1977/2024 , Irailak 11

Urtzi Urrutikoetxea

XXI. mendeko sarrera bortitza

Kataluniako Diada nazionalarekin eta Pinocheten estatu-kolpearekin lotzen zen batez ere irailaren 11 XX. mende amaieran. Oraindik ere data garrantzitsuak dira, noski, baina munduan New Yorkeko eta Washingtoneko erasoen memoriaren itzalean geratu dira neurri handi batean. Lau hegazkin bahitu eta Al-Qaedako hemeretzi militante jihadista suizidek AEBetako lurraldean gertatutako eraso hilgarriena gauzatu zuten duela 23 urte.

World Trade Center eraikinaren inguruan lanean, artxiboko irudian.
World Trade Center eraikinaren inguruan lanean, artxiboko irudian. (EUROPA PRESS)

30 urtetik gorako gutxi dira 2001eko irailaren 11n non zeuden ez dakitenak. Euskal Herrian uda amaierako arratsaldea zen, eta goizeko lehen ordua Estatu Batuetako ekialdean. Lanean hasteko ordua, New Yorkeko World Trade Center edo Dorre Bikietan, esaterako.

Hegazkin-istripu bat aipatu zen hasieran, harik eta leku berean, aldameneko dorrean, bigarren hegazkinak jo zuen arte. Dardara bat, eta ordubetera, behera etorri zen lehen dorrea. Hogeita zortzi minutu beranduago, berdin egin zuen bigarrenak.

Hogeita bost mila lagunek lortu zuten etxe orratzetatik irtetea. Beste hiru mila inguru bertan geratu ziren, erreskate lanetara joandako ehunka polizia tartean. Virginiako Arlingtonen, Washington kanpoaldean, hirugarren hegazkin batek Pentagonoan jo zuen.

Ez dago argi bidaiariek Pennsylvanian eraitsi zuten laugarren hegazkinak zein jomuga zeukan zehazki. Washingtoneko Kapitolioa aipatu izan da, baita Etxe Zuria bera ere. Kontuak kontu, George W. Bush presidentea ez zen hiriburuan une hartan, Floridako eskola batean baizik. Gertatutakoa kontatu eta ikasgelatik irtenarazi zuten unea betiko geratu zen gordeta.

Lehendakaritzara doi-doi iritsi zen lehendakaria zen Bush, 2000ko hauteskundeetan Floridako zenbaketari buruz egondako nahasmenaren ostean. Auzitegietara joan zen boto-kontaketa bera, eta azkenean epaileek garaipena Bushi eman bazioten ere, legitimitate arazo handia izan zuen lehen hilabete haietan.

Salbuespena normaltasun

Irailaren hamaikak horren guztiaren amaiera ekarri zuen. Kito zalantzak, ñabardurak eta legitimazio-arazoak. Nazioa minduta zegoen, eta denek banderaren eta presidentearen atzean elkartu beharra zeukaten. Gutxiengo txiki batek Etxe Zuria itsu-itsuan jarraitzearen arriskuaz ohartarazi zuen. Baina Bushek Afganistanera gerra eraman zuenean, estatubatuarren hiru laurden ados zeuden (hamar urte beranduago, erdiak baino gutxiago ziren).

Dick Cheney presidenteordeak eta Donald Rumsfeld estatu idazkariak argudiatu zutenez, denak balio zuen «gaizkiaren munduari» irabazteko. Azaroan Patriot Law onartu zuten, «terrorearen aurkako gerran» ez zen gerra-presorik edo kriminal arruntik izango, borrokalari etsai izen lausoa zeukan kategoria sortu zen. Eufemismo gehiago sortu ziren tortura legeztatzeko eta non gauzatu prestatzeko. Azken helmuga Guantanamo zen.

Inoiz baino informazio gehiago zegoela zirudienean, begi-bistako gezur bat Iraken gerra abiarazteko aitzakia bihurtu zen. Teknologiak gauza asko aldarazi zituen munduan, eta protestak ere halaxe zabaldu ziren gerraren aurka. Alferrik izan zen, ordea.

Suntsipen handiko armei buruzko gezurrak bidea egin zuen, Azoreetako goi-bileraren irudiak argi berdea eman zion, eta inoiz baino ahots ozenagoak irten arren aurka, bai munduko kaleetan, bai eremu diplomatikoan (II. Mundu Gerraren osteko Alemania ez zegoen ohituta Washingtoni ezetz esatera), aldez ala moldez gaur egunera arte irauten duen inbasio-gerrari ekin zioten. Eguneroko paisaia aldatu zen New Yorkeko, Washingtoneko eta AEBetako beste hiri askotako kaleetan; polizia-agenteak ugaritu ziren, garraio publikoetan arreta zorrozteko deiak, eta bolardoak jarri zituzten leku esanguratsuenetan.

Herritar bakoitza bere txokoaren zelatari bihurtu zen, eta zuria ez izatea edo, batez ere, izen musulmana izatea infernu bilakatu zen. Shock egoeran herritarrek gobernuari salbuespen neurriak ontzat eman izana komunikazio oro zelatatzeko argudio bihurtu zen. Gertatzen ari zenaren frogak haizatzen zituenari ondo ordaintzen zioten. Eta etxean zelatatzen zen gisan, atzerrian Abu Ghraib-eko torturek bertan behera hondoratu zuten ustezko nagusitasun morala.

Mundu osoko aireportuetan ezerosotasuna nagusi izatea eta kontrolik zorrotzenak jasan beharra zera arruntak bihurtu da ordutik. Hor ere, ezerosotasunaren maila aldatu egiten da pasaportearen, izenaren eta azal-kolorearen arabera.

Beldurra irrazionala dela argudiatu liteke, baina shock-a nola gainditu eta izua nola kudeatu ere garrantzitsua da. Segurtasun neurriak muturreraino zorroztuta ere, AEBetan sakon errotutako armen kulturak milioika pistola eta fusilen salmenta eragin du urtez urte. Eta horren ondorioak ikastetxeetan, hirietako kaleetan edo mitin politikoetan ikus daitezke, uztailean Trumpen aurkako erasoan gertatu bezala.

Eraso arriskurik egotekotan, hortzetaraino armatutako supremazismo zuriaren mehatxua da gaur egun AEBetan nabari litekeen larriena. 2021ean estatu-kolpea ematen saiatu zirenek ikasi zuten lezioa zen hurrengoan hobeto egin behar zutela. Eta terrore horren arriskuaren aurrean, ez da 2001ean onartu ziren neurrietako bakar bat ere hartu.

Honi buruzko guztia: 2001