Estatuek jarritako oztopo guztien gainetik ETAren armagabetzea modu ahalik eta ordenatuenean egin ahal izanaren meritua «bake-artisau» izenarekin ezagutuak izan ziren hainbat pertsonarena izan zen, batez ere. Eta horien artean izen bat besteen gainetik nabarmendu baldin bazen, inori garrantzirik kentzeko asmorik gabe, hori Grazi Etxebehere izan zen.
Iparraldeko eta Nafarroako euskal komunitatean aski ezaguna zen arren, euskal jendarteak 2015eko uztailaren 9an izan zuen lehen aldiz haren berri, Polizia frantsesak pare bat egun lehenago martxan jarritako operazio baten aitzakian atxilo eraman zuenean. Aitzakian diogu, Grazi ez zelako ezkutatu, Iruñetik Sanferminetako jantzi zuri-gorria eranzteko denborarik gabe gerturatu zelako Ortzaizeko bere etxera, eta lehen unetik argi eta garbi utzi zuelako han gertatzen ari zena.
Etxebeherek bi egun lehenago atxilotuak izan ziren Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAko kideak etxean hartuak zituela onartu zuen hasieratik. Sanferminetara joan ahal izateko Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri bere lagunei –atxilotuak horiek ere– eskatu ziela Reta eta Goienetxea haien etxean hartzeko. Ardura osoa berea zela onartu zuen eta guztien askatasuna aldarrikatu zuen, batez ere bi haur txiki zituzten Mateo eta Lekunberrirena.
Baina hori bakarrik ez, historiarako geratuko diren adierazpenak ere egin zituen poliziek Ortzaizeko bere etxea miatzen zuten bitartean. «Ni ez naiz ihesi joango. Zer kalte egin dut nik? Urratsak egin behar dira. Militantziak engaiatu egin behar du azken pausoak emateko. Bake prozesua bururaino eraman behar da. Euskal Herriak aterabide bat behar du. Pauso garrantzitsuak eman dira eta horretan segitu behar da», aldarrikatu zuen. «Armagabetu nahi duen erakunde bati laguntzen saiatu naiz, ez naiz damutzen», gaineratu zuen.
Atxiloketek haserre nabarmena eragin zuten euskal gizartearen zati handi batean. Animo eta babes mezu ugari pilatu ziren. «Arraroa da hitz hauek idaztea Grazirekin partekatu behar genuen hamaiketakora noalarik, baina sumatzen dut gure kantuen oihartzuna iritsiko dela polizia etxeetara ere. Odolaren mintzoa da, Xalbadorrek zioenez, eta askok Graziri esker ezagutu dugu. Aske bizi nahi duen herri baten mintzoa, finean», idazten zion Iruñean festakide zuen Floren Aoizek, esaterako.
Ortzaizeko operazioak ordura arte nahiko modu diskretuan gertatzen ari ziren mugimenduak azaleratzea ekarri zuen eta, segur aski, baita abiada hartzea eta militante gehiago lan horretara batzea ere. Kontuan izan behar da armagabetze prozesuan mugarri garrantzitsua suposatu zuten Luhusoko atxiloketak 2016ko abenduan gertatu zirela, ia urte eta erdi beranduago, eta armagabetze zibilaren eguna 2017ko apirilean iritsi zela.
Babes eta maitasun handia
Prozesu hori guztia ezin da ulertu Graziren ekarpena kontuan izan gabe. Atxilo eraman aurretik ukabila jasota Bob Edmek egin zion argazkia euskal gizartearen oroitzapenean iltzatuta geratu da betiko, eta handik hiru egunera aske utzi zituztenean Etxebeherek, Mateok eta Lekunberrik herrian izan zuten harrera ere inflexio puntu bat bezala ulertu daiteke armagabetze prozesuan. Reta eta Goienetxea espetxeratu egin zituzten, bai, baina gatazkaren irtenbidean beren hazia ereinda utzi zuten.
«Bake prozesua bultzatu nahian egin ditut egin ditudanak eta, noski, ez dut inongo damurik, espero dut jende askok bide horretan jarraituko duela», errepikatu zuen Grazik etxera itzulitakoan. «Orain pasa behar da beste fase batera; erratea eta txalotzea gauza bat da, baina txalotzea pentsatuz besteek egingo dutela erraza da; txalotu egin behar dugu, baina egin egin behar dugu gutako bakoitzak, bakoitzak bere harri txikia ekar dezala, eraikuntza horretan denon indarra beharrezkoa delako», gaineratu zuen.
Egun haietan GARA egunkarirako Arantxa Manterolak protagonistei egindako elkarrizketan, Terexa Lekunberrik oso ongi azaltzen zuen Graziren aldarrikapenek izandako oihartzunaren zergatia: «Esan duzun moduagatik da –esaten zion Graziri berari–. Bi militanteak babesten zenituela eta erantzukizuna inolako aitzakiarik gabe zure gain hartzeak, armagabetu nahi duen erakunde bati laguntzeko egin duzula esateak, eta ez zarela damutzen, horrek eskema asko hautsi ditu. Bakeari buruzko eztabaida gizarteratzea eta tabu batzuk desmitifikatzea lortu dela uste dut».
Hori bai, gizarte zibilak orokorrean bere egin zuen bakearen aldeko mezua ez zuten horren gogo onez hartu Parisko erakunde eta epaitegietan. Horren adibide izan ziren Ortzaizen atxilotutako bost lagunek 2018ko epaiketan jaso zituzten zigorrak: Mateok eta Lekunberrik sei hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, nahiz eta kartzelan sartu beharrik ez izan; Etxebeherek 18 hilabeteko zigorra jaso zuen, bere kasuan ere espetxera sartu beharrik gabe; Reta eta Goienetxearen kasuan zigorra 7 urtekoa izan zen, bi herenak betetzera derrigortuta. Garaiak aldatzen ari ziren, baina Grazik pena handiz jaso zuen epaia eta epaileen jarrera.
Zorionez, oraindik bizitzak opari eder batzuk egin zizkion Graziri 2023ko abuztuaren 30ean azken hatsa eman aurretik. Hil ondorengo egunetan jasotako laudorio eta egindako omenaldiek argi utzi zuten zenbat maite zuten bere ingurukoek. Eta zenbat zor diogun ez hain ingurukoek ere.