Iragana, orainaldiaren ispilua
Lakuak eta AEKk 1994ko ekainaren 6an euskaltegien normalizaziorako sinatutako akordioaren 30. urteurrenaren harira, koordinakundeak Artefaktuari gutun hau igorri dio, zeinak helduen euskalduntzearen gaur egungo egoera aztertzen duen.
Ispiluan errealitatearen isla dakusagu. Ispilura begiratu eta argitasun handiagoz antzematen ditugu denboraren joanak utzitako arrastoak. Ispiluaren gainaldean argi egokia jarriz gero, eguneroko orbanik txiki eta ikusiezinena ere agerian geratzen da. Horregatik, zenbaitetan, ispiluak estali egiten dira; beldurra, ezinikusia eta beste arrazoi batzuk tarteko, ez dugu ikusi nahi hark erakusteko duena. Begi itsuak, negarrik ez.
Guri halabeharrez dagokigu atzera so egitea, baldin eta etorkizuna eraiki nahi badugu; eta orduan jabetzen gara hainbat kontu ez direla asko aldatu, iraganekoak orainean errepikatzen ari direla. Zoritxarrez, garai bateko auziek bizirik jarraitzen dute. Egiari zor, baina, dena ez da irakurketa pesimista. Eta ez du hala izan behar, gainerakoan, ez geundeke hemen. Ez ginateke garena izango. Eta ez geundeke etorkizunerako zubiak eraikitzeko gertu.
AEKren sorrera gorabeheratsua atzean utzi genuen; urte luzeak igaro dira garai haietatik hona. 1994. urteko ekainaren 6an, lehen hitzarmena sinatu genuen HABErekin. Orduko komunikabideek «Un paso en la dirección correcta» jaso zuten. Eta bai, hala izan zen, ezin hori ukatu. Iragan hartan, AEKk ez zuen lortzen erakundeetatik ez ofizialtasunik, ez dirurik; euskalduntzea eta alfabetatzea ez ziren lehentasunezko gaiak.
Iragan hartan, erdi klandestinitatean ibili behar izaten genuen: militantzia eta boluntarismoa eguneroko ogi ziren. Alta, neurri batean, egoera hori iraultzeko balio izan zuen HABErekin harremanetan aritzeak. Ezin aipatu gabe utzi Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko instituzio nagusiekiko harremanak. Batzuekin motz, beste batzuekin hanka-motz, eta gainerakoekin zer esan?
Orain, orainaldia da, eta beste era batera bizi dugu guztia, baina gauza batzuek berdin jarraitzen dute. Inork ezin dezake uka gu eragile estrategikoak garela euskararen normalizaziorako bidean. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ezinbestekoa da, baldin eta euskara biziberrituko bada. Eta hori lorgarria izan dadin, helduen euskalduntzean gabiltzanok gara, Hezkuntzarekin eta transmisioarekin batera, iturri nagusiak. Horiek guztiak behar-beharrezkoak ditugu; hiruretako batek kale eginez gero, herren eta hala-moduz iritsiko gara euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzera. Horrenbestez, zergatik ez digute aitortza hori egiten? Edo, beste era batera esanda, zergatik ez digute aitortza horren mailako laguntzarik ematen? Baliabide ekonomikoez ari naiz, bai.
Guk bertako hizkuntza ezagutzea eskubideen eremuan kokatzen dugu; hortaz, gure aburuz, botere publikoek bermatu behar dute eskubide hori, herritarrari ezagutza doan ziurtatuta eta horretan lanean ari garenok %100 finantzatuta. Gainerakoan, nekez euskaldunduko dugu Euskal Herria... Eta jarraitu beharko dugu Korrika antolatzen, besteak beste, Korrikak jasotzen duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioaren aldeko geure lana aurrera eraman ahal izateko baliatzen dugulako AEKn.
Hala ere, baikorrak izan behar dugu. Ikusi behar dugu bagarela nor eta, garai bateko gure aldarrikapenak egun ere berberak izanagatik, gure ortzi-mugarantz pausoak ematen ari garela eta horrela jarraituko dugula. Tinko eta irmo, inoiz ere etsi gabe, beti aurrera begira, eguneroko lorpen txikiek eraikitzen baitute etorkizuna. Izan ere, zenbait kontutan iragana orainaldiaren irudia izan arren, gure esku dago geroaldiko ispiluaren isla.