Lekeitioko Sanantolinetako festa egun bereziena da Antzara Eguna. Hiru mende baino gehiagoko tradizioa omen dauka, eta milaka lagun hurbiltzen dira urtero Bizkaiko kostaldeko herrira irailaren 5ean ospatzen den jaiaz gozatzera. Parte hartzaileek txalupa batetik uretara salto egiten dute, eta, soka batetik zintzilik dagoen antzara baten gorputzari eutsiz, ahalik eta altxaldi gehien egin behar dituzte.
2022ko ediziotik aurrera gomazko antzarak bakarrik erabiltzen dira. 2014an hasi ziren tartekatzen animaliekin, baina Lekeitioko Udalak aho batez hartu zuen erabakia. Pandemiaren ostean ospatu zen lehen Antzara Eguna izan zen, 2019tik ezin izan baitzen antolatu koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz.
Udaletik azaldu zutenez, «jaien eboluzio natural bezala» ulertu behar da erabakia, eta jaietako ikuskizunetan animaliak ez erabiltzeko hautua berretsi zuten. Gogoratu behar da 1980ra arte bizirik jartzen zirela antzarak, eta hortik aurrera hilda egoten zirela.
Era berean, 2008an hasi ziren aztertzen gomazko antzarak sortzea. Izan ere, hegazti-gripearen ondorioz, gero eta zailtasun gehiago zeuden benetako antzarak lortzeko. Urtetik urtera prototipoa sortzen eta hobetzen joan zen, eta 2014. urtean lehenengo aldiz erabili zen Gaiker enpresaren polimerozko antzara.
Urtetik urtera erabilera kopurua igotzen joan zen, eta erdiek baino gehiagok gomazko antzaren alde egin zuten 2018 eta 2019ko edizioetan. Hori dela eta, Udalak animaliak baztertzea erabaki zuen. Gainera, ikuskizun entretenigarriagoa eskaintzen dutela gomazkoek nabarmendu zuten, antzara naturalak azkarrago apurtzen direlako eta altxaldi kopuru handiagoa egiteko aukera dagoelako.