1977/2024 , Uztailak 14

Nahi baino ibilbide mugatuagoa izan duen Memoria Lege «historikoa»

Duela bi urte onartu zen Madrilgo Kongresuan Memoria Demokratikoaren Legea EAJ, EH Bildu eta PDeCAT-en babesarekin. Urte gutxi batzuk lehenago pentsaezina zatekeen memoriaren inguruko lege espainiar batek alderdi horien babesa jasotzea, eta Paco Etxeberria forentseak berak «aurrerapen itzela» suposatzen zuela aitortu zuen. Hala ere, beste kasu askotan gertatzen den moduan, legea aplikatzerako garaian iritsi dira arazoak.

Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresuan hitz egiten.
Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresuan hitz egiten. (Eduardo PARRA | EUROPA PRESS)

Memoria ariketa kolosala izaten ari da Etorkizuneko Artefaktua. Sarri urte asko atzera egitea eskatzen duen ariketa, nahiz eta memoria gaurkotasun handiko gaia ere izan daitekeen. Adibidez, duela bi urte soilik onartu zen Madrilgo Kongresuan Memoria Demokratikoaren Legea, 2022ko uztailaren 14an, hain zuzen ere.

Urte gutxi batzuk lehenago pentsaezina zatekeen memoriaren inguruko lege espainiar batek EAJ, EH Bildu eta PDeCAT-en babesa jasotzea –ERC eta BNG abstenitu egin ziren–, baina kasu honetan halaxe gertatu zen, kamera horretako indar korrelazioek legean zuzenketak egiteko ahalmena eman baitzieten alderdi horiei.

EH Bildurekin hitzartutako zuzenketa batek, adibidez, 1978tik 1983ko amaierara bitartean «demokrazia sendotzeko» borrokatu zuten pertsonen giza eskubideen urraketak aztertuko dituen batzorde bat sortzea ahalbidetu zuen, «aintzatespen eta erreparazio-bide posibleak» adieraziko zituena. Aurrez, PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko akordioak denbora tartea 1982ko abenduaren 31ra mugatzen zuen, baina epearen luzapenak GALen hasiera eta Felipe Gonzalezen lehen aginte urtea ere barnean biltzen zituen.

Beste aurrerapauso garrantzitsu batzuk ere ekarri zituen legeak, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua memoriarako gune bihurtzea, esaterako, 1938ko ihesaldi masiboan fusilatutako 207 pertsonak gogoratzeko. Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmen baten bidez egitea planteatzen zen, Iruñeko exekutiboari eraikina eta ingurua erabiltzeko aukera emanez. Gainera, Donostiako La Cumbre jauregiak udal jabetzakoa izatera igaro behar zuen urtebeteko epean. Jakina da, beste basakeria askoren artean, eraikin horretan torturatu zituztela 1983an Josean Lasa eta Joxi Zabala, kare bizitan lurperatu aurretik.

Lore eskaintza Ezkabako espetxea izandakoan (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Onartutako legearen garrantziaren neurria ulertzeko, Paco Etxeberria forentsearen iritzia izan daiteke erreferentzia on bat. Etxeberriaren ustez, legeak «aurrerapen itzela» suposatzen zuen 1936ko gerrako eta ondorengo errepresio frankistako biktimak artatzeko tresnei dagokienez. Bere ustez, «pentsaezina» zen lege-testua hain urrun iristea eta beren hizkuntzaren erabileragatik, sexu-orientazioagatik edo lapurtu zituztenengatik jazarritako biktimen tipologia aitortzea, eta gai hori ikertzeko fiskaltza berezi bat sortzea baloratu zuen.

Legea onartzeko osoko bilkuran argi ikusi zen testuak hainbat gako garrantzitsu ukitzen zituela, PPk eta VOXek gogor kritikatu zutelako akordioa. Iñaki Iriondok bere kronikan nabarmentzen zuenez, frankismoaren biktimentzat horren garrantzitsua zen egunean Alberto Nuñez Feijook ETAren biktimen 19 elkarterekin bilera bat egin zuen Kongresuan bertan, onartutako legea gutxietsi nahian. Eta VOXeko ordezkariak lotsagabe bota zuen Salvador Puig Antich, «anarkista izateagatik ez, polizia bat hiltzeagatik» exekutatu zutela garrotea erabiliz. EH Bildu, Podemos eta ERCk hemiziklotik alde egin zuten protesta moduan.

Hala ere, beste kasu askotan gertatzen den moduan, legea aplikatzerako garaian iritsi dira arazoak. Sabino Cuadra abokatuak duela gutxi NAIZ eta GARAn argitaratutako iritzi artikulu batean salatzen zuenez, 2022ko legea onartu zenetik frankismoaren krimenen aurka jarri diren kereila ia guztiak artxibatu egin dituzte tokian tokiko epaitegiek, 1977ko Amnistia Legeak indarrean dirauela-eta zigor-kodean jasota dagoen preskripzioaren aplikazioa argudiatuz. Amnistia Lege hura eta 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea ezinbestekotzat jotzen zituen, beste neurri batzuen artean, injustiziarekin amaitzeko.

La Cumbre jauregia donostiarren eskuetara itzularazteko prozesua ere nahi baino mantsoago doa. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ordezkariak Eneko Goia alkatearen «atzerapen ulertezina» kritikatu zuen eskaera egiteko garaian. 2023ko abenduko idatzi batean zioenez, epea amaitzear zela egin zen lehen urratsa, «alkatearen mezu labur bat, Gobernuaren ordezkariari zer egin behar zen galdezka».

Zorionez, Ezkabako egoera hobea dela dirudi. Nafarroako eta Madrilgo Gobernuek 2023ko otsailean ekin zioten San Kristobal gotorlekua Memoria Leku izendatzeko prozesuari, eta Txinparta-Fuerte San Cristobal, Red de Memoria Colectiva elkarteak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero bertan gertatu zena oso presente mantenduz. Azken urte hauetan Gasteizen eta Iruñean onartutako Memoria Legeak garrantzitsuak izan dira.

Joseba Beloki eta Compay Segundo

Memoria gordetzeko legeak beharrezkoa dira, baina baita komunikabide konprometituak ere. Eta gure hemerotekak uztailaren 14an erakusten dizkigun albiste ugarien artean, 2003an bat egin zuten bi aipa ditzakegu, elkarren artean zer ikusirik ez dutenak, baina euskaldun askori oroitzapenean iltzatuta geratu zitzaizkionak.

Lehena, kirolzaleek gogoratuko dute ederki asko: Joseba Belokiren eroriko larria Tourreko bederatzigarren etapan. Txirrindulari lazkaotarrak hiru urtez jarraian Tourreko podiuma zapaltzea lortu zuen, hirugarren 2000 eta 2001 urteetan, eta bigarren 2002an, eta bazirudien 2003ko hartan Lance Armstrongen nagusitasuna kolokan jar zezakeela. Bezperan, Iban Mayok Alpe d'Huezen irabazitako etapan, saiatu zen estatubatuarra atzean uzten. Ez zuen lortu, baina sailkapen nagusian bigarren zegoen, 40 segundora.

Joseba Beloki, uztailaren 21ean ospitaletik irtetzen (Juanan RUIZ I FOKU)

Bourg d'Osains eta Gap arteko bederatzigarren etapan, ordea, kolpetik amaitu ziren gipuzkoarraren ametsak. Erasokor korritu nahi horretan eroriko larria izan zuen La Rochette hirugarren mailako mendatea jaisten. Txirrindularitza zaleek ez dituzte ahaztuko inoiz Belokiren min garrasiak lurrean erorita zegoela, ezta Armstrongek belardian egindako zeharkaldia ere. Modu harrigarrian, arazorik gabe errepidera itzuli ahal izan zuen amerikarrak. Garai hartan dena ongi irteten zitzaion.

Eroriko horren ondoren, Belokik ez zuen inoiz lortu aurrez erakutsitako sasoirik berreskuratzea. Joseba Iturriak 2020an 7Krako egindako elkarrizketa batean, halaxe gogoratu zuen gertatutakoa: «Tour hartan bilatzen nuena zen [erasokor korritzea]. Desberdin nengoen, ondo nengoen eta Lance ez zihoan berdin. Nitaz bakarrik arduratzen zen, eta gerra horretaz baliatu zen Iban Mayo aurreko egunean Alpe d'Huezen, lortutako garaipena gutxietsi gabe. Armstrong ez genuen inoiz horrela ikusi. Irabaztea gehien kostatu zitzaion Tourra da, minutu bakarra atera zion Ullrichi, egun horretan atzean geratu eta azken erlojupekoan erorikoa izan arren. Frogatu zen ez zihoala beste urte batzuetan bezain ondo. Saiatu egin nintzen, erorikoa izan nuen eta kito».

Bigarren albisteak kulturzaleak gehiago hunkituko ditu, 2003ko uztailaren 14 hartan eman zuelako azken hatsa Compay Segundo handiak. Francisco Repilado benetako izenez, Kubak eman duen musikari handienetarikoa –eta hori asko esatea da–, La Habanan hil zen 95 urterekin, giltzurrunetako arazo baten ondorioz. Puruari tiraka eta txapela buruan zuela beti, ehundaka abesti sortu, grabatu eta abestu zituen gazte-gaztetatik, baina mundu mailako ospea 1990eko hamarkadaren erdialdera iritsi zitzaion, 'Buena Vista Social Club' disko famatuaren eskutik.

Compay Segundo, 2000. urtean Gasteizko Jazzaldian eskaini zuen kontzertuan (Jon HERNAEZ I FOKU)

Bere bizitzako azken txanpa horretan bederatzi disko grabatu zituen, tartean 'Chan chan' bere abesti famatua, eta mundu guztiko aretoetan utzi zuen bere izaera bereziaren berri, baita Euskal Herrian ere. Pedro Elias Igartua musika kritikariak GARAn eskaini zion agurreko zutabean halaxe gogoratu zuen: «Zuzenekoetan Compay hazi egiten zen, bere balentriak eta konkistak harro kontatzen zituen, eta Kubako herri-musikaz zuen jakinduria handia erakusten zuen. Gasteizko Jazzaldian ikusi genuen nola ari zen itzaltzen duela bi urte (2001ean), artean oraindik zutik abesten zuenean, eta iaz (2002) Bilbon, jada eserita eta begietan malkoak zituela, azken aldiz igaro zituen gurekin bide zaharrak, Alto Cedrotik Marcanera eta Cuetotik Mayarira, Juanica eta Chan Chan maiteminekin batera».

Honi buruzko guztia: 2022