1977/2024 , Uztailak 25

Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

ETAren lapurretak: lurrak irensten dituen lapurrak eta autoekoizpenerako bidea

Lapurreta izan da, autoekoizpenarekin batera, ETA erakundeak bere ekintzak burutzeko baliabideak eskuratzeko erabili duen bitarteko nagusia, 2017an armagabetzearen ostean eskura zuen armamentua bakearen artisauen eskura utzi zuenean frogatu ahal izan zen bezala.

Pauen aurkitutako Titanite enpresaren kutxak.
Pauen aurkitutako Titanite enpresaren kutxak. (Bob EDME)

Baliabideak lortzeko hainbat lapurreta sonatu burutu izan ditu ETA erakundeak, besteak beste 1980an egunkarietako titular nagusiak eskuratu zituenekoa: Soto de Marinako bolborategiko lapurreta. Uztailaren 25ean, zazpi kideko komando batek bolborategira sartzea lortu eta  7.000 kilo Goma-2, 24.000 metro metxa, 50 kilo meategiko bolbora eta 25 kilo amonita lapurtu zituen.

Garaiko kroniken arabera, komandoa gauerdian iritsi zen bolborategira eta aski denbora, bederatzi ordu, izan zituen aurretik lapurtutako furgoneta batera lasai asko armamentu guztia igotzeko.

Explosivos Rio Tinto izeneko bolborategi hau zaintzen zuten bi zaindariak ez ziren han zeudela ohartu ere egin eta, noski, hurrengo egunetan gainean izan zituzten begi guztiak, gertakariagatik asaldatuta.

Poliziak goitik behera arakatu zuen Bilbo, armamentua bertan ezkutatuta zegoelakoan, baina ez zuten arrastorik atzematea lortu. Zazpi tona lehergai ezkutatzea gauza erraza izan ez arren, lurrak irentsi zituela zirudien.

Lapurreta gertatu eta hilabetera Juan Jose Roson Barne ministro espainolak «froga fidagarriak» bazituztela esan bazuen ere, ez zuela lehergaien arrastorik onartu behar izan zuen eta Poliziaren jarduna bi eremutan indartu zutela baieztatu zuen; batetik, erakundearen helburu izan zitezkeen horietan zaintza areagotzean eta, bestetik, lapurtutako materialaren bilaketan indarrak metatzean.

Edonola ere, bilaketa luzatzeak «nekea» sortzen duela esan zuen eta, zazpi tona lehergai ezkutuan garraiatzea zeregin erraza ez den arren, herritarren kolaborazioak ez zuela emaitzarik eman baieztatu zuen.

Florencio Dominguez Iribarrenek 'ETA: Estrategia organizativa y actuaciones' (UPV-EHU) liburuan jaso zuenez, lapurreta honek hurrengo bost urteetarako beharrak asetzeko balio izango zion erakundeari.

Lehergaiak Bilbora ez, baizik eta Zornotzan eraikitzen ari ziren etxebizitza batera eraman zituztela ere aipatzen du, eta bertatik egin zela banaketa, partida txikietan. Urte amaieran lortu zuen Guardia Zibilak pisua topatzea, baina soilik 300 kilo lehergai eskuratu zituzten, gainerako guztia banatuta zuten dagoeneko.

Hartutako neurri horiek eta lapurretaren ondotik sortutako alarma, baina, ez zen aski izan, eta 1983an beste lapurreta adierazgarri bat burutu zen. Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren egoitzan Ertzaintzak zuen dependentziara sartu eta Star-P markako 112 pistola bereganatu zituzten, egoitzan zeuden hamar agenteak atxiki ostean. 6.000 bala, sei irrati transmisore, uniforme ofizialak eta bi auto –bat Ertzaintzarena eta bestea agente baten auto partikularra– ere ostu zituzten.

Sonatua izan zen hamarkada bat lehenago, 1973an, Hernanin burututako lapurreta ere: herriko meategitik hiru tona dinamita ebatsi zituzten, eta Euskal Herriko historiarako garrantzizkoa izan zen ebastea, urte bereko abenduan Gobernu espainoleko presidente zen Carrero Blancoren aurkako erasoa burutzeko erabili baitzen material horren zati bat.

Estatu frantsesa baliabide iturri

90eko hamarkadaren hondarrean, iparraldera begira jarri zen erakundea. 1999an burutu zuen Estatu frantseseko lehen lapurreta, eta baita handiena ere: Plevineko (Bretainia) bolborategi batetik zortzi tona dinamita eramatea lortu zuen.

Irailaren 28an, zortzi lagunek Titanite SA enpresara sartzea lortu eta 8.350 kilo dinamita, 11 kilometro lokarri detonatzaile industrial, 1.142 detonatzaile pirotekniko eta 4.612 detonatzaile elektriko eraman zituzten. Harrapakina garraiatzeko bi kamioneta, hiru auto eta furgoneta bat behar izan zituzten. Azken ibilgailu hori bazterrean utzi behar izan zuten.

ETAk ebatsitako zenbait material. (FOKU)

Ez zen hori izan Titanite SA konpainian ETAk burutu zuen lapurreta bakarra; bi urte beranduago, 2001ean, enpresa berak Grenobletik gertu zituen instalazioetatik 1.600 kilo Titadyne, 20.000 detonagailu eta lokarri detonatzailea ostu baitzituen. Deposituko langileak bi orduz eduki zituzten atxikita, ebatsitakoa ibilgailuetara igotzen zuten artean.

Ebaste ikusgarrienetakoen artean dago baita ere urte batzuk lehenago, 2006ko urrian, Vaiverten (Nimesetik gertu) burututakoa: hiru kide Sidam inportazio enpresara sartu eta guztira 350 arma motz eramatea lortu zuten, 50 pistola eta 300 errebolber, eta baita munizioa eta pieza solteak ere.

Garaiko kroniken arabera, gerentearen semearen etxebizitzara sartu eta bertan zeuden senideak, azken honen emaztea eta semea, atxiki zituzten. Ostean, 19.00 aldera, enpresara bertaratu eta horren berri eman zioten gerenteari, eta honek segurtasuna eta alarmak desaktibatu zituen.

Ikerketa burutzen ari ziren polizien arabera, goizeko hirurak arte aritu ziren materiala kargatzen, eta ebasleek esan zuten familiaren jarraipena egiteari ere denbora eskaini ziotela, haien izenez zuzentzen baitzitzaizkien.

ETAko kideak zirelako zantzuak bazeudela ere esan zuten, batetik, azentuagatik, eta, bestetik, ekintzan zehar martxoan jendarmeei lapurtutako eskuburdinak erabili zituztelako.

Bahituak goiz horretan askatu zituzten Calvissonen, eta, Nimeseko prokuradorearen arabera, ziurtatu zuten ez zutela «biolentziarik pairatu».

Autoekoizpena

Lehergai eta armez gainera, horiek prestatzeko materiala ere izan da erakundearen jomuga. Adibidez, 2005ean, San Benoiten, Poitiers kanpoaldean, Quadripack enpresa kimikora sartzea lortu zuten sei kidek. Bertako zaintzailea atxiki eta lau tona sodio klorato –sufrea eta azukreakin nahasita kloratita fabrikatzeko erabiltzen da– eraman zituzten. 

Izan ere, ekoizpen propioa ere izan da baliabideak metatzeko hartutako bideetako bat; hastapenetan amonala –merkatu librean eros daitezkeen nitrato eta aluminio hautsen bidez fabrikatzen da–, eta 2000ko lehen hamarkadan pentrita ekoiztera iritsi ziren; lorpen nabarmena, adituek esan izan dutenez.

Zentzu honetan, aipatzekoa da 1993an Bidarteko etxebizitza batean fabrika oso bat aurkitu zuela Polizia frantziarrak: sotoan metraileta, pistolak eta morteroak eraikitzeko material ugari topatu zuten, baita leherkariak eta artefaktuak osatzeko bitartekoak ere.

Azpialdean, tailerra, laborategia eta tiro-ariketetarako areto bat zeuden. Ebastea eta autoekoizpena, beraz, eskutik helduta joan dira erakundearen ibilbidean.

Honi buruzko guztia: 1980