1977/2024 , Uztailak 11

'Txillardegi'-ren agurra Juanjo Etxabe militante historikoari

Juan Jose Etxabe ETAko buruzagi historikoa 1996ko uztailaren 11tik 12rako goizaldean hil zen, 59 urte zituela. Arrasateko militantearen bizitzak garaiko testuinguru sozial eta politiko latza marrazteko balio du. Hemen duzue laburpen bat, eta 'Txillardegi'-k 'Egin'-en idatzi zion agurra.

Juanjo Etxabe militante historikoaren argazkia.
Juanjo Etxabe militante historikoaren argazkia. (EPPK)

Juan Jose Etxabe Orobengoa ETAko buruzagi historikoa 1996ko uztailaren 11tik 12rako goizaldean hil zen, 59 urte zituela. 1978an Donibane Lohizunen sufritu zuen atentatu bortitzak –Agurtzane Arregi bere emaztea bertan hil zuten– osasunez oso ahul utzi zuen militante arrasatearra, eta oso gogorra egin zitzaion azken kartzelaldi batek are gehiago erasan zuen bere egoera. Urruñako bere etxean aurkitu zuten hilda bihotzekoak jo ondoren.

Juanjo Etxaberen bizitzak garaiko testuinguru sozial eta politiko latza marrazteko balio du. 'Auñamendi Eusko Entziklopedia'-k jasotzen duenez, 1955ean sartu zen EGI erakundean, eta ETAn ere bere sorreratik bertatik militatu zuen. 1960an pintada bat egiteagatik atxilotu zuten, eta ETAko kide moduan atxilotu zuten lehen pertsona izan zela aipatu ohi da.

Hainbat ekintzatan parte hartu ondoren, eta kartzela behin baino gehiagotan zapaldu ostean, 1963an igaro zuen muga, bere bizilekua Lapurdin kokatuz eta ETAko fronte militarraren ardura bereganatuz. Hain zuzen ere, Burgosko Epaiketaren garaian egindako Eugene Beihl kontsul alemaniarraren bahiketa da Etxaberen ibilbidea gogoratzean beti nabarmentzen den ekintza.

Nahiko goiz utzi zion ETAko kide izateari, 1971n, baina Donibane Lohizunen ireki zuen ostatua abertzale eta erbesteratuen bilgune bilakatu zen hasieratik. Hori bai, erakundea uzteak ez zuen ziurtatzen inondik ere indarkeria atzean uztea, gerora argi geratuko zen moduan. Lehenik, 1975ean, Iñaki anaia tiroka hil zuten Kanpazarko bere tabernan. Hiru urte beranduago, bera eta bere emaztea izan ziren antzeko tiroketa bat sufritu zutenak.

Garaiko kronikek diotenez, 1978ko uztailaren 2an Juanjok Etxabe Enea bere jatetxearen aurrean aparkatu zuen autoa, Peugeot 604 bat, Agurtzane Arregi Letamendi emaztearen zain. Hura autora igo zenean, tiroketa basatia jasan zuten: Agurtzane bertan hil zen, 17 tiro jaso ostean; Juanjok 18 jaso zituen, baina bizirik irtetea lortu zuen. Triple A talde paramilitarrak aldarrikatu zuen atentatua.

Eraso horren ostean egin behar izan zizkioten odol-transfusioetan hepatitis C gaixotasuna harrapatu zuen, eta bere osasun egoera nahiko delikatua izan zen aurrerantzean. Senideek salatu zutenez, medikazio berriei esker dezente hobetzen ari zen, baina 1996ko maiatzaren 21etik ekainaren 24ra arte luzatu zen azken atxiloketak, Laurence Levert epailearen aginduz egindakoak, oso ahul utzi zuen.

«Kartzelak psikologikoki suntsitu egiten zaitu noiz sartu bai baina noiz irtengo zaren ez dakizunean. Are gehiago makro-kartzela horietan, non funtzionario batek zure bizitza izorratu nahi duen eta ilaran jarrita joan behar duzun leku guztietara. Fresnesen mespretxua arimaraino sartu zait», zihoen hil baino bi egun lehenago 'Argia'-n argitaratu zen azken elkarrizketan.

Juanjo Etxaberen heriotzaren berri eman zuen ‘Egin’-ek 1996ko uztailaren 13an (EGIN)

'Egin'-ek uztailaren 13ko alean eman zuen Etxaberen heriotzaren berri, eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazleak agurreko zutabe bat sinatu zuen. Hementxe duzue, garaian argitaratu zen bezalaxe ekarria:

Etxabe gogoan

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'

Ez genuen berri hori espero. Gartzelatik irten berria zelarik, hain zuzen.

Abertzale gogorra Juan Joxe. Ausarta, arriskuetan zaildua; sortzez ere zakarra. Agintzeko jaioa.

1956 inguruan ezagutu nuen, «Muxibar» inguruetan. Nik baino sei bat urte gutxiago berak. Berrogei urte joanak!

Arrasateko «barruti burua» zen orduan Juan Joxe. 1960ko udan, erorketak izan genituen. Nik abuztuaren 18an bisitatu nuen Martutene bigarren aldiz. Handik hiru astetara Etxabek eta Ozaetak 'Gautxo'.

Sekulakoak eman zizkioten Juan Joxeri. Baina ez zuen ezertxo ere aitortu. Martutenera azaldu zitzaigunean, mihi-puntta ebakita, erorian zeukan.

Martutenen 40 bat abertzale gazte elkartu ginen: Ekin-ekoak eta Euzko Gaztedi-koak. «Kunpaiñia hunian»...

Handik irtetean, Etxabe ETAko buruzagitzara heldu zen. Eta, ene ustez, gizon giltzarria izan zen sozial-inperialisten maniobren kontra ETAk abertzaletasunari eutsi zion urte zailetan.

Gero, 1969an, eta Iparraldera pasa ondoren, Telesforo Montzon eta Aita Lartzabal ezagutu zituen. Ihesi zetozen errefuxiatuei laguntza eman nahiz, Anai Artea sortu zen Donibanen. Hasieratik beretik han egon zen Juan Joxe, Telesfororekin eskuz esku.

Hain zuzen, ETAk Beihl kontsula harrapatu eta izkutatu zuenean, Anai Artea eta Telesforo bihurtu ziren Burgosko Epaiketako lekuko izkutu eta nagusiak. Telesforok egina zuen lotura gudari berriekin. Lokarri giltzarria, Juan Joxe.

Euskal arazoa espainiar problemaren azpi-kapitulu marxista bihurtzeko zorian zegoelarik, Sartre filosofoak argitara zuen bere 'Hitzaurre' mamitsua. Eta, Etxaberen eskutik, ETAk argitara zuen 'Zutik' berezi hartan. Arriskua gainditua zen. Honetan eta beste gauza askotan, erabakiorra izan zen Etxaberen jokaera. Eustakio Mendizabal ez zebilen urrun, ezta izkutuan gelditu diren beste hamaika borrokalari ere. Urte zail haietan, Etxabek salbatu zuen ETA, hein batez bederen.

Atentatuak ugaldu egin ziren: anaia, Agurtzane bere emaztea, eta abar, hilak.

Baina Etxabe gizon osoa zen, bortitza, hitz politt-hutsalen kontrakoa. Eta batere ez modako gizona: «Felipe»-ak modan egon ziren urteetan, Etxabek «ez» esan zuen garrazki; eta hau ez zioten inoiz barkatu.

Etxabe gizon zaila zen, hori ere bai; kaskagorra. Eta behar baino haserre gehiago bildu zuen bere inguruan. Eta borrokalari nekagaitza; azkeneko gartzelaldian nabarmen gelditu denez.

Juan Joxe Etxabe, hitz batez: abertzale gogorra hil arte. Bere ibilbide politiko osoa zertan txaloturik ez badago ere.

Bihoakik hemendik nire agurra.

Honi buruzko guztia: 1996