«Bagenekien akordioarekin lehen harri bat jarri behar genuela tresna politiko berri bati begira»
2010eko ekainaren 20an sinatu zuten Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak 'Lortu arte' akordioa. Ezkerreko suberanismoaren konfluentzia aro berri bati eman zion bide. NAIZ Irratira gerturatu dira itun hura sinatu zutenak Artefaktuaren ekimenaren harira.
«Bagenekien akordioarekin lehen harri bat jarri behar genuela tresna politiko berri bati begira»
Atzean duzuen argazkiari begiratuta, zer datorkizue burura?
Pello Urizar: Nire kasuan, burua asko zuritu zaidala ordutik (barreak) eta esperantzarekin ematen genuen pausoa zela. Denborak erakutsi digu ondo hartutako erabaki bat eta ondo emandako pauso bat izan zela.
Rufi Etxeberria: Garai berria zetorrela bagenekien, garai berri batean sartuta ginen. 2010eko ekainean izan zen argazki hori, ezker abertzaleak bere eztabaida historikoa egina zuen, ondorioek ia marrazten zuten egoera politiko berri bat. Aurrez aztertua genuen hori, bai EAk eta baita ezker abertzaleak ere, bagenekien akordio horrekin lehen harri bat jarri behar genuela ezkerreko subiranista eta independentistek behar zuten tresna politiko eta eratzaile berri bati begira. Garai berriak behar zuen tresna berriari begira. Hori eraikitzeko prozesu bat behar zen, eta prozesu horretan EAk eta ezker abertzaleak lehen harria jarri zuten.
Euskalduna Jauregian sinatu zuten ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak 'Lortu arte' izeneko akordioa, ondoren Alternatibarekin eta azkenik Aralarrekin batera egungo EH Bildu gorpuzteko lehen alea izan zen, aro berri baten ardatzak marraztuko zituen urratsa ere bai. Pello Urizar zen orduan Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkaria, legez kanporatzearen eraginez ez baitzuen kargu publiko ofizialik.
Bide zaila izango zen ordura artekoa…
P.U.: Ez zen erraza izan, baina gakoa beti borondatean dago. Euskal Herrian egoera ere hala-nolakoa zen, desberdintasun nabarmenak ziren, deskonfiantzan oinarritutakoak batzuetan, eta lehen lana konfiantza esparruak lantzea izan zen. Hor ondo jokatu genuela uste dut. Batzuek eta besteek mahai gainean baldintza edo ezinbesteko batzuk jarri genituen, bi aldeetatik horiek onartzeko prestasuna azaldu genuen. Edozein hurbilketatan gertatzen den bezala, momentu gogorragoak ere izan ziren. Halakoak diskrezioz egin beharrekoak izaten dira, eta gero etxera itzultzen zarenean agertzen dira etxe barruko beste arazo batzuk; baina uste dut jakin genuela unean uneko arazoak kudeatzen, eta hau argazki bat da, ondo hartutako erabaki baten argazki bat.
«Argi geneukan ezin ginela egon Estatuaren mende, guk markatu behar genuela iniziatiba, eta hor baziren ezinbestean landu beharreko esparruak. Lehena, aliantzena» (Etxeberria)
R.E.: Aurrekari bat izan zuen 'Lortu arte'-k: 2009ko hauteskundeen aurretik [Gasteizko Legebiltzarreko martxoaren 1ekoak] ezker abertzaleak eta EAk egin zuten ahalegin bat hauteskundeetara elkarrekin joateko. Ez zen posible izan, ziur aski garai hartan oraindik ez zen aski baldintza beteko hauteskunde horien aurretik urrats horretarako, baina EA eta ezker abertzalearen barnean bazegoen nolabaiteko oinarri bat; zeinak adierazten baitzuen ezkerreko subiranismoak, ezkerreko independentismoak, behar zuela aliantza bat, behar zuela politikagintzan urrats bat egin eta eremua zabaldu.
2009an ezker abertzaleak bere eztabaida historikoari ['Zutik Euskal Herria'] ekin zionean, argi ikusi genuen egoera berri bat bazetorrela. Ez genuen zalantzarik, ziklo politiko bat itxi eta berri bat ireki behar genuen, eta galdera zen «zer behar dugu?», eta bestetik, esaten genuen «mugitu beharra daukagu»; gu eztabaida historiko bati ekitera gindoazen momentuan Estatuak atxiloketekin erantzun bazigun, horrek esan nahi zuena zen bide hori oso konplikatua izango zela.
Argi geneukan ezin ginela egon Estatuaren mende, guk markatu behar genuela iniziatiba, eta hor baziren ezinbestean landu beharreko esparruak. Lehena, aliantzena. Norekin? Ba jada zerbait bideratzen hasiak ginen haiekin, eta EArengana berehalakoan jo genuen. Ezker abertzaleak argi zuen garai berrirako tresna berri bat behar zuela, baina aldi berean bagenekien legezkotasuna ere irabazi behar genuela, gatazkaren ondorioak konpondu behar genituela, nazioartean inplikazioa behar genuela… Horretarako, lehenik eta behin Euskal Herrian oinarri berri batzuk jartzen joan behar ginen, eta hori ezin zuen egin ezker abertzaleak bakarrik.
Garai hartan ezker abertzalean Eusko Alkartasuna egon ahal izateak zekarren irudia ez zen oso ona izango, urte luzez EAJrekin pare-parean ikusi izan zenutelako. Erresistentziarik ez zen izan zuenean?
R.E.: Errealitatea zen bi kultura ezberdinetatik gentozela, hori agerikoa zen, baina guk gure baitan bageneukan gogoeta bat: eraikiko den garai politiko berri honetan kultura ezberdinen arteko konbergentzia bat behar dugu aurrekontu politiko komun batzuen barnean. «Ez ditugu gurera ideologikoki ekarriko, baina badago ala ez dago oinarri amankomunik ezkerreko independentista eta subiranisten artean?», genion, eta gure erantzuna zen, barnera begira, «bai, eta goazen espazio ezberdin horiek lantzera». Guk EArekin egin genuena izan zen argiki mahai gainean jarri zein zen gure asmoa. EAk, noski, berme batzuk eskatzen zituen, guk ere EAri eskatzen genizkion beste berme batzuk, eta hor egon zen nolabaiteko eztabaida bat, esan dezagun negoziazio bat edo, lanketa bat, bederen.
«Gasteizen eta Iruñean unionistak zeuden gobernuan. Egoera ez normalizatu baten aurrean gertatzen zen, gainera, ezker abertzalea ilegalizatuta zegoelako. Egoera bere horretan mantentzeko estrategia argi zegoen Estatuaren aldetik. Aldatu beharra zegoen» (Urizar)
P.U.: Guk ere ikusten genuen garai berri bat behar genuela, zegoen egoera ez zen batere ona, oso txarra zen. Ni buru nintzen zuzendaritza 2009ko uztailean hautatua izan zen, eta udazkenean ikusi genuen ezker abertzalearen zuzendaritza atxilotu zutela ['Bateragune auzia']. Guk barne eztabaida egina geneukan, aldaketa behar zela eta aldaketa horren barnean mugimendua behar genuela. Atxiloketa horrek adierazi zigun bazegoela, bazetorrela zerbait, eta Estatuak ikusi egiten zuela eta hori oztopatu nahi zuela. Beraz, zentzu horretan mugimendua beharrezkoa zela ikusi genuen, eta lehendabiziko bilera izan genuenean jarri genituen mahai gainean gutxienekoak; eta gutxieneko horiek behin onarturik, aurrerapausoak ematea izan zen.
Ezin dugu ahaztu bai Gasteizen bai Iruñean unionistak zeudela gobernuan. Egoera ez normalizatu baten aurrean gertatzen zen, gainera, ezker abertzalea ilegalizatuta zegoelako. Egoera bere horretan mantentzeko estrategia argi zegoen Estatuaren aldetik. Aldatu beharra zegoen eta aldatu behar horrek bultzatu gintuen pausoak eman eta borondatea mahai gainean jartzera.
Bide berri bat zen EArentzat ere, gobernu ezberdinetan egonda, alderdiaren ibilbidean aldaketa garrantzitsua zen…
P.U.: Aurreko etapan Ibarretxeren apustuarekin [Ibarretxe Plana] bat egiten genuen. Ibarretxek berak sinesten zuen bide bat, nire ustez, baina bere zuzendaritzak ez zuen babesten eta hiltzen utzi zuen. Uste genuen ez zegoela borondaterik. Kudeaketa garrantzitsua da, gobernuetan egon egin behar zara kudeatzeko, gizartearen arazoak konpontzeko, baina gure herria beste egoera batean dago, eta kudeaketaz gain beste apustu politiko batzuk egin behar dira. Ikusi genuen EAJk ez zuela borondaterik, Ibarretxe alboratu zenean esan genuen «bukatu da, hor ez dago ibilbiderik eta beste ate batzuk jotzen hasi behar gara, beste batzuekin hizketan hasi behar dugu, buelta eman behar zaiolako egoera honi».
Ezker abertzalearekin gerturatzen hastean jaso zenituzten mehatxuak?
P.U.: Jaso genituen bai, deskonfiantza sortzeko asmoz. Faltsukeriatan zegoela ezker abertzalea eta ez zegoela borondaterik ezer aldatzeko… puntu desberdinetatik iritsi zitzaizkigun halakoak. Bueno, guk ez geneukan zertan sinetsi, eta hasierako bileran jarritako minimoak beteko zirela ikusirik, konfiantza izan behar duzu mahai gainean dagoenarekin, konpromiso politikoak hartzen direnean konfiantzan oinarrituak izan behar dira. Gerora ikusi dugu faltsukerian besteak ari zirela, ezker abertzalea faltsukerian zebilela esaten zutenak. Ikusi da egindako apustua erreala zela.
Bermeez hitz egin du Etxeberriak, gutxienekoez Urizarrek; zein ziren batzuen eta besteen akordiorako baldintzak?
R.E.: Bi berme nagusi planteatzen zituen alde batak eta besteak. EAk planteatzen zuen berme nagusia zen bide politiko eta demokratikoen araberako ildo eta estrategia politikoa garatzea ezker abertzalearen aldetik. Ezker abertzaleak lehen egunetik erantzun zion: «Begira, ezker abertzalea orain eztabaida betean dago, emaitza ez dakigu zein izango den, baina ezker abertzalearen barnean ikusten dugun giroak aurreikuspen batera garamatza; eszenatoki politiko berri batera goazela eta bitarteko politiko eta demokratikoen baitako ibilbide berri bati ekingo diola ezker abertzaleak».
«Altsasuko adierazpenak eztabaidaren irismenaren neurria ematen zuen; Euskal Herrira begira, eta nazioartera» (Etxeberria)
Horretan nolabaiteko lasaitasun bat eskaintzen genion EAri, eta gainera, esaten genion, «gu eztabaida hori egiten ari gara, baina eztabaida hori hasi eta segituan ikusi duzue Altsasun zer egin dugun». Altsasuko Adierazpena [2009ko azaroa] bi norabidetakoa zen: bata Euskal Herrira begira, euskal gizartearentzat zen mezua, noski, baina bazen eraiki behar genuen aliantza berri horri begirakoa ere. Bagenekien ezin ginela egon faseka gauzak egiten, eztabaida egin, ikusi zer testuinguru irekitzen zen… Ez. Guk bagenekien eztabaida egiten zen bitartean oinarriak jarriz joan behar ginela, Estatuari maniobratzeko gaitasuna murrizteko.
Altsasuko Adierazpenak eztabaidaren irismenaren neurria ematen zuen; Euskal Herrira begira, eta nazioartera. EAri hori planteatzen genion, «zuek eskatzen dituzuen berme horiek eztabaidan daude, baina Altsasuko Adierazpenak bidea markatzen du, Mitchell printzipioak [molde demokratikoak] onartzen ditugu; bai ala bai, egoera berri batean sartuko gara».
Eta guk zer eskatzen genuen? «Guk akordio estrategiko bat nahi dugu zuekin, eta hori garatu nahi dugu beste batzuekin, gu ez gatoz urrats taktikoetara, subjektu politiko eta eratzaile elektoral berri bat eraikitzera joango gara. Guk ez dugu lehentasuna hauteskunde emaitzetan jarriko, eta izango badu ere, autonomismotik Euskal Estatura egin behar dugun ibilbide horretan jarri behar dugu indarra, eta horretarako eraiki behar dugu, diseinatu behar dugu, estrategia berri bat. Guk nahi duguna da estrategia horren araberako garapen politikoa ematea sortuko dugun subjektu politiko berri horren baitan.
Noiz ikusi zenuten EAn konfiantza hori egiteko moduan zeundetela?
P.U.: Lehen bileran jarri genituen bakoitzak bere gutxienekoak, erantzuna argia izan zen, baina gero izan ziren arazo batzuk eta gertakari batzuk bidean [besteak beste, bi guardia zibil hil zituen ETAk 2009ko uztailean, eta frantziar polizia bat 2010eko martxoan]. Baina Altsasuko Adierazpenak oinarri sendo bat jartzen zuen, publikoki guri esan zigutena adierazpenean agertzen zelako. Urrats batzuk eginak genituen ordurako, baina etortzen ziren mehatxu batzuk esanez ezker abertzaleak ez zuela gaitasunik biraketa emateko horren denbora gutxian; denbora aipatzen zuten, dena hurrengo udal eta foru hauteskundeen ikuspegian kokatzen zutelako batzuek. Hauteskundeak hor zeuden, eta emaitza oso onak izan ziren, baina emandako pausoak oinarri politikoa zuten, ondoren euren eratorri elektorala izan zutenak; baina pausoak akordio politikoak izan ziren.
… eta hemen gaude.
R.E.: Garai hartan egin genuen irakurketa zen bageneukala espazio zabal bat independentistek osatzen zutena, eta espazio horrek ez zuela garaiak eskatzen zuen neurriko subjektu bat. Elkarrekin planteatu genuena izan zen «hemen eraiki behar dugu garai berriak eskatzen duen tresna bat, eta horretarako herri hau eraman behar dugu beste eszenatoki batera». Ez da ikuspegi motzeko bidea izango, luzekoa baizik, eta autonomismotik Euskal Estatura joatea da bidea. Gaur egun, estatuek eskaintzen dizkiguten bitartekoez baliatuko gara, autonomismoak daukan autogobernu maila hori baliatuko dugu, baina autonomismoa bere barnean ematen duenarekin geratzeko edo asetzeko izan beharrean, erabili dezagun Euskal Estaturako oinarri berriak ezartzeko.
Lehen harria izan zen hura, gero Alternatibarekin osatu genuen, Aralarrekin beranduago. Gainera, alderdiez gain independenteen figura indartu genuen. 14 urte hauetan oso ondo egin den bide bat dela uste dut, orduan ez genuen fronte zabalaz hitz egiten, baina filosofia hori zen, hori ari da betetzen, baina bide asko dago egiteko oraindik.
P.U.: Alderdien protagonismotik harago joaten ere jakin genuen, gaur egun EH Bildun batez ere independente deitu genituen haiek dute pisu nagusia, eta horrela izan behar da, proiektu berri bat sortu dugulako eta euskal gizarteak proiektu berri horrekin bat egiten duelako.
Ni harro nago eta harrotasunez esaten dut orduan irakurketa egokia egiten jakin izan genuela, adostasunak lortzen, konfiantza jorratuz. Espero dezagun beste horrenbeste urtean ere ibilbide berarekin jarraitzea, beste batzuk etorriko dira eta egoera gaur egun dagoena baino hobea izango da, zalantzarik ez dut.