1977/2024 , Ekainak 16

Adur Ramirez de Alda, auzipetutako Altsasuko gaztea

Loriazko hamabost minutu espetxean

'Altsasu auzia'n auzipetu zuten gazteetako bat da Adur Ramirez de Alda, eta espetxean zen 2018ko ekainaren 16an gazteekiko elkartasunak Iruñeko manifestazio erraldoian eztanda egin zuenean. Mobilizazio haren berri izan zueneko momentua oroitu du Artefaktuarekin.

Altsasuko zortzi gazte auzipetuen irudiak pankarta batean, 2018ko San Ferminetan haien alde eginiko mobilizazioan.
Altsasuko zortzi gazte auzipetuen irudiak pankarta batean, 2018ko San Ferminetan haien alde eginiko mobilizazioan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Espetxealdiko ia lehenengo egunetik izan zen niretzat nolabaiteko adikzioa gure kasuaren inguruko edozein berri irenstea, hala da oraindik ere. Berdin zuen guri buruz sekulakoak eta bi esaten ari ziren tertulia espainoleko sasi-kazetariak entzutea, edota elkartasun eta maitasun keinuez betetako mobilizazio baten kronika irakurtzea. Edozein berri iltzatzen zen nigan, eta isuri zen tinta ibaietako azken hitzera arte irakurri dudala uste dut.

Pentsatu nuen paketeetan sartzen zizkidaten aldizkari, egunkari edota bestelako orrialdeak gutxinaka biltzen joan eta ordenatzea, baina, egia esan, espetxean gero eta pisu gutxiago eraman, askoz hobe. Ez zen bideragarria modulu batetik bestera hainbeste paper kilorekin lagunduta joatea. Ziur nengoen, gainera, aita, ohi bezala, kontu handiz gordetzen eta sailkatzen ibiliko zela informazio hori guztia. Ezagutzen duenak badaki zertaz ari naizen!

Iruñean izan zen manifestazio historikoaz, ordea, ez nintzen ohiko kanalen bidez jabetu. Egunean bertan bai, Aranjuezeko espetxean nengoela, La Sextako arratsaldeko berrietan azkar-azkar eman zuten. Minutu batzuk eta listo. Minutu oso biziak izan zirela gogoan dut, ohetik salto egin, zuzen-zuzen telebistari begira jarri eta ozenki hitz egiten hasi nintzen. Egia da han zaudenean Euskal Herriko horrelako berri bat ikusteak indar ikaragarria ematen duela, oso gutxitan izaten baitziren halakoak.

Hortik egun batzuetara, modulutik ingeles klasera ateratzeko aukera izan nuenean, pertsona bat etorri zitzaidan (ez dut datu gehiago emango) eta eskolako gela batera sartzeko esan zidan. Ni harrituta nengoen, baina zerbait berezia gertatzen ari zela ikusten nuenez, jarraitu egin nuen. Bertan ordenagailu bat zegoen, eta USB bat sartu zuenean, Iruñeko manifako 15 minutuko bideoa zela ikusi nuen. «Vendré dentro de 15 minutos, estate tranquilo», esan zidan eta gelatxo batean geratu nintzen bideoa lasai ikusten. Gogoan dut ia-ia play eman nion momentutik emozio eztanda izan nuela, eta bukaerara arte negarrari ezin eutsi egon nintzen. Harridura, harrotasuna, poza, ezinegona… Baina imajinatu ezin nuen intentsitate batean. Ezin da hitzekin deskribatu sentsazioa.

Bideoa bukatu eta minutu gutxira, gelara eraman ninduen pertsona etorri zen, eta gertutasun keinu batekin, oso ondo gogoratzen ez dudan zerbait esan zidan, nik begiak malkoz blai nituela oraindik. Inoiz ez dut momentu hura ahaztuko.

Honi buruzko guztia: 2018