1977/2024 , Abuztuak 13

Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Anoeta eta Illunbe, hain gertu, hain urrun

Duela 31 urte jokatu zuen Realak lehenengo partida Anoetako zelaian. Bertatik gertu dagoen Illunbeko zezen-plazaren historia oso ezberdina da. Odolaren usaina sumatzen da bertan, Donostiako Udal agintariek hala erabaki dutelako.

Anoetako zelai zaharra eta Illunbeko zezen-plaza artxiboko irudi batean.
Anoetako zelai zaharra eta Illunbeko zezen-plaza artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

1993ko abuztuaren 13an jokatu zuen Realak lehengo partida Anoetan, Real Madrilen aurka. 'Egin'-eko azalak jaso zuenez, hogeita hamar mila pertsona bildu ziren udako ostiral horretan futbol zelai berrian. «Puntaraino» bete zen.

F.J. Espinosak bere kronikan azaldu zuenez, jai giroa nagusitu zen egun horretan Donostiako futbol zelai berrian, baina jada zenbait arazo agerian geratu ziren partida hartan, nola ez, atletismo pistekin zerikusia zutenak.

‘Egin’-en jasotako informazioa 1993ko abuztuaren 13an.
‘Egin’-en jasotako informazioa 1993ko abuztuaren 13an.

Hala, kazetariaren esanetan, «zaleak ingurura begira zeuden, zelaitik urrun zeuden harmailetara, banakako eserlekuetara, aurreko harmailetan esertzen zen laguna ezin bereiziz». «Kabinan, kazetariek etorkizuneko zailtasunak iragarri zituzten, jokalari bisitariak bereizteko haien kamiseta-zenbakia ikusi behar zenean», gaineratu zuen Espinosak.

Partidari dagokionez, argi utzi zuen madrildarrek ez zutela jaso harrera berorik Anoetan. Txistuak entzun ziren jokalariak zelaira atera zirenean, eta harmailetan pankarta ezberdinak ikusi ziren; «Odon, jarri ileordea» leloarekin horietako bat.

Testuan Espinosak idatzi zuen Anoeta «handiegia» zela Donostiarako, baina denborak ezeztatu du esaldi hori. Izan ere, 25 urte geroago Anoeta eraberritu zen, eta handitu. Gaur egun 42.000 eserleku ditu, 10.000 gehiago.

Inaugurazioan, 2018ko irailaren 15ean, 26.756 zale bildu ziren Bartzelonaren aurkako partida ikusteko eta Imanol Agirretxe omentzeko. Anoetak, Reale Arena deitzen den futbol zelaiak, galdu ditu atletismo pistak, baina zaleen berotasuna irabazi du.

Zezenketak Illunben

Gertu dagoen eraikin baten historia, ordea, oso ezberdina da. Illunbeko zezen-plaza 1998ko abuztuaren 11n ireki zen. Protestak izan ziren inaugurazioan, hurrengo egunean 'Euskadi Informacion'-ek azalean azpimarratu zuenez.

Txofreko plaza bota zutenetik 25 igaro ondoren, zezenketen itzulera polemikoa izan zen Donostian. Joseba Permach HBko kidearen esanetan, «egun tristea» izan zen euskaldunentzat, «plaza hori espainolismoaren ikur delako».

Inaugurazioan plaza bete egin zen. Hamar mila lagun ziren armarrietan. Ipar Euskal Herritik heldu ziren autobusak, eta Zeelanda berritik iritsitako herritarrak ere izan ziren Illunben. «Atzo funtzionatu zuen, bihar ikusiko dugu», zioen abuztuaren 12an, duela 26 urte, argitaratutako komentarioak.

Hurrengo hamarkadan protestak areagotu ziren. Gainera, gero eta jende gutxiago biltzen zen zezenketak ikusteko. 2012an, Juan Karlos Izagirre alkate subiranistak ohartarazi zuen ez zirela zezenketak izango hurrengo urtean. Hori kudeatzeaz arduratzen zen enpresarekin, Chopera familiarekin, kontratua ez berritzea erabaki zuen Udalak. «Zezenketak jada ez dira garai batean bezala Donostiako jaien uztarri», adierazi zuen.

Animalien eskubideak defendatzen dituzten taldeetako kideek txalotu egin zuten Udal Gobernuaren erabakia, zezenzaleen haserrea piztu zuena. EAJ, PSE eta PP hauen alde agertu ziren, zezenketak «motor ekonomikoa eta turistikoa» zirela ohartaraziz.

Eta 2015ean, abuztuaren 13an, zezenketak itzuli ziren Illunbera EAJ eta PSEri esker. «Gaur-gaurkoz, zezenketak ikuskizun legalak dira eta, beraz, Udalak ez ditu zertan debekatu eta aparteko mugak ezarri», esan zuen Eneko Goia alkateak.

GARAk nabarmendu egin zuen Illunbeko Juan Carlos Borboikoaren presentzia. «Donostiako Udalak torilen atea ireki zuen milaka zale gutxi batzuentzat –6.000 inguru, betetik oso urrun–, eta Espainiako errege emeritua arduratu zen lana errematatzeaz», idatzi zuen Ramon Solak, kaleko protestak aipatuz.

Juan Karlos Borboikoa Illunben 2015ean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Juan Karlos Borboikoa Illunben 2015ean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Solak azpimarratu zuen toreatzaileen jarrera ere. Faena Borboikoari eskaini zioten. «Espainiarra sentitzen naiz, gora Espainia!», esan zuen Jose Maria Manzanaresek. «Zugatik eta askatasunagatik doa», gaineratu zuen Lopez Simonek.

«Beti da ohore bat zezen bat eskaintzea, gaur egun are gehiago; bere presentziarekin (Borboikoa) zezenen festa eta gure artea babesteaz gain, historia, tradizioa eta kultura ere babesten dituelako. Horretaz guztiaz gain, demokrazia eta askatasuna babesten ari da», gaineratu zuen Enrique Poncek.

Barruan animaliak erailtzen zituzten bitartean, kanpoaldean ehunka lagun bildu ziren zezenketen, eta monarkiaren, aurkako elkarretaratzean. «Goia, erregearen morroi!», oihukatu zuten.

Hurrengo urtean, 2016an, Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketen inguruko herri-galdeketa deitzeko 10.000 sinadura aurkeztu zituen Udaletxean, baina epaitegi batek bertan behera utzi zuen prozesua. Eta 2019an herri-galdeketak egiteko araudia legez kontrakoa zela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak.

2022an zezenketen etorkizuna jendearen asistentziaren eta bideragarritasunaren araberakoa izango zela iragarri zuen Goiak. Zentzu horretan, gogoratu beharra dago pasa den urteko feriaren balantzea. 17.000 lagun izan ziren hiru ikuskizunetan. XX. mendearen amaieran 63.000 zezenzale biltzen ziren Illunben.

Honi buruzko guztia: 1993