53 autobus atera ziren Euskal Herritik, hamarnaka kotxez gain, Herrera de la Manchako espetxerantz, 1984ko irailaren 22an. Urtebete lehenago Puerto de Santa Marian zeuden presoak bertara eraman zituztenetik egiten zen hirugarren martxa zen. Egun hartan, 3.000 lagun inguru bildu ziren kartzelaren kanpoaldean, senide batzuk, Gestoraseko ordezkariak eta HB-ko parlamentariak espetxeko zuzendariarekin elkarrizketatzen ziren bitartean.
Presoekin komunikazioa, Teresa Todak 'Egin'-en adierazi zuen bezala, «oihuka, abestuz, pankarten bidez eta ikurrinak astinduz» egin zen. Eta erantzuna iritsi zen espetxe barrutik. «Ez dakigun moduren batean egindako ikurrinak atera zituzten leihoetatik, abestu egiten zuten».
«Bidaia luzea zen, baina merezi zuen. Hitz bakar batek biltzen du gertatutakoa: elkartasuna».
Gose greba Europara
12 urte beranduago, 1996an, milaka izan ziren berriz ere kalera atera zirenak. Kasu horretan, astebetez Europako zazpi hiritan gose greban egon ziren 540 euskal herritarrei harrera egiteko. Irailaren 9tik, kolektibo osoaren izenean, 22 euskal preso greba mugagabean zeuden, eta hauen egoera ezagutzera eman asmoz, 500 lagunek gauza bera egin zuten, astebetez, Paris, Ginebra, Erroma, Berlin, Kopenhage, Brusela eta Lisboan.
Baionan, Donostian, Deban, Ordizian, Hernanin, Oñatin, Oreretan, Bilbon, Basaurin eta Gasteizen izan ziren harrera haiek, zeinetan egindako ahalegina eskertu baitzitzaien gose grebalariei. Bertako testigantzak jaso zituen 'Egin' egunkariak.
Tortura testigantzak
Hamarkada hauetan milaka euskal herritar pasatu dira espainiar Auzitegi Nazionaletik. Eta tortura testigantza gogorrak entzun dira, ohiko bilakatzeraino. 2014ko irailaren 22an hasi zen bertan Euskal Herriko 28 gazteren aurkako epaiketa, Segi antolakundeko kide izatea leporatzen zieten.
Epaiketako lehen egun hartan, Ander Maeztu, Garazi Autor, Izaskun Goñi, Oihana Lopez, Eneko Villegas, Ibon Esteban eta Egoi Irisarrik jasandako torturak salatu zituzten Angela Murillo epailearen aurrean, Alberto Pradilla kazetariak GARA eta NAIZentzat bertatik bertara jarraitutako saioan. Espainiako Poliziaren eskutik inkomunikatuta egon ziren bitartean tratu txarrak jasan zituztela eta Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean ere salatu zutela azaldu zuten guztiek.
«Beldurrak jota nengoen», kontatu zuen Maeztuk. «Nahi zutena egin zezaketen nirekin». Autorrek jasandako torturak eta sexu-erasoak ere azaldu zituen. «Jertsea eta alkandora kenarazi zizkidaten. Bularrak ukitu zizkidaten. Kolpeak jaso nituen buruan, bizkarrean, eta ukabilkadak tripan». Kontakizunak bata bestearen atzetik etorri ziren. 10 urte beranduago, haietako batzuk nafar Gobernuaren aitortza jasotzeko prozesuan daude.
Epaiketaren amaieran, Fiskaltzak erretiratu egin zituen 28 gazteetatik 12ren aurkako akusazioak, eta, azkenean, Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe-zigorra ezarri zien zazpi akusaturi, beste bederatziak absolbituz.
Eta berriz ere, atxiloketak
Absoluzio horiek euskal gatazkaren fase berri baten zantzuak ere baziren. Hala ere, atxiloketak izango ziren berriz ere albiste. Gazteek torturak salatu eta urtebetera, Polizia frantsesak Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxo Flores atxilotu zituen Baigorrin.
Espainiako Barne Ministerioak, Jorge Fernandez Diazek, ETAren «burugabetze absolutu» gisa saldu nahi izan zuen operazio hura. Operazio hori ETAren «ia heriotza akta» eta «erabateko burugabetzea» dela aldarrikatu zuen, eta, bere ustez, horrek erakusten zuen Mariano Rajoyren Gobernuak ez zuela «ez negoziatu, ez negoziatuko» ETArekin.
32 urte eta gero, aske
Azken urteetan, aldiz, askoz gehiago dira espetxeko atea kalera bidean gurutzatzen dutenak. Euskal preso politikoen kopurua, gaur egun, 130ekoa da. Askatasuna berreskuratzeko bide horretan, 2022ko irailaren 22an jakin zen Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot espetxetik irtengo zirela, 32 urte eta gero. Maite Ubiria kazetariak eman zuen honen berri NAIZen.
Parisko Apelazio Auzitegiko Zigorrak Ezartzeko Salak onartu egin zituen Esnal eta Parot preso lapurtarren defentsak aurkeztutako demandak. 1990eko apirilean atxilotuak izan ondoren, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zieten Esnali eta Paroti 1997an.
Hala ere, benetako biziarteko kartzela-zigorra frantziar Estatuan legezkoa ez denez, Justiziak ezarritako epaiek segurtasun-aldi bat aurreikusten zuten, eta, horren ostean, bi presoek espetxetik ateratzeko aukera izan beharko zuketen.
Baldintza hori duela urte batzuetatik betetzen zuten arren, frantziar Justiziak atzera bota zituen, bata bestearen atzetik, beren defentsaren eskaerak, baldintzapeko askatasunean atera zitezen.
32 urte espetxean emanda, 71 urterekin, aske geratu ziren biak. Parot Mureteko espetxetik atera zen urriaren 13an, eta gauza bera egin zuen Esnalek, bost egun geroago, Lannemezan atzean utziz.