1977/2024 , Abuztuak 8

Pello Guerra
Redactor de actualidad / Aktualitateko erredaktorea
Elkarrizketa
Ainhoa Baglietto
Iosu Uribetxebarriaren abokatua

«Ezin zioten onartu bakean hiltzeko eskubidea»

2012ko abuztuaren 8an Iosu Uribetxebarriak gose grebari ekin zion. Ospitaleratuta zegoen, minbizia atzeman eta gero. Ainhoa Baglietto zen bere abokatuetako bat. Erabaki horren larritasuna eta bi urte eta erdi beranduago zendu arte pairatu zuen jazarpena du gogoan Artefaktuan egindako elkarrizketa honetan.

Iosu Uribetxeberria, Donostia Ospitalearen aurrean babesa adierazteko bildutako jendea agurtzen.
Iosu Uribetxeberria, Donostia Ospitalearen aurrean babesa adierazteko bildutako jendea agurtzen. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Duela 12 urte, Donostiako Ospitalean zegoen Iosu Uribetxebarriak gose greba abiatzea erabaki zuen. Minbizia zuen, bere baldintzapeko askatasunaren aurkako kanpaina mediatiko eta politikoa martxan zegoen eta, bere abokatu Ainhoa Bagliettok gogoan duenez, erabaki hura hartu zuen. «Iosuk kexatzeko eta protestarako arrazoi guztia zuen, umiliatu egin nahi zuten, duintasuna lapurtu», nabarmentzen du, «baina bere gorputzak ezin zuen hori jasan». Artefaktuan gogoratu ditu egun haiek.

Zein oroitzapen duzu Iosu Uribetxebarriaren abokatu zinen garaiaz?

Auzitegi Nazionalari dagokionez, burura datozkidan lehen irudiak atxiloketak, epaiketak, prozedurak eta halakoak dira (bata bestearen atzetik) eta, espetxeei dagokionez, aldiz, kilometroak eta kilometroak egin izana da; kotxeari 100.000 kilometro egiten genizkion urtean.

Presoak Espainiako estatuaren ia herrialde gehienetan zeuden; oker ez banago, Iosu atxilotu zutenean, zabalik zeuden Ceuta eta Melilla, baita Eivissa, Mallorca eta Kanariar uharteetako espetxeak ere. Eta kartzela bakoitzean, ia gehienak isolamenduan zeuden edo lehen graduko bizitza egiten, espetxeak zituen moduluetan ahalik eta sakabanatuen. Pentsa, Iosu Uribetxebarria eta besteak atxilotu zituztenean, Carabancheleko isolamenduan sartu zituzten eta, euren artean gehiago sakabanatzeko, patioan murru bat egin zuten. Isolamenduaren isolamendua.

Leonen preso zegoela minbizia atzeman zioten. Zazpi urte lehenago, beste bat. Zenbaterainoko eragina izan zuten espetxeetako baldintzek gertaera horretan?

Zalantzarik ez dut eragin zutela bere gaixotasunean. Aurreko galderari erantzunez, esan dut beraientzat, bera eta taldekideentzat, erregimen berezia eratu zutela Carabanchelen: isolamenduaren isolamendua. Hala izaten zen, erregimen berezia, salbuespenik gabe, euskal presoentzat; baina beraiei mendeku erregimen zorrotzagoa ezarri zieten –Ortega Lara funtzionarioa bahitzeaz akusatzen zituzten–. Gainera, bai Iosuk, bai beste lagunek tortura bortitzak salatu zituzten, eta espetxealdi osoan erregimen gogor hori oso gutxi arindu zieten: lehen graduan edo isolamenduan izan zituzten Iosu eta besteak ia denbora guztian, nahiz eta parte gutxi izan.

Horrez gain, ezin dut aipatu gabe utzi presoek beraiek –Iosuk ez ezik, beste askok ere– behin eta berriz salatzen zigutela –bai abokatuoi, bai Arartekoari, baita zaintza epaileei ere–, haien senideei eta presoen senideekin harremana zuten hainbat medikuri Espainiako kartzeletan ez zitzaizkiela maiz bermatzen osasun eskubideak: asistentzia eskasa zutela; askotan, gau eta eguneko buruko minak izanda –luze irauten zutenak–, medikuaren asistentzia eskatzean, Ibuprofenoa ematen zietela askotan; gehienera ospitalera bidali eta ia medikuarekin egon gabe ateratzen zituztela, apenas azterketarik egin gabe...

Nola kalifikatuko zenuke Mariano Rajoyren Gobernuak orduan izan zuen jarrera negatiboa, nahiz eta gaixotasun larriagatik espetxetik ateratzeko eskatu –legean jasotako zerbait–?

Legea beti interpreta daiteke, eskubideen alde eginez, edo kontra, murriztuz. Haiek egiten zuten legea eta tranpa. Garai hartan halako erabaki asko hartu zituzten: Iñaki de Juanari egindakoa, 2006an 197/2006 bizitza guztirako kondena aplikatzeko Auzitegi Goreneko erabakia... Orduko politikarekin bat zetozen: 1995ean Zigor Kodea erabat gogortu zen, gehienera bete zitekeen 30 urtetako espetxealdia mozteko erredentzioak desagertu ziren, 2003an Zigor Kodea berriz gogortu zuten, 40 urteko espetxealdia ezarri zuten, hori zen Gobernuak erabaki zuen politika.

Garai haiek baino lehenago, 1995a baino lehenago esango nuke nik, Iosuk baino pronostiko hobea zuten preso batzuek baldintzapeko askatasuna lortu zuten, legearen baldintzak betetzen zituzten. Iosuk ez, zergatik? Espainiako agintari ohi batzuek bai, zergatik? Erantzuna argia dela uste dut. Nola kalifikatuko nuke erabakia? Partziala, presoa nor zen kontuan hartzen zen, eta horren arabera hartzen zen erabakia, ez bere osasun egoeraren arabera.

Burdin hesia zuen arren, ospitaleratuta zegoen Donostia Ospitaleko logelako leihoa irekitzea debekatzera iritsi ziren. Gainezka egin eta gose greba hasi zuen 2012ko abuztuaren 8an. Nola justifikatzen zuten agintariek horrelako jarrera?

Gogoan dut erabakia –zentzugabeko erabakiak bata bestearen atzetik–, baina ezin dut oroitu zein argudio erabili zituen. Dena den, aurreko galderari erantzunez, berdin zuen zein argudio erabiltzen zuten, helegitea antzeko pentsamendua zuen epaile edo tribunalak hartuko zuten-eta. Oso erabaki gutxik egiten zuten presoen eskubideen alde. Mendekua bizi zuten.

Nola bizi izan zenuen Uribetxebarriak 2012ko abuztuan egin zuen hamabost eguneko gose-greba, Donostian ospitaleratuta zegoen bitartean?

Oso gogorra izan zen, jakin banekien Iosuk kexatzeko eta protestarako arrazoi guztia zuela, umiliatu egin nahi zuten, duintasuna lapurtu. Baina Iosu zenbat eta haserreago egon, orduan eta indar gehiagoz kaltetzen zuen sistemak bera. Eta horren guztiaren gainetik Iosuren osasun egoera zegoen: bere gorputzak ezin zuen hori jasan.

Beraz, oso kezkatuta geunden; izan ere, legez ezin genuen ezer egin neurri gogor horiek Iosuri kentzeko eta askatasun erabakia azkartzeko. Erabaki politikoa zen eta argi geratu zitzaigun ez zutela askatuko, harik eta hiltzera zihoala erabat baieztatu zuten arte.

Gertakari horien aurrean bi erreakzio izan ziren. Bata, eskuineko hedabideetatik, kartzelatik ateratzearen aurkako kanpaina bizia eginez. Eta beste bat, gose-grebekin, kartzeletan, herrietan, Nafarroako Parlamentuan eta ospitaleko ateen aurrean.

Iosuren aldarria, askatua izatea, justua zela zioen jende andana elkartu zen ospitale kanpoan, baita kaleetan eta kartzeletan protestak egitera ere, baina Espainiako komunikabide eta sektore askok presioa handitzeko aprobetxatu zuten.

Azkenean, Castro epaileak onartu egin zuen Uribetxebarria aske uzteko eskaera, eta Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen erabaki hori, Fiskaltzaren eta auzitegiko medikuaren jarreraren aurka. Zein argudio erabili zuten azken hauek kontra egiteko?

Zaintza epaile zentralak onartu behar izan zuen askatasuna. Ez zuen beste erremediorik izan; izan ere, pentsatzen dut ez zuela arriskatu nahi eta erietxean bertan hiltzeko ardura bere gain hartu. Horregatik uste dut berretsi zuela erabakia Auzitegiak.

Fiskaltzak eta forentseak emandako argudioez ez naiz oroitzen. Ez zituzten argudio berak eman gobernuaren agintari ohiak askatzeko, nahiz eta egoera askoz arinagoan egon.

Bi urte geroago, 2014an, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak etxeko espetxealdia eskatu zuen, 1986ko ETAren ekintza bati lotutako auzi berri bat ireki ondoren. Ez al zuten etsi geratzen zitzaiona lasai pasatzen uzteko?

Garbi zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zioten prozedura hark ez zuela inolako zentzu juridikorik, eta are gutxiago etxean giltzaperatzeak; Iosuk ezin zuen inora alde egin, zuen osasun egoera kontuan izanda, eta gainera, ustezko delitu horretan kondenatua izango balitz, aurretik zuen kondenara batuko litzateke: ez zukeen espetxealdi luzeagoa beteko, gehienez bete zezakeen muga ezarrita baitzuen.

Dena den, epaileak, Ismael Morenok, erabaki hori hartu zuen, zergatik? Argi dago. Ezin zioten onartu bakean hiltzeko eskubidea.

2015eko urtarrilaren 16an hil zen, eta aste berean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 29 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen arrasatearrarentzat, inputazio horren harira. Deigarria da gaixo terminal batekin egindako ahalegina.

Enbor bereko ezpala, bere espetxealdia hasi zenetik heriotzara arte mendekuan oinarritutako erabakiak izan direla salatu dugu behin eta berriz.

Honi buruzko guztia: 2012