1977/2024 , Ekainak 25

Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Jose Antonio Sistiagak eta Michael Jacksonek azken hatsa eman dute

Ekainaren 25a dolu eguna izan da kulturaren alorrean hainbat urtetan. 2023an Jose Antonio Sistiagaren heriotzak kolpatu zuen euskal kulturgintza, eta hamalau urte lehenago, Michael Jacksonek esan zigun agur.

Jose Antonio Sistiaga, 'Suite érotique' erakusketan, 2007an, Donostiako Koldo Mitxelenan.
Jose Antonio Sistiaga, 'Suite érotique' erakusketan, 2007an, Donostiako Koldo Mitxelenan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

2023ko ekainaren 25ean eman zuen azken hatsa Jose Antonio Sistiaga Mossok (Donostia, 1932), 91 urte zituela. Albiste honekin eman zuen NAIZek berria. Herriarekiko konpromiso gisa ulertzen zuten artea garaiko artistek. Egunkari honekin ere garbi erakutsi zuen 'Egin'-en itxiera zela-eta GARAren aurka ezarritako espoliazioari aurre egiteko ARTEAGARA kanpainarekin bat eginez, beste hainbat artistarekin batera. Horrela nabarmendu zuen GARA egunkariko zuzendari Iñaki Sotok haren heriotzaren berri izan zenean.

Margolaria eta zinemagile esperimentala zen, bere garaian euskal artegintzaren abangoardia bildu zuen Gaur taldeko kide izan zen. «Pentsatzen duten eta pentsatzen ez duten pertsonak daude mundu honetan. Gu pentsatzen genuen artista talde bat ginen», adierazi zuen Gaur taldeaz, Remigio Mendiburu ardatz hartuta Donostian egin zen udako ikastaroan. 



Margo egindako zinema. Aitzindaria izan zen Sistiaga. Zeluloidea estudioko mahai luzean zabaldu eta eskuz margotzen zuen. Modu honetan ondu zuen 'Ere erera baleibu izik subua aruaren'. Filmak aldeko sutsuak izan zituen, adituen artean bereziki, baina zinema aretoetatik ikusleak uxatu ere egiten zituen. 2016an honela gogoratu zuen estreinaldia GARAn egindako elkarrizketan.

Donostiako Zinemaldian izan zen. Publikoaren zati bat atera egin omen zen, eta bertan geratu ziren batzuk ere kexati geratu omen ziren. «Nire ondoan zegoen emakume batek, esate baterako, 'nik gauza batzuk esango nizkioke Sistiaga horri', esan zuen, eta Sistiaga hori ni nintzela erantzun behar izan nion», kontatu zuen margolariak.



Bederatzi urterekin bizitakoa betiko iltzatuta geratuko zitzaion. «Ikastetxean ikasitako denak baino gehiago hezi ninduen gertaera izan zen», artistaren esanetan. Ikaskide batek klase erdian gelatik alde egin zuen eta ez zen ikastetxera gehiago itzuli. Irakasle batek jo egin zuen klasean zeuden bitartean mahaian zeozer gordetzeagatik. «Hau ez da inor hezteko bidea, are gutxiago bigarren eskola egunean», ohartarazi zion ikasleak irakasleari. Gertaera hura izan zen hainbat proiekturen hazia.

Amable Arias –Gipuzkoako Artisten elkarteko lehendakaria garai hartan– eta Esther Ferrerrekin batera arte-irakaskuntza berritzea izan zuen helburu Sistiagak. 'Ostegunetako akademia' haurrentzako adierazpen libreko lantegiak ireki zituen Esther Ferrerrekin 1968ra arte, Arnold Stern –Parisen ezagutu zuen– eta Celestin Freinet (1896-1966) frantziar pedagogoaren teorian inspiratuta, haurren arteko lankidetzan oinarrituta. Elorrion eskola pilotuan parte hartu zuten.



Poparen Erregea



Michael Jacksonen bizitzan ezer ez zen izan ohikoa. Ezta heriotza ere. 2009ko ekainaren 25ean hil zen Poparen Erregea, propofol eta benzodiazepina intoxikazio larriak eraginda. 50 urte zituen. Los Angeles konderriko instrukzio-epaileak bere heriotza hilketa izan zela ondorioztatu zuen. Bere mediku pertsonala, Conrad Murray, nahigabeko hilketagatik kondenatu zuten 2011n, eta bi urteko espetxe-zigorra bete zuen.

Uztailaren 7an egin zuten hileta. 17.000 lagun bildu ziren Staples Center Los Angeles Lakerseko tenpluan. Komunikabide ofizialen arabera, ekitaldiak 2.500 milioi ikusle baino gehiago izan zituen mundu osoan. Marka guztiak hautsi zituen. Historiako telebista-emanaldirik ikusiena bilakatu zen, 1969ko uztailean Apolo 11ko Misio Espazialaren transmisioaren audientzia-maila gaindituz. Hileta ikuskizun bihurtuta. 14 kilateko urrez bustitako brontzezko hilkutxa Poparen Erregearentzat. Irailaren 3an lurperatu zuten.



Jacksonen heriotzak erreakzio uholdea eragin zuen mundu osoan, Interneten aurrekaririk gabeko trafikoa sortu zuen. Bere musikaren eta Jackson 5 taldearen salmentak handitu ziren. Bost urte besterik ez zituen anaiekin batera talde ospetsuan lehen pausoak eman zituenean dantzan eta abesten, denak aho bete hortz utziz. Distiraren atzean, haurtzaro apurtua. Esplotazioa.


Taldea deseginda, bakarlari moduan ibilbide arrakastatsuaren jabe egin zen. 'Thriller' (1982) diskoa izan da historiako salduena munduan (70 milioi aletik gora), 13 Grammy Sari eskuratuta eta 13 «number-one single» lortuz AEBetan, besteak beste. 'Billie Jean', 'Beat it', 'I Just Can't Stop Loving You', 'Bad' eta 'Black or White' bezalako abestiak utzi ditu ondare. Entzun bakarrik ez, ikusi ere egin genituen abestiok zinemara gerturatzen ziren bideoetan.

Aipatzekoa da Rafa Sardinak Jacksonen ondoan egindako lana. «Lan egiteko makina bat zen, estudioan une oro dibertitu nahi zuen perfekzionista bat. Estudiotik kanpo oso gizon eskuzabala, jatorra eta barregarria zen. Kritiken eta munduaren aurka babesteko zuen modua asko nabaritzen zitzaion», esan izan du. Berarentzat bakarrik lan egitea ere eskaini zion Jacksonek, baina bermeotar ekoizleak ezezkoa eman zion bere ibilbidea artista bakarrera mugatu nahi ez zuelako.

Azal zuria obsesio. Osasun arazoak ondorio. Polemikaz inguratuta bizi izan zen. Arazoak eduki zituen Justiziarekin, eta 2005ean epaitu egin zuten adingabeko batzuek salatutako sexu gehiegikeriak zirela-eta. 2003ko ekainaren 25eko gaua ez dute berehalakoan ahaztuko San Mameseko zelaian egon ziren 35.000 jarraitzaileek.

Rolling Stonesek 1998tik Bilborekin zuen 'zorra', laringitisagatik azken orduan bertan behera geratu baitzen kontzertua. «Azkenean hemen gaude», esan zuen euskaraz Mick Jaggerek. Licks World Tour birari ekin zion modu ikusgarrian Bilbon.

Honi buruzko guztia: 2023