1977/2024 , Ekainak 28

Josu Waliño

.EUS: hamar urte euskal gizarte digitala eraikitzen

Hamar urte igaro dira .EUS domeinuaren lehen 92 webgune aitzindariek sarean argia ikusi zutenetik. Iritzi artikulu honetan Josu Waliño .EUS-en zuzendariak urratutako bidea eta bete beharreko erronkak ditu aztergai.

Josu Waliño, ezkerrean, .EUS-en hamargarren urteurrenaren harira egindako agerraldian.
Josu Waliño, ezkerrean, .EUS-en hamargarren urteurrenaren harira egindako agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hamar urte bete dira lehen aldiz .EUS domeinua sareratu zenetik. Mugarria izan zen une hori euskal nortasun digitalaren garapenean, eta aurten urteurren hori ospatzen dugu. Baina 2014. urtean izan genituen domeinuari lotutako une garrantzitsu gehiago ere, izan ere, duela 10 urte ekainaren 28an argitaratu ziren sarean .EUS domeinuaren lehen 92 webgune aitzindariak. Euskal nortasun digital berriaren ikusgarritasun publikoan lehen urrats nabarmena eman zuten webguneak izan ziren hauek.

Aitzindari horien artean euskal gizartearen ikur diren enpresa, erakunde eta proiektu sozial eta kulturalak zeuden, besteak beste, naiz.eus bezalako hedabideak. Hauen atzetik etorri ziren beste milaka domeinu, gaur egun .EUSen ekosistema sozial eta kulturala osatzen duten 15.000 webguneen komunitatea eratu arte.

Atzera begiratuek beti ematen dute horrelako bertigo sentsazioa, hamar urte ez direlako alferrik pasa. Esango nuke .EUS domeinuaren ibilbidea erronka bat bestearen atzetik gaindituz gauzatu dela, eta horrek izaera bat markatu du: atzera begira baino, aurrera begira egon den proiektua izan da beti .EUS.

Lehen erronkak urte batzuk lehenago ezarri ziren, ordea, 2007an proiektua abiatu zenean: .EUS domeinua errealitate bihurtzeko lehen urratsak egin ziren orduan. Euskal komunitate digitala bilduko zuen domeinua eskuratzeko, Internet kudeatzen duen erakundearen (ICANN) aurrean proiektua aurkezteko behar ziren betekizunak lortu ziren, komunitatea bildu zen, fundazioa eratu zen… Lan eskerga egin zen, gizartearen konplizitatea lortu zen eta lehen erronka gainditu zen 2013an ICANNek .EUS domeinuaren onarpena aitortu zuenean.

Erronka berriak

Hurrengo erronkak jarraian iritsi ziren, 2014an domeinuaren aktibazioko lehen urratsak egin genituenean. Beste behin, euskal komunitate digitalaren konplizitatea ezinbestekoa izan zen, 92 aitzindari sarean ikusgai eginez lehenik, eta handik gutxira, 2014ko abenduaren 3an, milaka domeinuren aktibazioarekin.

Baina edozein proiektutan bezala, bidearen hasiera baino ez zen izan hori. Komunitatea eraiki ondoren etorri diren erronkak ez dira txikiagoak izan. Urtez urte joan gara .EUS eraiki eta etorkizunera bideratzen, gaur egun euskarak ingurune digitalean duen presentziaren indarra bermatzeko helburuarekin.

Helburua ez, abiapuntua

Izan ere, .EUS domeinua ez da helburua, abiapuntua baizik. Euskal gizarte digital hobe bat garatzeko dugun tresna nagusia da .EUS, eta horrek erronka nagusi bat ezartzen digu: gizarte digital euskalduna, segurua eta anitza eraikitzea. Horregatik, azken urteotan PUNTUEUS Fundazioak ildo hauek garatzea izan du oinarri, eta horretan ari gara.

Euskararen estrategia digitala garatzea dugu jomuga, eta euskarak ingurune digitalean gauzatu beharreko bidearen marko teorikoa lantzearekin batera, ekimen praktikoak bideratu ditugu. Ildo horretan, PUNTUEUS Behatokia ezinbesteko proiektua da .EUS domeinuaren eta euskararen neurria ingurune digitalean ezagutu eta euskarak behar dituen sustapen estrategiak ezartzeko. Honi esker jakin genuen Googlek euskara baztertzen zuela bilaketetan, eta egoera bideratzeko gai izan ginen. Baina gure gizartea ingurune digitalean euskaraz bizitzeko beste hainbat tresna eta zerbitzu ere jarri ditugu abian, hala nola Ni.eus posta zerbitzu euskalduna edo Labur.eus esteka laburtzailea. Hala ere, ezin dugu ahaztu euskal ingurune digitalean tresnak eta zerbitzuak bezain garrantzitsuak direla erabiltzaileak. Horretarako sustatzen ditugu Lehen Hitza euskaraz bezalako proiektuak, euskal erabiltzaileak kontzientziatu eta sarean ere lehen hitza euskaraz eman dezaten lagunduz.

Gure gizarte digitala anitza eta euskalduna izatea dugu helburu, euskal nortasun digitala sarean garatuz. Kaixo Mundua proiektuaren bidez, euskal gazteak sortzaile digital euskaldun izatera bultzatu ditugu, urtero 1.500 gazte webguneak euskaraz sortzera bideratuz. .EUS komunitatea askotarikoa da, eta horren adierazgarri da gure domeinua erabiltzen duten eragileen aniztasuna: enpresak dira gehiengo nagusia, baina baditugu kultura, kirol, hezkuntza, hedabide eta gainerako sektoreetako eragileak ere. Guztion artean osatzen dugu .EUS, eta etorkizunean ere aniztasun hori sustatzea da gure erronka.

Baina gaur egungo gizarte digitalean esan daiteke segurtasuna dela erronka nagusia, baita euskal komunitate digitalarentzat ere. Hamar urte hauetan arlo hau aintzat izan dugu, .EUS domeinuaren kalitatea indartuz, segurtasuna abiapuntu hartuta. Horregatik, zibersegurtasuneko estrategia integral bat garatu dugu, gaur egun .EUS munduko domeinurik seguruenetariko bat bilakatuz. Hiru zutabetan garatutako zibersegurtasun estrategia du .EUSek:

●    Prebentzioa: erasoak gertatu aurretik hauek ekiditeko iruzur kasuen blokeo zerbitzuak aktibatu ditugu, erabiltzaileak trebatuz eta doako segurtasun tresnak eskainiz (SSL ziurtagiria eta webguneak aztertzeko tresna, besteak beste).

●    Zaintza da bigarren arloa, eta ildo horretan egunero aztertzen ditugu .EUS diren webgune guztiak erasoak zainduz. Detektatutako kasuen artean phishing, malware edo spam bezalakoak egon daitezke, baina baita adin txikikoen aurkako edukiekin lotutako kasuak ere. Arazoren bat detektatuz gero, gure zerbitzu teknikoa jartzen dugu lanean, konponbidean laguntzeko.

●    Mitigazioa. PUNTUEUS Fundazioaren zerbitzu teknikoak .EUS domeinuaren erabiltzaileei gertutasuneko laguntza teknikoa ematen die segurtasun arazoen berri emanez eta konponketan lagunduz.

Erronkaz betetako hamar urte pasa dira, baina aurrera begira jarraitzen dugu, erronka berriei aurre eginez. Azken finean, .EUSek euskaldunon nortasun digitala adierazten du, gure komunitatea ikusgarri egiten du sarean, eta horretarako gu guztiok euskaldun eta seguru sentitzeko ingurune digitala eraikitzea da gure eguneroko lana eta gogoa. Baina, orain, ospatzera goaz, hamar urte bete digulako eta puntu… EUS!

Honi buruzko guztia: 2014