2009ko irailaren 13a egun handia izan zen Kaiku Arraun Taldearentzat. Izan ere, 27 urteko lehortearen ostean, Kontxako Bandera zazpigarren aldiz joan zen Sestao aldera. 1954an eta 1959an Iberia klubak irekitako bide arrakastatsuari jarraipena eman zion Kaikuk 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, Jose Luis Korta gazte baten eskutik bost urtean lau bandera bereganatuz, baina urrezko aro hori amaituta, urte asko behar izan zituzten sestaoarrek arraunaren Olinpora itzultzeko.
Bultzada ekonomiko handiarekin eta berriz ere Kortaren esanetara, talde bikaina osatu zuten bizkaitarrek 2008an KAE Liga –bigarren maila– aise irabazi eta TKE Ligara –lehen maila– igotzeko. Baina mailaz igo bakarrik ez, «galaktikoen» Kaiku hark Kontxa irabazi ere egin zuen 2009an. Arraunlari fitxatu berriak ontziratzeko Ligan zituzten mugarik gabe –Euskadiko eta Espainiako Txapelketak ere halaxe irabazi zituzten–, hegan egin zuten Donostiako badian eta 17 segundo sartu zizkioten Castrori bigarren jardunaldi gogoangarri hartan, lehen igandean lortutako bost segundoko errentan pentsatu gabe.
«27 urteko gosea ase du Kaikuk Kontxako badian», halaxe zioen hurrengo egunean GARAren azaleko izenburu nagusiak. «Kaikuk izen handia du berriz ere. Sestaoarrek Donostia berdez jantzi zuten aspaldiko partez, eta Jose Luis Kortari bere hamabosgarren Kontxako Bandera eman zioten. Egun ezin borobilagoa izan zuten, hasieratik bukaerara erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuten. Azken metroetan, gozatzeko denbora eta guzti izan zuten», azaltzen zuen testuak kaikukoen ospakizunen argazki handiaren alboan.
Proiektuak hainbat urtez jarraitu zuen indarrean, eta Kaiku handi hark beste Kontxa bat irabazi zuen 2012an, baita hiru TKE Liga jarraian ere, 2011 eta 2013 artean. Baina dirua urritzen eta aurrekontua murrizten joan ahala, proiektua mailaz apaltzen joan zen, eta azken urteotan garaipenetik urrun dabiltza sestaoarrak.
Kontxako kronikak, 'Egin'-en sorreratik
Atzera begiratuz, paradoxikoa da 'Egin'-en sorrerak ere ontzi bizkaitarren urrezko aroarekin bat egin izana. 'Egin' 1977an sortu zen, baina ez zen garaiz iritsi Santurtzik irabazi zuen urte hartako Kontxaren berri emateko. Horregatik, gure egunkarian aurki dezakegun Kontxaren lehen kronika 1978koa da, hain zuzen ere Kaikuk bere lehen garaipena eskuratu zuen urtekoa. «Kaiku afianzó la bandera de la Concha con otra gran victoria» izan zen bigarren jardunaldiko kronikaren titularra, lehen jardunaldian ere erakutsitako nagusitasuna gogoratuz eta Norberto Torres 'Txirri' patroi historikoaren adierazpenak gehituz. Hori bai, kronika asteartean argitaratu zen, garaian ez zelako egunkaria izaten astelehenetan.
Kronika horretan banderak Bizkaian jarraituko zuela nabarmentzen zen, urte bat lehenago Soterak lortu zuelako bere lehen garaipena. Bizkaitarren agintaldiaren hasiera baino ez zen, 1979an moreak gailendu zelako berriz eta 1980tik 1982ra Kaikuk hiru aldiz jarraian bereganatu zuelako urteko trapurik garrantzitsuena. Famatuak dira Santurtzi eta Sestaoko jarraitzaileen garaiko abesti eta ospakizunak, «Kaiku que tu eres el amo» eta antzekoak, 'Egin'-en jasoak geratu zirenak.
Oriok, nork bestela, amaitu zuen 1983an bizkaitarren aro horrekin, eta 1984an Zumaia bilakatu zen protagonista. Telmo Deun ontziak urte hartan jokatutako estropada guztiak irabazi zituen, baita Kontxa ere, bere historian lehen aldiz. Luis Mari Olasagasti 'Luxia' entrenatzaile zutela, probako errekorra ere hobetu zuten 20:03ko denbora lortuz, sekulako marka garai hartarako.
Zumaiak beste bandera bat eraman zuen 1987an, baina 80ko hamarkadaren amaiera eta 90ekoaren hasiera pasaitarren aroa izan zen, egiari zor. 1986tik 1995era jokatutako hamar banderetatik lau sanjuandarrek eraman zituzten, eta San Pedrok beste lau. 1986an, esaterako, urte dezenteko lehorteari amaiera ipini zion San Juanek, estropada gogoangarri batekin.
«Donibane pulverizó todos los records de La Concha» titulatu zuen Juan Carlos Latxaga kazetari ezagunak. Eta kronikaren lehen paragrafoa ere goraipatzekoa da. «Donibane realizó ayer una gesta que pasará a los anales no sólo de la historia de la regata de La Concha, sino de la del remo. Los hombres de la Erreka se desataron ayer sobre las tranquilas aguas de la bahía donostiarra y completaron una regata que quedará en el recuerdo. Bajar de los cuarenta minutos en las dos jornadas de La Concha era un prodigio que nadie en sus cabales podía atreverse a aventurar. Los patroneados por Lujambio lo consiguieron. Los miles de aficionados que se dieron cita en Donostia se rindieron a su extraordinario bogar, lo mismo que se rindió Zumaia, una gran tripulación que luchó lo indecible pero tuvo que reconocer la superioridad de su adversario».
Urte bikainak izan ziren kirol mailan pasaitarrentzat, baita alde bateko eta besteko zaleen artean lehia handiak sortu zituena ere. Baina mingarriena San Juanen sortutako ezinikusi eta haserreen gorakada izan zen, Koxtape arraun kluba zatitu eta uretan bi traineru arrosa elkarren aurka lehiatzera eraman zituena. Alde horretatik, aipamen berezia merezi du 1995eko ekitaldiak, Donibaneko talde sortu berriak Kontxa irabaztea lortu baitzuen.
«Kontxako Banderan bere lehen garaipena lortu zuen Donibanekok», zioen 'Egin'-eko lehen orrialdeko titularrak irailaren 11n, argazkian Joseba Fernandez gaztea bandera hartuta ikusten dela. Kronika Javier Nuñezek sinatzen zuen, garaipena lehen jardunaldian pilatutako abantailari esker lortu zutela nabarmenduz. Era berean, Joseba Iturriak Donibanekoren historia laburra bezain gorabeheratsua laburtzen zuen beste testu batean, 1991 amaieran sortutako talde batek 1995ean Kontxa irabazi izanaren meritua azpimarratuz.
Eta mende amaiera Oriorentzat izan zen ederrena, XX. mendeak arraun munduan kolorerik izatekotan kolore horia izan baitzuen. Jose Luis Korta etxera itzuli zen eta bere eskutik lau Kontxa bereganatu zituen Oriok bost urtean, 1996tik 2000. urtera –geroztik beste bi bakarrik irabazi ditu gizonezkoetan maila horretan 32 garaipen dituen klubak–. Denborak ematen duen perspektibarekin, onartu behar da garai hartan Oriok osatu zuen kuadrilla gutxitan ikusi dela: Miguel Angel Lizarralde 'Altxerri', Ibon Urbieta, Jon Salsamendi, Josean Olaskoaga 'Aizperro', Mikel Orbañanos, Puertas anaiak... XXI. mendearen hasieran arraunaren nondik norakoa markatu duten izen garrantzitsuak dira denak.
Gure kazetaritza ikuspegitik, 1998ko ekitaldi berezia nabarmendu daiteke. Izan ere, asteartean jokatu zen bigarren jardunaldia, itsasoaren baldintzek estropada bi aldiz atzeratzea ekarri baitzuten. 'Euskadi Informacion' egunkarian argitaratu zen Kontxako kronika bakarra izan zen, eta bertan aipatzen zenez, ez zen iskanbilarik falta izan, arraunzale askoren ustez astelehenean estropada jokatzeko moduko baldintzak izan zirelako. Oriok nagusitasunez irabazi zuen bigarren jardunaldi hori ere, eta bere hirugarren bandera eraman zuen jarraian.
Mende aldaketarekin bat egin zuen GARAren sorrerak, eta arraunari dagokionez, kantabriarren aroarekin. Bixente eta Jose Luis Korta anaien eskutik, Castro izan zen abian jarri zuten lehen proiektu handia. Euskal Herriko arraunlari onentsuenak fitxatuz, sekulako garaipenak lortu zituen La Marinera ontzi famatuak, 2001 eta 2002ko Kontxak tartean, bere kolore gorriagatik Ferrari autoekin ere konparazioak egiten zirelarik.
Astillerok ez zuen gutxiago izan nahi eta urdinek ere talde bikaina osatu zuten urte haietan, San Jose ontziaren bertsio desberdinetan. Jose Manuel Francisco prestatzaile galiziarraren aginduetara eta Izortz Zabala patroi zela, 2003ko eta 2004ko Kontxak bereganatu zituzten. Eta beste maila batean izan arren, Pedreñak ere oso ontzi indartsuak izan zituen urte haietan, Joseba Fernandez buru zutela. Guztira, 2001 eta 2008 urteen arteko zortzi ekitaldietatik sei kantabriarrek irabazi zituzten, eta egiari zor, Hondarribiak bereganatu zuen 2005eko edizioan ere irabazle morala Pedreña izan zen.
Emakumezkoen Bandera, mugarri historikoa 2008an
Eta Kontxako Banderaren historia luzeko beste mugarri nagusienetako bat 2008an iritsi zen, urte hartan jokatu baitzen emakumezkoen lehen bandera. Irailaren 13an, larunbatez, egin zen sailkapen estropada, eta irailaren 14an, igandez, izan zen banderaren lehia txanda bakarrera. Galiziak lortu zuen garaipena, selekzio bezala lehiatuz eta Astillero baino bost segundo azkarrago helduz helmugara. Getaria-Zumaia izan zen hirugarren, eta Hondarribia laugarren.
«Cabo da Cruz, Meira eta Chapela arraun elkarteetako neskekin osatutako selekzio galiziarrak bere izena hizki handitan idatzi du Kontxako Banderaren historia luzean. Haiek dira historiako emakumezkoen lehen estropadaren irabazleak eta, gainera, Kontxan garaipena lortzen duen lehen traineru galiziarra osatu dute, gizonezkoetan inoiz ez baitute lortu. Arrazoirik ez zaie falta pozik egoteko eta, iragarri dutenez, hurrengo urtean are indar handiagoarekin itzuliko dira badiako uretara», hasten zen estropada historiko horren GARAko kronika.
Eta horrela amaitu: «Ikusgarria izan zen arraunlariei portuan egin zieten harrera eta ontzi desberdinetako jarraitzaileek besteei ere eskainitako txalo sorta. Arraunlari galiziar batek aipatu zuen moduan, 'lehen gu ginen besteei txalo egiten jarduten genuenak, eta orain norberak txaloak jaso ahal izatea oso polita da'. Ongi merezitako txaloak jaso ere, inolako zalantzarik gabe».
Urtez urte aldaketa nabarmenak izan ditu emakumezkoen probak: sailkapen estropada jokatzeko eguna, bandera bi jardunalditara jokatzea, bi txanda eta zortzi traineruk arraun egitea... Eta emaitzei dagokienez bi aro nabarmendu ziren lehen urteetan: Galiziak bost garaipen erdietsi zituen jarraian selekzio moduan, eta San Juanek beste bost kateatu zituen 2014 eta 2018 artean –erdian Zumaiak bereganatu zuen 2013koa–. Gerora, Oriok hiru irabazi ditu eta Donostia Arraun Lagunakek beste hiru.
Eta gizonezkoetan, azken hamarkada luzea Urdaibai eta Hondarribiarena izan da. Bermeotarrek zortzi bandera lortu dituzte azken 15 urteetan, Hondarribiak lau, eta batek irabazi duenean normalean bestea izan da bigarren eta aurkari nagusi. Izen propioetara joz, Gorka Aranberri patroia edota Iker Zabala arraunlari eta entrenatzailea nabarmendu daitezke, beste hainbat arraunlarirekin batera, bizkaitarren aldetik –biek 2021ekoa ere irabazi zuten Santurtzirekin–; Hondarribian Ioseba Amunarriz patroia edota Mikel Orbañanos entrenatzailea aipa daitezkeen bezalaxe.
Borroka horren adibide izan zen 2013ko ekitaldia, esaterako: Urdaibaik markatu zuen denborarik onena bi jardunaldietan, baina bigarren igandean pare-parean zirela arraunek talka egin zuten. Orduan, epaileek Urdaibai kanporatu zuten eta bandera Hondarribiari ematea erabaki zuten ordu eta erdiko itxaronaldi luzearen ondoren.
Belaunaldiz belaunaldi herri, auzo, bailara, lantegi edota zaletu desberdinen artean etengabeak izan diren pike sano eta ez horren sanoen azken lagina baino ez da Urdaibai eta Hondarribiaren artekoa.
Izan ere, kirol ikuspegi hutsetik haratago doan hitzordua da Kontxako estropadena. Apustuak, zaleen arteko giroa, arraunlariei egiten zaien errekonozimendua, herrietako harrerak, parranda, mota guztietako aldarrikapenak... Modu desberdinetan bizi daitekeen zita da irailekoa, eta etxe honetako komunikabideak horiek denak kontuan hartzen saiatzen dira urtero elkarrizketa, erreportaje, gehigarri eta argitalpen berezien bitartez. Azken urteotan NAIZ Irratian zuzeneko kontaketa ere gehitu zaio gure eskaintza zabalari.