1977/2024 , Uztailak 1

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Juan Carlos I.a errege espainolak Jon Idigoras diputatua hartu zuenekoa

Jon Idigoras buruzagi abertzaleak Herri Batasunaren «bake nahia» adierazi zion orduko errege espainolari duela 31 urte haren jauregian. Urtebete geroago, egun berean, Jasser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko presidentea Gazako Zerrendara iritsi zen, sorterritik kanpo urte asko eman ondoren.

Jon Idigoras 2002an
Jon Idigoras 2002an (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Duela 31 urte, gaurko egunez, ezohiko gertaera batek erakarri zuen Estatu espainoleko hedabideen arreta masiboa. Jon Idigoras buruzagi abertzalea gorbata jantzita agertu zen Madrilen. Egia esateko, ez zen hori motibo nagusia izan, baina guztiek nabarmendu zuten hogei urte pasa lehenagotik ez zuela lepoko jantzi hori erabiltzen, ezkondu zenetik, hain zuzen. 1993ko uztailaren 1ean jantzi zuen Zarzuelako Jauregian Juan Carlos I. errege espainolarekin biltzeko.  

Hurrengo egunean horrela eman zuen 'Egin' egunkariak bileraren berri bere lehen orrialdean: «HBk bere bake nahia adierazi dio erregeari». Idigorasek egunkari hari esan zionez, hamar minutuko bilera hartako elkarrizketak «errespetuzko bilakaera» izan zuen, eta errege espainiarrak konpromiso «pertsonala» hartu zuen ordezkatzen zituen instituzioetara HBren mezua helarazteko.

Egun bereko editorialean euskal hedabideak zioen beharbada elkartze hura lau urte lehenago egin zitekeela, «hautetsi abertzaleek Estatuaren aparatuetatik elkarrizketaren aurkako atentatu bat jasan izan ez balute». 1989ko azaroaren 20an Madrilgo Alcala hotelean ezker abertzaleko hautetsien aurka GALek egin zuen atentatuaz ari zen. Egun hartan, Gorte Nagusietako bi ganberetako Herri Batasuneko zazpi hautetsiak afaltzen ari zirela, bi kaputxadun bertara sartu eta tiro egin zuten haien kontra. Josu Muguruza hil zen eta Iñaki Esnaola larri zauritu zen erasoan. Besteak beste, Idigoras zegoen bertan.

«Egin»-en lehen orrialdea. (NAIZ)

Errege espainolaren eta hautetsi abertzalearen arteko elkarrizketan, Idigorasek HBren kezka agertu zuen, Gobernu berriak bere aurrekoaren jarrera errepresiboa errepikatuko ote zuen, eta berretsi zuen alderdi abertzalea prest zegoela gatazka konpontzeko zerbait egin zezaketen erakunde edo alderdiekin harremanetan jartzeko esfortzu guztiak egiteko.

Mahai Nazionaleko bozeramaileak Juan Carlos I.ari adierazi zion, halaber, gobernu berriak onartu behar zuela Estatua plurinazionala dela eta, ondorioz, nahi duten nazioek beren eskubideak erabil ditzaketela, «Europako nazio modernoek egiten duten bezala».  

Bitxia gertatzen zen biharamuneko hedabideek esan zutena irakurtzea, gehienek adierazi baitzuten Idigorasek eraman zuen gutuna hartzeari uko egin ziola errege espainolak. Interpretazio kontua ote? Egiaz, gaur emeritua denak esan zion Konstituzioaren arabera ezin zuela erakunde politikoen gutunik hartu; beraz, Gobernuaren bidez helarazi beharko ziola, eta Idigorasek erantzun zion hala egingo zutela luze gabe.

Gutun hark zioen legegintzaldi berriak izan beharko lukeela Euskal Herriaren eta Estatu espainolaren arteko gatazkaren bilakaeran «puntu eta bereiz bat bilatzeko esfortzu politikoak berritzeko momentu aproposa».

Hura ez zen izan Juan Carlos Borboikoak euskal ezker subiranistako parlamentari batekin egindako bilera bakarra. 2011ko abenduaren 15ean, Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatua hartu zuen. Bilera haren bezperan errege espainolak erakutsitako jarrera benetan erridikuluaren berri eman zuen zortzi urte geroago Kongresuko presidente ohi Jose Bonok.

2019an hark argitaratu zuen memoria liburuan kontatu zuen Errekondorekin zuen bilera baino lehen errege espainiarrak berarekin entseguak egin zituela diputatu abertzaleari eskua emateko moduaren bidez bere haserrea adierazteko.

Arafat Gazan

Urtebete geroago, egun berean, Jasser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko presidente eta haren baitako Al Fatah alderdiko burua Gazako Zerrendara iritsi zen, gaur egun hondakin pila erraldoi eta ikaragarri bihurtutako lurraldera, hain zuzen, sorterritik kanpo urte asko eman ondoren. Rafahtik sartu eta Gaza hirian hitz egin zuen jendetzaren aurrean.

Yasser Arafat Jacques Gaillotekin, Ramalan. (Bob EDME I FOKU)

Honela kontatu zuen 'Egin'-ek 1994ko uztailaren 2ko edizioan: «PAE Palestina Askatzeko Erakundeko presidentea, Jasser Arafat, atzo itzuli zen Palestinara, gutxienez haren zati txiki batera, Gazako Zerrendara, erbestean hogeita zazpi urte eman ondoren. Arafat, milaka palestinarrek txalotuta, bere lurraldera itzuli zen, aldean batasun mezu bat zeramala».

«Itxaropen handia dugu aurrean, baina zeregin handia ere bai: Palestinako autonomia eraikitzea eta, ondoren, estatu independente bat», adierazi zuen PAEko presidenteak bere sorterrian egin zuen lehen hitzaldian.

Hartan, behin baino gehiagotan gogoratu zuen Ahmed Jasin Hamas erakundeko liderra, 1993an Osloko Konferentzian Israelekin egindako akordioaren aurkakoa zena eta 1989tik kartzelan zegoena: «Gurekin egon artean ez dugu atseden hartuko».

'Al-Quds' egunkari palestinarraren hitzak ere jaso zituen 'Egin'-ek: «Arafat presidentearen itzulera gertaera historikoa da, duela urtebete ametsa zen, baina nazioarteko aldaketek ametsak errealitate bihur ditzakete. (...) Itzulera honek bake justua erdiesteko bide luzeko borroka sinbolo gisa iraungo du».

1993an, Osloko Konferentzian, bi estatuen konponbidea adostu zen. Irailaren 13an Washingtonen sinatu zituzten akordioak ageriko ekitaldi batean Israelgo Kanpo harremanetarako ministro Simon Peres, PAE Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkari Mahhmud Abbas, AEBetako Estatu idazkari Warren Christopher eta Errusiako kantziler Andrei Kozyrev-ek; haien aurrean ziren Jasser Arafat, Israelgo lehen ministro Yitzhak Rabin eta AEBetako presidente Bill Clinton.

Akordioen ondorioz, Arafat bere herrira itzuli zen, Palestinako Aginte Nazionalaren ordezkari. Gobernu autonomo hark Gazan eta Jerikon bakarrik zuen boterea hasieran, baina ondoren Zisjordaniako beste hiri batzuetara hedatu zen. Arafat 1996tik hil arte izan zen Palestinako Aginte Nazionalaren buru.

1994an, Yitzhak Rabin eta Simon Peresekin batera, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Ez dago esan beharrik prozesuak huts egin zuela. 30 urte eta hildako asko joan dira ordutik, gehienak palestinarrak; iazko urriaren 7tik, dozenaka mila Gazan, ehunka Zisjordanian.

Honi buruzko guztia: 1993