«Batzuetan kosta egiten da behar bezala neurtzea kirolari historikoek egiten dituzten ekarpenak. Kirolaren zein generoaren ikuspegitik, protagonista batzuek ez dute behar bezalako aitortza jaso. Bereziarturi gertatu zaio hori. Landutako bideetan historia ez du behin bakarrik idatzi, bostetan baizik». Hitz hauek erabili zituen Andoni Arabaolazak 7Kn Bereziarturi joan den azaroaren 19an egin zion elkarrizketaren sarreran. Gaur, ekainaren 28an, gogora ekarri nahi dugu elkarrizketa hura; halako egun batez, 2000. urtean, 8c+ bidearen balentria egin baitzuen.
Gizonezkoen aldetik jasotako inbidiak, gaizki esanak… eta, era berean, inguruan zituen mutilen artean ekinaren ekinaz irabazitako errespetuaz ari da hainbat pasartetan.
Lorpenetan entrenamenduek duten garrantzia —«oso gogor entrenatzea giltza izan da»— eta korrontearen kontra jardutearen pisua ere hizpide ditu. «Ez dut zalantzarik korrontearen kontra ibili naizela esatean. Ni oso lotsatia naiz. Nahiz eta arrakastek egundoko protagonismoa eman zidaten, beti saiatu naiz itzalean egoten. Zaratarik atera gabe. Neure lanean kontzentratzen nintzen. Eta onartu behar dizut gustuko nuela ezberdina izatea. Horrekin esan nahi dut gainditzeke zeuden murruak hausten saiatzen nintzela. Bide hori ezin dela kateatu? Bada, burugogor jarri eta topera ekiten nion erronkari», aitortu zuen.
Arabaolaza eta Bereziartu bat datoz. Gurean oihartzun handiagoa izan dute zortzimilakoetan jardun duten espezialistek. «Epikak indar handia du. Jendeak balentria horiei garrantzia ematen die. Kazetaritzaren ikuspuntu batetik, izenburu soil batekin kirol hori argi azal daiteke. Eta kirol nagusiei itzal pixka bat egiteko, bada, zortzimilakoen mundu hori aipatzea ondo etorri da (...) Kirol eskalada zer den azaldu behar zen, eta uste dut ez zela egin. Neurri batean, hori guztia ulertzen dut. (...) Bestalde, badakit egun nazioartean nire ibilbideari garrantzi handia ematen zaiola eta erreferentzia bat bilakatu naizela. Eta hori oso ondo dago. Nolabait esateko, horrekin lasai geratzen naiz. Baina hemen, gure herrian, ezberdina izan da», adierazi zuen.