1977/2024 , Abuztuak 29

Ertzainek hildako lehen ETAkidea

Juan Mari Ormazabal hernaniarra izan zen, 1991eko abuztuaren 29an, Ertzaintzak hil zuen lehen ETAkidea, Bilbon izandako tiroketa batean. Bertan, Jose Mari Mendinueta militantea eta Alfonso Mentxaka ertzaina ere zauritua gertatu ziren, eta azken hori egun batzutara hil zen.

Gertakariak izan ziren tokian senitarteko eta lagunek 2004an egindako oroimen ekitaldia.
Gertakariak izan ziren tokian senitarteko eta lagunek 2004an egindako oroimen ekitaldia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

ETA erakunde armatua eta euskal polizia autonomikoaren arteko enfrentamendua modu gordinean azaleratu zen 1991eko abuztuaren 29an. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko militanteak lehergailu bat jartzera zihoazen eta tiro egin zuten ertzainen aurka. Familiak, ordea, paisanozko ertzainek eragindako segada bat izan zela salatu zuen. Forentseek buru-hezurrean gertu-gertutik botatako tiro baten ondorioz hil zela ziurtatu zuten.

Aipagarria da Ormazabalen heriotza Morlanseko hiru heriotzak gertatu eta bi astera gertatu zela. Kasu hartako txosten forentsea Bilboko gertakariaren bezperan ezagutu zen eta han ere distantzia gutxira egindako tiroak aipatzen ziren. Morlanseko segadan Guardia Zibilak parte hartu zuen eta hiru euskal militante hil zituzten bertan: Patxi Itziar, Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leunda.

Bilboko gertakaria Etxebarria parke ondoko biribilgune batean gertatu zen, gaueko 22.30ean. Lekukoek adierazitakoaren arabera, une horretan, Ormazabal, Mendinueta eta hirugarren pertsona bat Gasteizko matrikula zuen Opel Kadett baten barruan zeuden eta, bapatean, inguruan zeuden paisanozko eta furgoneta batetik ateratako beste zenbait poliziek tiro egin zuten beraien aurka, «¡todo el mundo al suelo!» oihukatzen zuten bitartean. Lekukoek gaineratu zutenez, polizia operazioa oso azkarra izan zen eta nahasmen handia sortu zen.

Tiroketaren ondorioz, autoan zegoen pertsona bat hil zen, Juan Mari Ormazabl 'Tturko' ETAko militantea, eta beste bat, Jose Mari Mendinueta, larriki zaurituta geratu zen. Era berean, Alfonso Mentxaka ertzaina ere larri zaurituta geratu zen eta, ospitalera eraman ondoren, handik egun batzutara hil zen.

Ormazabalen gorpuak hiru tiro zauri zituen: bata eskuineko hankean, bestea saihetsean eta hirugarrena buru-hezurrean. Basurtuko Ospitaleko mediku forentseek egindako ikerketaren arabera, azken hau izan zen heriotza eragin ziona eta distantzia gutxira egindakoa izan zen, hamar zentimetro ingurura, bolbora arrastoak zituelako inguruan.

Hurrengo egunean plazaratuta albisteak zioenez, lekukoek ere ertzainak Ormazabalen gorpura hurbildu eta tiroa eman ziotela adierazi zuten. Familiak ere prentsaurrekoa eman zuen, Arantza Zuluaga eta Iñaki Goioaga abokatuen laguntzarekin, eta gertakaria ikertzea exijitu zuten, forentseen txostena ez zetorrelako bat Barne Sailak esandakoarekin.

Greba orokorra

Gertakariak eragin handia izan zuen herritarrengan. Hernanin greba orokorra egin zuten eta egundoko jendetza bildu zen Gudarien plazan Juan Mari Ormazabali azken agurra emateko. Milaka lagun atera ziren, gainera, goizean goizetik Basurtotik Hernanira zerraldoak egin zuen bidera.

Euskal Herrian zehar protesta ekintza asko antolatu ziren baita ere, guztiak Ertzaintzak desegindakoak. Guztira, 24 pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak hainbat herritan izandako istiluetan, eta Elgoibarren gazte batek begia galdu zuen Polizia autonomikoak jaurtitako pelota batengatik. Jose Mari Mendinuetaren jaioterrian, Arbizun, beste lau pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak manifestazioa desegin eta gero.

Joseba Arregi, Gasteizko Gobernuko bozeramaleak, bestalde, Ertzaintza Guardia Zibilarekin elkarlanean aritu zela adierazi zuen eta gertatutakoa polizia indar autonomikoaren «heldutasuna» adierazten zuela gaineratu zuen. Tiroketaren ondorioz, zortzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, hiru Etxebarria parkean bertan (Itziar Martinez, Felix Abrisketa eta Pedro Mariano) eta beste bost ondoko orduetan egindako miaketetan.

KAS Koordinadora Abertzale Sozialistak oso larritzat jo zuen gertatutakoa, eta Ertzaintza espainiar indar polizialen «osagarri» izateko bidean urrats berri bat zela adierazi zuen. Erakunde horren iritziz, Bilbon gertatutakoa ez zen ustekabean gertatutako zerbait. «Ongi planifikatutako operazioa izan zen. Gertatutakoak argi adierazten du taldearen aurkako operazio bat zela eta atxilotzera joateko unean hiltzera joateko asmoa zegoela» nabarmendu zuen.

Ertzain bat, tiroketa gertatu zen lekuan jarritako oroigarriaren ondoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Enfrentamendu giroa

Herri Batasunak galdera zuzena egin zion Jose Antonio Ardanza lehendakariari, ETAko militanteei buru-hezurrean tiro egiteko agindua berak eman ote zuen jakiteko. Koalizio abertzaleak irmotasunez erantzuteko deia egin zuen, nahiz eta «enfrentamendu zibilaren tranpan» ez erortzeko eskatu.

Ezker abertzalea eta Ertzaintzaren arteko enfrentamenduak, ordea, ez ziren hor geratu. Hiru urte geroago, 1994eko abuztuaren 29an bertan, Juan Maria Atutxa Barne sailburuak herritarrak zirikatu zituen ezker abertzalearen aurka egiteko. Bere hitzetan, ertzainak erasotzen ari direnak «egunen batean Ertzaintzaren laguntza eskatu beharko dute gizartearen erasoetatik babesteko».

Adierazpen hauek egin baino aste batzuk lehenago hainbat eraso izan zen ertzainen kontra, eta Errenterian bi polizia autonomikok erredura larriak jasan zituzten kalean jasandako eraso baten ondorioz. Gertakari horiek hainbat ertzainen kezka ere eragin zuten, ez baitzuten begi onez ikusten Barne Sailak bultzatutako enfrentamendu estrategia.

Bi urte beranduago, 1996ko abuztuaren 29an, Juan Maria Atutxa berriro albiste izan zen, oraingoan Cesid espainiar espioitza zentroari laguntzeagatik. Garai hartan, espainiar agenteak Joxe Mari Olarra euskal parlamentaria zelatatzen ari ziren eta Ertzaintzak informazioa ezkutatu eta gertatutakoari buruzko datu faltsuak eman zizkion epaileari berari, guztia Cesid-eko agentearen identifikazioa galerazteko.  

Honi buruzko guztia: 1991