Dozenaka poliziak eta bizkartzainek armaz babestuta, PPko zenbait militante Lizartzako plazara agertu ziren, hango udaletxera sartu ziren eta haietako bat alkate izendatu zuten. Haietako inor ez zen herrikoa, ezta alkate izendatu zutena ere. 1937ko eszena bat eman zezakeen; izan ere, lizartzarrek paralelismo horri erreparatu zioten, udaletxe aurrean eskegi zuten pankartak erakusten zuenez: «1936an, erreketeak; 2003an, EAJko putreak; eta 2007an, faxistak!». 2007ko uztailaren 2a zen.
«PPk Lizartzako Udala hartu du, Ertzaintzaren babesarekin» izenburua nabarmendu zuen GARAk biharamunean bere lehen orrialdean. Ertzaintzaren babesarekin eta ez herriarenarekin. 600 bizilaguneko udalerri hartan 27 boto aski izan ziren PPk zinegotzi guztien eserlekuak eskuratzeko; zazpi, alegia. Herritarren protesta bizien artean iritsi ziren, eta GARAk alkatearen lehenengo neurriaren berri eman zuen: «Arrunt esanguratsua izan zen bilkura aretotik [hildako euskal militante] Ina Zeberioren argazkia kendu eta, haren ordez, bandera espainola jartzea».
Regina Otaola ez zen alkatetzara iritsi herritarren botoei esker, noski, ezker abertzalea legez kanpo utzi izanari esker baizik. Espainiako legeriaren begietan legez kanpokoa izan arren, ezkerreko independentistei 186 bizilagunek eman zieten beren sostengua, PPk lortu zituen 27en aldean. 142k, berriz, zuriz bozkatu zuten.
Lau urteren buruan amaitu zen zortzi urteko «apartheid» egoera hura, PPk baino lehen, 2003an, EAJk ere baliatu baitzuen ezker abertzalea legez kanporatu izana alkatetza lortzeko. EAJ-EA koalizioak ez zuen bere hautets zerrendan lizartzar bat ere sartzerik lortu; hala ere, Joseba Egibar buru zuen zerrenda aurkeztu zuen, eta PPk ere aurkeztu zuen berea. 131 botorekin, EAJ-EArena izan zen bozkatuena... ezker abertzalearenaren atzetik, honek 253 lortu baitzituen, eta PPk jaso zituen 10 botoen aurretik. Hala, Egibar izendatu zuten alkate.
Lehenengo salbuespen legegintzaldi hartan, Ertzaintzak bizilagunei isun handiak jarri zizkien. 2007an EAJk Lizartzan ez aurkeztea erabaki zuen, eta Egibarrek zuriz bozkatzeko eskatu zuen, Otaolak alkatetza lortzerik izan ez zezan. Hala ere, ezker abertzalearen bi hautagaitza hauteskundeetatik kanpo utzita eta PPren zerrenda bakarrik aurkeztuta, Gipuzkoan izan duen alkatetza bakarra lortu zuen boto bakan batzuk eskuratuta.
Orduz geroztik, errepresaliak eta mehatxuak etengabeak izan ziren, baita gertaera barregarriren bat ere. 2008ko irailean Otaolak herriko parrokoa kritikatu zuen, meza hasi baino lehen PPko zinegotziei esan baitzien elizan ez zuela pistolarik nahi.
Horrelako zentzugabekeriak baino larriagoak izan ziren, ordea, apartheid politiko haren beste ondorio batzuk. Urte haietan guztietan herritarren protesta etengabea izan zen; izan ere, 2008an herriko erroldan ziren 505 lagunetatik 402k Otaolaren dimisioa eskatzeko testua sinatu zuten. 2007ko jaien bezperan udaletxean Espainiako bandera jartzen ari zirela, Peio Olanok alkateari heriotza mehatxua egin ziola salatu zuten eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra, hamabi mila euroko kalte-ordaina eta kargu publikoak betetzeko zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zizkion.
Egun batzuk geroago, PPko zinegotzi batek Kontsuelo Agirrebarrena 61 urteko bizilaguna eta legez kanpo gelditu zen zerrendako hautagaia ere izan zena salatu zuen eraso egitea leporatuz. Auzitegi Nazionalak auzipetuta, epaiketan frogatutzat eman zen lizartzar horrek ikurrin bat astindu zuela, baina harekin inor jo gabe; hala ere, lau urteko kartzela zigorra eta 1.800 euroko isuna ezarri zizkioten.
2011ko maiatzaren 22an, lizartzarrek Udala berreskuratu zuten.
Agurtzane Arregi eta Juan Jose Etxabe tirokatuta
1978ko uztailaren 2ko igande gauean, Agurtzane Arregi eta Juan Jose Etxabe senar-emazte arrasatearrak, Donibane Lohizuneko beren jatetxean lana amaituta, kalera irten ziren eta, Arregi auto barruan eta Etxabe sartzear zela, ondotik igaro zen auto batetik pertsona armatu bat jaitsi zen eta bere metraileta desarratu zuen bien aurka. 'Egin' egunkariak asteartean eman zuen atentatuaren berri. Triple A talde parapolizialeko kide batek egunkari horretara deitu zuen atentatua bere gain hartuz.
Etxabek, ETAko buruzagi ohiak, 11 tiro jaso zituen, baina ez zuen konortea galdu eta emazteari laguntzen ahalegindu zen. Alferrik, baina: Arregi berehala hil baitzen hartu zituen 16 tiroen ondorioz. 38 urte zituen Agurtzanek; Juan Josek, berriz, 40. Hiru seme-alaba zituzten.
Hura ez zen Etxaberen aurkako lehen atentatua izan, ezta haren familiaren aurkako eraso bakarra ere. 1968an, Polizia frankistak aita eta lau anaiak atxilotu zituen Meliton Manzanas Brigada Politiko Sozialeko torturatzailearen hilketaren ondoren, eta gerra zikinaren jo puntuan izan zen beti familia hori.
1975eko urriaren 5eko gauean, Iñaki Etxabek Kanpazar gainean zuen jatetxeari eraso zioten hiru pertsonak metraileta eta pistolaz armatuta. Bezeroak lurrera botatzera behartu zituzten, gas geldiarazle batekin busti zituzten eta Luis eta Iñaki anaiei esan zieten haien bila zihoazela. Lehenengoak biltegian giltzapetzea lortu zuen, baina Iñaki metrailatu egin zuten eta berehala hil zen. Emaztea eta hiru seme-alaba txiki zituen. Gerra zikineko lehen hildakoa izan zen.
Bost hilabete lehenago, jatetxe berean lehergailu bat leherrarazi zuten, eta ondoren metrailatu. Eraso horiez gainera, Iñakiren anaia Jokinen eta Juan Joseren jatetxeen aurkako atentatuak ere egin zituzten lehergailuz 48 ordu eskasean, urte bereko ekainaren amaieran. Eta Iñaki hil aurreko egunean, Juanjoren autoak su hartu zuen Donibane Lohizunen.
2023an, Iñaki Etxabe hil zutenetik 48 urte igarota, talde parapolizial baten jarduera kriminalaren lehen biktima izan zela onartu zen, GARAk jaso zuenez.
Juan Jose Etxabe 'Haundixe' 1996ko uztailaren 11n hil zen Urruñan.