1977/2024 , Ekainak 4

Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Huntzak bere agurraren arrazoiak azaldu ditu ZAZPIKAN

Gaurko egunez, 2023ko ekainaren 4an, 7K aldizkariak Josune Arakistain, Aitor Huizi, Uxue Amonarriz, Peru Altube eta Aitzol eta Inhar Eskisabel Huntza taldeko kideak elkarrizketatu zituen NAIZ Irratiko estudioetan, aurtengo otsailean egin zuten 'Azkena balitz bezala' kontzertuarekin agur esan eta «mugagabeko etenaldia» hartuko zutela iragarri ondoren. Hamar urte eman ditu taldeak martxan; bidean, hiru disko, maxi-single bat, bederatzi bideoklip, eta herriaren memoria kolektiboan geratuko diren abesti biziak.

Huntza taldeak bere agurra iragarri zuen 2023an.
Huntza taldeak bere agurra iragarri zuen 2023an. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hemeretzi urte zituztela jarri zuten martxan Huntza. Bilboko Zazpi Kaleetan egiten ziren poteo musikatuetatik oholtzara pasa ziren musikariak, eta handik goia jotzera oso denbora gutxian pasatu zen taldea. «Planifikatutako gauza bakarra erromeria bezala kontzertu batzuk ematea eta diskoa grabatzea zen», aitortu zioten Iker Gurrutxaga kazetariari, momentuak guztiak une egokian eta toki egokian harrapatu zituela gaineratuz.

Azkenean, erromeria formatuan emanaldi oso gutxi izan ziren, oso azkar iritsi baitziren gailurrera. 'Harro gaude' izan zen ezagutu genuen lehen abestia, eta ondoren etorri zen 'Aldapan gora'. Auskalo zenbat bider entzun dugun abestia denok. Jarraian, 'Ertzetatik' eta 'Xilema' diskoak. Orduan, taldetik bizitzea posible zela pentsatzera iritsi zirela aitortu zuten 7K-ko elkarrizketan, «baina epe luzera begira ezingo zela ikusita eta dagoen ziurgabetasuna kontuan izanda», sekula ez dute mahai gainean jarri aukera hori.

Huntzaren kontzertua 2023an Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Halako talde batekin arrakasta lortzen denean, inguruan sortzen den guztiak neke psikologikoa ere ekartzen duela adierazi zuten elkarrizketan: «Instrumentalizazio bat-edo ikusi dugu, eta produktuak bagina bezala erabilita sentitu gara».

2021. urtearen bukaeran kaleratu zuten 'Ezin ezer espero' diskoa. Garai zailak bizi izan ziren koronabirusaren urteetan, baina pandemiak «deskantsua hartzeko aukera eman zigun. Bakoitza gure bizitzan zein tokitan gauden eta nola bizi nahi dugun ikustean hartu dugu erabakia». «Gu aldatu gara eta ez Huntza, eta horrek du eragina», aipatu zuten, erritmoari eusteko prest ez zeudela onartuz.

«Egia da batzuek indar gehiago zutela jarraitzeko besteek baino; baina inork ezin du bestea behartu honetan jarraitzera eta, penaz bada ere, horrela onartu beharra dago», azpimarratu zuten. Baina erabakiarekin «bakea eta immunitatea» ere sentitzen dituztela kontatu zuten 7K-n, eta aldapan gora hasitako bide hura lasai-lasai bukatu zuten.

Honi buruzko guztia: 2023