1977/2024 , Ekainak 29

Mikel Arrastia, hil baino lau egun lehenago. Errenteriako plazan dantzan San Juan Gauean, ohikoa zuen moduan.
Mikel Arrastia, hil baino lau egun lehenago. Errenteriako plazan dantzan San Juan Gauean, ohikoa zuen moduan. (FAMILIAREN ARTXIBOA)
Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Mikel Arrastia: inork torturatu baino, nahiago du hila

Mikel Arrastiak bizia galdu du Errenterian. Guardia Zibilak atzetik zituen. Bizilagunaren etxeko leihoa ireki eta hutsera egin du jauzi. Hiltzea nahiago du indar armatuek harrapatu dezaten baino.

1988ko ekainaren 29a da. Indar armatuen torturak gure herrian duen itzal luzearen isla den gertakizun lazgarria, beste bat, gertatuko da Errenterian. Goizaldeko 1.30 pasea da. Bi Land Rover, bederatzi Nissan Patrol eta beste hainbat ezkutuko autok 300 metroko gunea inguratuta daukate. 2.00 jo aurretik guardia zibilak Gure Etxeako 37. zenbakira sartu dira, bigarren pisura. Bertan dute bizitokia Mikel Arrastiaren gurasoek. Pistolak eskuan, armak atea ireki dutenengana bideratuz sartu dira.

Aurreko pisuan, zaratak Mikel Arrastia eta Inma Iturria emaztea esnatu ditu. Barruko patiora salto egin du Arrastiak. Ondoren 38. zenbakiko lehen pisuko etxe batera sartzea lortu du kristala hautsita. Zauria du. Eskutik odola dario. Hirugarren pisurantz egingo du. Bizilagunak sartzen utzi dio. Guardia zibilak atzetik ditu. Odol arrastoa zelatari. Guardia Zibilak atea jo du. Arrastiak leihoa ireki eta hutsera jauzi egin du. «Gora Euskadi askatuta» oihua entzun da airean. Donostiako Ospitalean sartu eta ordu erdira hil da.

«Guardia zibilen batek esan zuen Mikelek ez zuela kargu sendorik. Orduan zergatik izan ziren gauez, zergatik hainbeste polizia? Balkoira irten ginenean, inurritegi bat zirudien. Ondoren, Polizia Nazionala egon zen gau osoan, hiletaren unea iritsi arte; une batzuetan probokatzen», adierazi dio NAIZi Inma Iturriak, Mikel Arrastiaren emazteak, zorigaiztoko gau hura gogoan.

«Mikel Arrastiak nahiago izan zuen hiltzea Poliziak harrapa zezan baino», irakur daiteke 'Egin' egunkariaren hurrengo eguneko azalean. Irribarrea aurpegian duela ikus daiteke Arrastia argazkian. Ondoko irudian, bere gorpua daraman furgoia Poliziak bahitua daraman unea ageri da.

Donostiako Polloeko hilerrian aurreikusitako kontzentrazioa eragotzi eta gorpua Errenteriako Zentolengora eraman dute hamar motor eta lau furgonetaz osatutako eskoltarekin. Herritarrak errepidean zain daude, baina autobidetik daramate gorpua. Zentolengo hilerrian 50 pertsona inguruk elkartzea lortu dute, polizia despliegearen gainetik. Txalo artean hartu dute.

Ordu batzuk beranduago, Euskal Herriko kaleek hainbat manifestazio hartu dituzte. Istiluak sortu dira tartean. «Mikel hil digute», dio bere jaioterrian pankartak.

Mikel Arrastia Donostiako maratoian, bere lehena. 1979ko urriaren 14a zen. (FAMILIAREN ARTXIBOA)

Hurrengo egunean milaka pertsona batu dira Errenteriako Zumardian Arrastiari azken agurra ematera. Dantzaria eta txalapartaria zen, euskalgintzaren alorrean herrian egindako lana nabarmendu dute. Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzunen greba orokorrera deitu da egunean zehar.

20 urte joan dira. 2008ko ekainaren 29 da. Joseba Iturria 'Egin' eta GARAko langileak bere omenaldi pertsonala eskaini dio egunkariko orrietan koinatuari. Oso gertutik ezagutu du. Bere eskuzabaltasuna nabarmendu du. «Zure bizitza eskainiz lagun baten askatasunaren truke». Arrastiak bere bizia eman du laguna salatu baino lehen.

Hildako bat eta elkarrizketa

1979ko ekainaren 29a da. Herri berean Poliziak zapalduta hil da Teodora Sanchez Ofresorio. 78 urte zituen. Manifestazio bat eragoztera aurkako norabidean zihoan autoak harrapatu du zebra-bidean.

2006ko ekainaren 29a da. Jose Luis Rodriguez Zapaterok berretsi du, adierazpen instituzional batean, bere exekutiboak ETArekin elkarrizketa hasiko duela. Adierazpen historikotzat jo du GARAk bere editorialean: «Lehen aldia da Espainiako Gobernuak euskal herritarrek beren etorkizunari buruz hartzen duten erabakia errespetatzeko konpromiso publikoa eta ofiziala hartzen duena, eta, gainera, aldarrikatzen du akordio politikoa alderdien eta euskal administrazioen esku dagoela, haiek erabakitzen duten metodoaren bidez, eta gero esparru instituzional desberdinetara eramango dela», nabarmendu du.

Hiru hilabete dira ETAk tregoa deklaratu duenetik. 2005-2007 artean garatutako eta hausturan amaitu zen Espainiako Gobernuaren eta erakunde armatuaren arteko negoziazio prozesuaren une esanguratsuenetako bat izan zen Zapateroren adierazpena.

Irujoren bosgarren txapela

Zortzi urte beranduago, kirol alorreko albisteak hartu ditu egunkariaren azalak: Juan Martinez de Irujok bosgarren txapela (eta azkena) jantzi du Retegi Biren aurka Buruz Buruko Txapelketan gailendu ondoren. Euskal Herrian pilotak eman duen figura handienetakoa da iberoarra.

Kardiopatia batek erretiroa hartzera behartua. 2016ko uztailaren 13an egin zuen publiko. Zuriz jantzi ez dela badira zortzi urte, eta zaleen mirespena eta esker ona jasotzen jarraitzen du gaur egun frontoietan.

Honi buruzko guztia: 1988