Mailako talde onenetan egon nintzen. Real Unionekin igoera lortu genuen, igoerako play-offak jokatu nituen Sanse eta Eibarrekin, eta Logroñesekin ere gertu ibili nintzen. Bai, anbizioa daukazu Bigarren Mailan jokatzeko, eta azkenean, Alavesekin batera lortu nuen. Inoiz ez dakizu non dagoen zure maila. Kasik zortzi urte eman nituen Zubietan, Realeko harrobian, eta orduko taldekide batzuk Realean zeuden, Txapeldunen Ligara sailkatzen. Nik beste modura batera aurkitu dut nire lekua, ibilbide luzea izan da, hazten jarraitzea ahalbidetu didana. Ez da erraza, e. Niretzat, pertsonalki, Alavesek zeukan garrantzia eta zituen baloreak eta berarekin batera kirol hazkuntza bat sentitzea berezia izan da. Biontzat harreman perfektua izan dela esango nuke.

Esan duzu Bigarren Mailan mantentzeko partida garrantzitsuagoa izan zela Lehen Mailako igoerakoa baino.

Berriro Bigarren B Mailara jaistea gogorra izango zen, urrats bat atzera egitea suposatuko luke eta, segur aski, denbora gehiago beharko luke Alaves berriro ere Lehen Mailan ikusteko. Bestalde, Alaves bezalako talde batentzat Lehen Mailara igotzea handia izan zen, are gehiago ikusita ze egoeratik zetorren taldea: hartzekodunen konkurtsotik, Bigarren B mailatik… Lehen Mailara igotzeak arazo askotatik salbatzen zaitu, beste dimentsio batean kokatzen zaitu. Segur aski, Bigarren Mailako salbazio hura gabe ez zen gertatuko bestea, eta ez dakit zein den garrantzitsuagoa, agian antzerakoak dira, baina nik oroitzapen gehiago ditut Jaengo partida hartakoak.

«Asko gustatu zitzaidan Bordalasek nola aldatu zuen taldearen mentalitatea»

Bigarren Mailako bigarren denboraldia egonkorragoa izan zen, eta hirugarrenean, 2015-2016 denboraldian, hartzekodunen konkurtsotik atera zen urtean, Lehen Mailara igo zineten, Jose Bordalasen eskutik.

Bai, nahiz eta orduan atera zen hartzekodunen konkurtsotik, lehenagotik ere egonkortasun ekonomikoa zegoen klubean, futbolarientzat ez zegoen inolako arazorik. Bordalas iritsi zen eta aldaketa handia izan zen. Albertotik Bordalesera pasa ginen, eta gainera, aurreko urtean, Alcorconen zebilela, lehia oso gogorrak izan genituen beraien aurka, partidetan liskar batzuekin. Rafari, esaterako, garezurrean haustura eragin zioten. Tentsio handiko demak izan ziren, eta Bordalas entrenatzaile izango zela jakitea ezustekoa izan zen. Gainera, berak ongi ezagutzen zituen jokalari batzuk ekarri zituen Alcorconetik, hilabete batzuk lehenago liskarrean egon zirenak. Baina taldera iristean oso ongi konpondu ginen eta uste dut entrenatzaileak meritu handia izan zuela. Taldearen mentalitatea aldatu zuen. Bigarren Mailan garrantzitsuak izan behar genuela bagenekien, baina akaso ez genuen gehiegi sinesten urrats bat gehiago egin eta Lehen Mailara igo ahal ginela. Hasieratik bolada on bat hartu genuen eta neguko merkatuan sailkapenaren goialdean kokatu ginen. Ordutik, berak sinetsarazi zigun posible zela, multzoak gidatzeko berak daukan modu propio horrekin. Asko gustatu zitzaidan taldearen mentalitatea nola aldatu zuen.

Alaveseko jokalariak, igoera ospatzen, Mendizorrotzan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Hala ere, Bordalasek ez zuen jarraitu Lehen Mailan. Alavesek gorengo mailan inoiz igaro duen denbora luzeena hasi zen orduan, sei denboraldi jarraian Lehen Mailan lehiatzen.

Bai, Mauricio Pellegrino iritsi zen eta taldea eraberritu zen. Bordalasek talde oso beteranoa izan zuen eta ondoren, alderantziz izan zen, jende gazte asko etorri zen. Horietako gehienak utzita eta Lehen Mailan esperientzia gutxirekin: Llorente, Camarasa, Theo Hernandez, Kiko Femenia –hau fitxatuta baina esperientzia gutxi–, Manu Garcia, Dani Torres… Talde zabala geneukan eta ondo ulertu ginen entrenatzailearekin. Eduki dudan entrenatzailerik onenetako da Mauricio. Gaitasun handia zuen taldea eramateko, futbola irakurtzeko, identifikatzeko une oro nola jokatu… Asko ikasi nuen berarekin eta oso urte ona izan zen. Kopako finalera iritsi ginen eta ligan ere ongi bukatu genuen, Europako postuetatik oso gertu.

Hain zuen ere, bost urteren buruan, Bigarren B mailatik Kopako final batera igaro zen Alaves.

Bai, aldaketa oso handia izan zen eta segur aski aurreikuspen asko ere gainditu zituen.

Ondorengo urteetan gehiago sufritu zenuten, bost urtean hamar aldiz aldatu zuen klubak entrenatzailea. Nola kudeatzen du horrelako egoera bat kapitain batek?

Oso gaizki. Jokalariok harreman estua egiten dugu entrenatzailearekin, egunerokotasunean lanean, helburu berarengatik borrokan… Familia moduko bat sortzen da eta, emaitzarik ez denean iristen, arduradun sentitzen zara. Ardura elkarbanatua da, baina norbait kaleratzen dutenean, pertsonalki eragina daukala ikusten duzu, ze zure jokatzeko moduarengatik bere etorkizun profesionala baldintzatzen duzula ohartzen zara. Aste gogorrak izaten dira.

2021ean utzi zenuen Alaves eta hurrengo urtean galdu zuen maila. Nola bizi izan zenuen?

Kanpotik bizi izan nuen. Ziprera joan nintzen eta pertsonalki, oso ongi etorri zitzaidan, distantzia hartzeko. Urte intentsoak izan ziren Gasteizen eta klubarekiko distantzia hartu behar nuen. Sufritu egin nuen, hala ere, urte oso gogorra izan zen. Entrenatzaile aldaketa asko izan zituen eta burdin harian eman zuen urte osoan. Pena eman zidan, bertan jarraitzen zuten lagun handiengatik, sufritzen ikusten nituelako.

Bost urtez jokatu zenuen Lehen Mailan, baina bukaera aldera protagonismoa galtzen joan zinen.

Tira, lehen lau urteetan dezente jokatu nuen. Azken urtean jokatu nuen gutxien. Ebakuntza bat egin zidaten oinean eta gero kosta egin zitzaidan taldean sartzea. Abelardo iritsi zenean berriro hasi nintzen gehiago jokatzen, eta azken txanpan, berriro gutxiago. Hala eta guztiz ere, partida garrantzitsu batzuk jokatu nuen, Elxen aurka, esaterako. Asko zegoen jokoan, egunero hobea izaten saiatzen nintzen eta anbizioz bizi izan nuen azken urte hura, balorean jartzen nuen non nengoen.

Palco23 atariaren solasaldi batean aipatu zenuen esaldi bat ekarri dut: «Lider on bat da taldearen konfiantza bereganatzen dakien bat, lidergoa elkarbanatzen duena, eredu dena eta gainontzekoak konbentzitzeko gaitasuna daukana». Honen arabera, lider on bat izan zara?

Beti diot ez naizela izan kapitain indibidual bat. Beti inguratu naiz jendearekin, taldea hauspotzen laguntzen zutenekin. Gure artean elkar laguntzen genuen kluba definitzeko garaian, taldekide berriak iristen zirenean gure filosofia helarazten saiatzeko, kolektiboari garrantzia emateko indibidualaren gainetik… Formula horrek eraman gintuen arrakastara eta ez nintzen ni soilik mezu hura helarazten zuena. Talde teknikoarekin ere harreman ona geneukan eta, alde horretatik, lortu zen helburua. Urterik zailena pandemia garaikoa izan zen. 

«Pandemia garaiko geldialdi hura oso partikularra izan zen. Kluben egoera ekonomikoa, ligaren interesak, jokalarienak… Oso zaila zen denek bat egitea»

Zaleen hutsunea ere nabariko zenuten.

Bai, eta geldialdi hura oso partikularra izan zen. Kluben egoera ekonomikoa, ligaren interesak, jokalarienak… Oso zaila zen denek bat egitea, eta denontzat egoera berria zen. Ahal bezain ondoen kudeatu zen guztia eta, azkenean, salbatu ginen. Barne kudeaketari dagokionez, erronka handiena izan zen. Eta kapitainaren figura hori, ez naiz asko aldatu kapitain izan edo ez. Kapitain nintzela, kanpora begira neukan ardura gehiago, mezuak helarazteko garaian, prentsaurrekoak ematean, aurpegia ematean egoera jakin batzuetan. Barrura begira, ez nintzen ni soilik, taldekide onak nituen, multzo ona, eta lan egiteko modu berean sinesten genuen.

Kirol arloan, egonkortasunaz gain, zaleen aldetik ere sekulako hazkuntza eta egonkortasuna nabari da. Mendizorrotzako harmailan sortzen den giroa sekulakoa da.

Bai, ikaragarria da. Iritsi nintzenean, niretzat berezia zen bertan jokatzea, bertaratzen zen jendearen inplikazioak harritzen ninduen, gurekin zeukaten gertutasunak… Ikusten ditut argazkiak eta orain ohartzen naiz lau katu ginela. Oraingoa ikusgarria da. Bete egiten da estadioa, Iraultza 1921 zaleen taldearen indarra handia da, eta garrantzitsuena da momentu zailenetan ere hor egon direla, gertu eta futbolaria ondo tratatzen. Futbolaria Gasteizen ongi hartzen da, lana errekonozitzen da eta errespetu handia dago. Momentu zailenetan ere beraien hauspoa sentitu dugu eta hori lagungarria da oso, kritika baino gehiago.

Bukatzeko, bi galdera zehatz. Gehien gogoratzen duzun gola? Real Madrilen aurkako hura oso gogoangarria izan zen, adibidez.

Mundu guztiak gogoratzen du Madrilen aurkakoa, atzo ere lagun batekin hori komentatzen egon ginen. Niretzat, gol berezienak Bigarren Mailakoak dira. Lasesarren Bilbao Athleticen aurka sartutakoa eta egun gutxi barru, Numantziaren aurkakoa, Mendizorrotzan. Era berean, Lehen Mailan debuta egin nuen partidako gola ere gogoan daukat, Calderonen izan zen. Madrilen aurkako golak oihartzun handia izan zuen, Madrilen aurka izan zelako, azken minutuan, 87 urte beranduago garaipena eskuratu genuen beraien aurka… Baina niretzat hiru puntu soil izan ziren, beste golek balore gehiago izan zuten.

«Gehien gustatzen zaizkidan argazkiak igoera egunean nire gurasoekin atera nituenak dira»

Argazkilaritzarekiko zaletasun handia daukazu. Zein da ondoen gordetzen edo gogoratzen duzun argazkia?

Gehien gustatzen zaizkidanak igoera egunean nire gurasoekin atera nituenak dira, harmailan. Eta orain gutxi arte, mugikorreko pantailan igoerako golaren argazkia neukan. Baditut beste batzuk gordeak, Lehen Mailako debutekoak, Kopako finalekoa zale guztiekin… Oso une bereziak dira eta zaila egiten zait batekin geratzea. Begiratzen ditudanean oroitzapen oso onak etortzen zaizkit eta gogoratzen dut zoriontsu izan naizela, asko disfrutatu dudala. Futbolak asko eman dit. Gaztetan asko exijitu dit, baina ordainsari handia ekarri dit. Beraz, ez nuke atzera egingo eta ibilbidea, pausoz pauso, errepikatuko nuke.

 

Honi buruzko guztia: 2016