1977/2024 , Abuztuak 22

Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Estolden hutsegiteak: Garaikoetxeari egindako entzuketak eta Rainbow Warrior-en hondorapena

Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari 1986an egindako entzuketek agerian utzi zuten EAJk Ertzaintza erabili zuela, barne-borroketan, bere aurkariak zelatatzeko. Urtebete lehenago, Frantziako Estatuko zerbitzu sekretuak ontzi ekologista bat hondoratu zuen proba nuklearrak salatzeagatik. Gerra zikina Estatuaren aparatuen erraietan dago

Carlos Garaikoetxea EAko hautetsien bilkura batean Zarautzen
Carlos Garaikoetxea EAko hautetsien bilkura batean Zarautzen (Jon URBE)

Abuztuaren erdian, opor garaian, matxura-abisua jaso zuen Telefonicak Zarautzen, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren telefonoan. Konpainiako teknikariak hurbildu egin ziren eta telefonoa zulatua zuela egiaztatu zuten. Interesatuari informazioa emateaz gain, Telefonicak berak salaketa jarri zuen epaitegian. Carlos Garaikoetxea minduta eta haserre agertu zen, eta espioitzak «gu gauden gerra zikinaren tamaina» ematen zuela esan zuen, baina ez zuen inor zuzenean erantzuletzat jo. Markel Izagirrek, EBBko orduko  presidenteak, ordea, alderdiaren barne arazoekin lotu zituen entzuketak. Luis Mari Retolaza Herrizaingo sailburuak adierazi zuenez, oso bihurria zen Eusko Jaurlaritza tartean zegoela pentsatzea. Zentzu berean mintzatu zen Xabier Agirre EBBko bozeramaile eta ABBko presidentea ere.

Egia esan, une hartan, EAJren barruan, barne lehia handia zegoen. Izan ere, alderdiak Manuel Ibarrondo buru zuen Gasteizko batzordea kanporatu berria zuen. Hamabost egun geroago, irailaren 4an, EAJren zatiketa ofizial egin zen Eusko Alkartasunaren sorrerarekin. Testuinguru hartan eta buruzagi jeltzaleen gezurtapenak gorabehera, espioitza EAJrekin lotura zuten pertsonek antolatu izana egiatik oso urruti zegoenik ez zirudien.

Berehala jakin zen Ertzaintzaren eliteko taldeko kideak, ‘berroziak’, izan zirela espioitza-saiakeraren egileak. Azkenik, Ramon Martin Epalza ertzainak aitortu zuen Garaikoetxearen telefonoa beste etxe batekin lotu zuela elkarrizketak grabatzeko. Bere aitorpenean Retolaza espioitza-operazioarekin lotu zuen. Epaitegiak, Retolazarekin batera, Javier Maria Agirre Querejeta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Transmisio arduraduna eta Joseba Goikoetxea Asla Ertzaintzako sarjentu nagusi eta Ikerketa Unitateko burua –1993an ETAk hil zuena– ere auzipetu zituen. Garaikoetxearen espioitza kasu horretan Barne Sailaren inplikazioa agerikoa zen.

Azaleko ikerketa baten ostean, lau auzipetuak epaitu zituzten, eta Retolazari ez beste guztiei hilabete eta egun bateko atxiloaldia eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkieten 1991ko apirilean. Epaia 1992ko abenduan berretsi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, EAJk Herrizaingo Sailaren baliabideak bere barne borroketarako erabili zituela berretsiz. Auzitegiak delituaren larritasuna nabarmendu zuen, «gure Konstituzioak intimitatea eta pertsonen erreserba babesteko ezartzen dituen oinarrizko eskubideen muinari» eragiten ziolako. Formulazioa irmoa izan arren, Estatuko aparatuek disidentzia politikoa zelatatzen jarraitu dute.

Urte batzuk geroago, antzeko lardaskeria egin zuen Cesidek Gasteizko Herri Batasunaren egoitzan. Telefonogunea aldatzean, telefonoetako kableak goiko pisura zuzenduta zeudela ikusi zuten. Itxura guztiaren arabera, bertan Cesid-eko agente batek elkarrizketak grabatzen zituen. Kasu horretan ere agente hori bakarrik zigortu zuten epaileek.

Orduz geroztik, teknologia asko hobetu da eta Estatuko estoldek ez dituzte gaur egun muntaketa zalapartatsu horiek erabiltzen. Estatu sakonak herritarrak zelatatzeko duen borondatea, ordea, ez da aldatu. Nonbait, ez dira asko fidatzen jendeaz.

Rainbow Warrior

Egun berean, baina urtebete lehenago, ‘L 'Express’ astekari frantsesak Christine Huguette Cabon Frantziako espioitza-zerbitzuetako tenientea zela publiko egin zuen. Cabon-en bila zebilen Zeelanda Berriko Poliziak Rainbow Warrior Greenpeace erakunde ekologistaren itsasontziaren aurkako atentatuaren ondoren.


(Hans van Dijk | Wikipedia)

Cabonek geologo gisa aurkeztu zuen bere burua, Greenpeaceko kide ohi baten gomendioarekin. Maiatzera arte lanean aritu zen itsasontzian, Frederique Bonlieu izenarekin. Gero Tahiti-ra joan zen eta ondoren Israelera, non bere aztarna galdu zen. Itxura guztiaren arabera, Cabonen zeregin nagusia itsasontziaren inguruko informazioa biltzea izan zen.

Datu horiez baliatu zen Frantziako Direction Générale de la Sécurité Extérieure ekintza prestatzeko. Uztailaren 10ean, Rainbow Warrior Aucklanden zegoela, Frantziako zerbitzu sekretuek bi leherkari jarri zituzten eta itsasontzia hondoratu zuten.

Ontzian ibiltzen ziren hamabi pertsonetako bat, Fernando Pereira, 36 urteko argazkilari portugaldarra, ontzira itzuli zen lehen leherketaren ostean, bere ekipoa berreskuratzen saiatzeko, eta ontzia hondoratu zenean bertan hil zen, bigarren leherketa handiago baten ondorioz.

Berehala, Zeelanda Berriko Poliziak bikote bat atxilotu zuen. Frantziako astekariak ihes egindako emakumearen nortasuna argitaratu zuenerako, Zeelanda Berriko ikertzaileek atxilotutako emakumea Dominique Prieur kapitain frantziarra zela argitu zuten. Geroago, gizona Alain Mafart maiorra zela deskubritu zuten. Hilketa, eragindako sutea eta, Rainbow Warrior leherrarazteagatik, konspirazioa leporatu zizkieten Frantziako zerbitzu sekretuko bi kideei.
                                                                                       
Antza denez, Pariseko agintariek ezin izan zuten jasan ontzi ekologistak Frantziako Estatua Mururoako atoloian (Ozeano Barea) egiten ari zen proba nuklearrak salatzea. Eta salaketa geldiarazteko, ontzia leherraraztea baino gauza hoberik ez zitzaien bururatu. Sobietar Batasuna erori zen arte, arma nuklearrak zituzten herrialdeek aldizkako proba nuklearrak egiten zituzten; horregatik, harrigarria da Frantziako agintariek nahaspila horretan parte hartzea talde ekologista baten salaketen ondorioz.
                                                                                                      
Istilutik irteteko, Zeelanda Berriko agintariekin adostu behar zen Parisek nola konponduko zuen egindako kaltea. Azkenik, irailaren 22an, Laurent Fabius Frantziako lehen ministroak ontzia hondoratzeko agindua eman zuela onartu zuen publikoki. Aitorpen ofiziala eta Zeelanda Berriko agintariekin kalte-ordaina negoziatzea izan ziren Aucklanden atxilotutako Frantziako zerbitzu sekretuko bi kideak askatzeko eta kasua ixteko erabilitako ordainak.

Garaikoetxeari egindako entzuketak eta Rainbow Warrior ontzia hondoratzea botereak, Estatuko aparatuek eta polizien estoldek disidentziaren aurka gerra zikina nola erabiltzen duten erakusten duten bi adibide dira. Ekintza asko zigorrik gabe geratzen dira, baina inoiz lardaskeriaren bat argitara ateratzen da eta boterearen benetako aurpegi ezkutua agerian geratzen da.

Honi buruzko guztia: 1986