1977/2024 , Irailak 30

Artefaktua

Euskaldunak, Georgian maitatuak 1978an

«Harrigarria bada ere, euskaldunok Georgian Madrilen baino hobeki ezagutu izan gaituzte», esan zuen Xabier Kintanak Kaukasoko errepublikara egindako bidaia bati buruzko erreportajean. Georgiarren harrera adeitsua eta abegikortasuna nabarmentzen zituen, baita euskaldunei buruz duten ezagutza ere.

Georgiako bandera bat eliza baten aurrean, Tbilisin.
Georgiako bandera bat eliza baten aurrean, Tbilisin. (Serenay Tosun | UNSPLASH)

1978an, Xabier Kintana idazle, filologo eta 'Egin'-eko artikulugilea bi hilabetez egon zen Georgian, garai hartan Sobietar Batasunean zegoen errepublikan. Pavle Gilaxvili georgiar presidenteak berak harrera egin zion, eta gertutik ezagutu zituen bertako errealitate soziokulturala eta Euskal Herriarekiko zuten miresmena.

Urte bereko irailaren 30ean, 'Egin'-en argitaratu zen bere erreportajea, Kaukasoko errepublikan izandako bizipenak komentatuz. Georgiarren harrera adeitsua eta abegikortasuna gogoratzen zituen, baita ezagutu zituen pertsona ospetsuak ere, bereziki kulturaren arlokoak.

Baina, batez ere, Georgian Euskal Herriari eta euskarari buruz duten ezagutzak harritu zuen gehien Kintana: Basketi izeneko Euskaldunei buruzko film bat; euskara klaseak Tbilisiko Unibertsitatean; 1936ko euskal selekzioaren partida baten oroitzapena; Athletic… Bitxia da 42 urte geroago erreportajea irakurtzea. Hona hemen testu osoa:

Euskaldun bat Georgian

Xabier KINTANA

Maiatzaren 20an, gauean, Tbilisira heldu nintzen, goizean Madrildik hegazkinez irtenda. Georgiako Zientzien Akademiaren deia nuen, bertan bi hilabetez kartveliar hizkuntza eta literatura ikasteko.

Heltzean izan nuen harrera oso ona izan zen. Alexandre Dumas-ek berak ere ondo aitortu zuen georgiarren abegikortasuna, baina egia esan, frantsesa barik, bera euskalduna izan balitz, oraindik gehiago goraipatuko zukeen hura. Nik, lehenbiziko unetik, etxean ibiltzeko inpresioa nuen. Euskalduna nintzela jakin bezain agudo, jende hark, Ameriketara aspaldian joan eta orain etorri berria den ahaide maite bati bezala, bere bihotza erabat zabaltzen zidan. Etxean egoteko ilusio hori, bestalde, georgiarren itxura fisikoak areagotzen didan, askok euskaldun garbien antza baitute. Nik neuk behintzat nafar-giputz mendietako aurpegi berberak ikusten nituen han maiz. Gehienak pertsona oso alaiak, umoretsuak eta guztiz jatorrak ziren.

Bertako agintari eta buru-langileekin

Prentsak eta irratiek nire etorreraren berri puntualki eman zuten eta telebistaz bi aldiz atera ninduten. Bietan georgieraz eta euskaraz mintzatu nintzen. Toki ofizial guztietara joaterakoan, neure adiskide mina den Ilia Tabagua irakaslea nuen, hainbeste mesede zor diodana. Nigatik hartu zituen nekeak ez ditut inoiz ahantziko.

Maiatzaren 29an Ilia Txavtxavdze idazle handiaren omenaldia izan zen Tbilisin, eta orduan, beste idazle sobietar eta ordezkari askorekin, tartean Georgiako Errepublikako lehendakari Pavle Gilaxvili-rekin, afaltzeko era ukan nuen. Berak ongi etorria eman zidan georgiar herriaren izenean, eta berarekin gure nazio bien arteko anaitasun eta adiskidetasunagatik brindis egin nuen.

Hurrengo egun batez, Kulturarako ministroak, Otar Taktakixvili konpositoreak, bere bulegoan errezibitu ninduen ordu erdiz. Han, Euskal Kontseilu Nagusiko kultur ordezkariak, Maturana jaunak, emandako gutuna agertu nion, bertan kultur arloan gure herri bion arteko harremanak sendotzeko proposamena egiten zitzaiolarik. Taktakixvilik oso begi onez ikusi zuen eskaria, hori urtean zehar zenbait ekintzatan konkretatu behar zela gaineratuz.

Tbilisiko Unibertsitateko errektorearentzat, halaber, Bilboko Unibertsitateko buru den Martin Mateoren kortesiazko eskutitza banuen. Georgiarraren ustez, irakastegi bien arteko loturak gehitu beharko lirateke, euskal eta georgiar kulturaz ikastaro monografikoak eman ditzaketen irakasleak elkarren artean trukatuz.

Georgiako Zientzien Akademia, Idazleen Elkarte eta museoentzat, Sigfrido Koch-en oparitzat, argazki litografia mordo bat nuen, bai eta Laukizeko arte-eskolako tapiz bat ere, Anton Txakonek egina. Euskaltzaindiaren partez liburu sorta bat ere eraman nuen, bai eta Lankide Aurrezki Kutxak argitaratutako azken obrak ere. Erregalu guztiok biziki estimatu zituzten, Nestor Basterretxearen arte-liburu zoragarria batez ere.

Ezagutu nituen pintatzaile, eskultore, idazle eta osterantzeko artisten artean, Gaston Buaxdze-rekin aparteko adiskidetasuna egin nuen. Beronen ama frantsesa zen eta berak hizkuntza hori oso ongi zekien.

Gastonek, bertso ongi neurtuetan, Rusthaveliren poemaren itzulpen berri bat egiten dihardu frantsesez, orain arte Bedi Kartlisa aldizkarian publikatu dituen zatien araura egiazko maisulan gisa geldituko dena. Berarekin mintzatu ondoan, georgieraz euskal poesiaren antologia bat egitea erabaki zuen, neronek euskaraz georgierazkoa neure gain hartzen nuelarik. Beste pertsonaia aipagarri bat Rezo Dzjheidze izan da. Georgiako Kinostudiako burua, Sobietar Batasuneko zinema zuzendaririk famatuenetako bat; Euskal Herrian georgiar filmen erakusketa bat egiteko proposamena egin zidan.

Georgian gure problema Madrilen baino ezagunagoa zen

Harrigarria bada ere, euskaldunok han Madrilen baino hobeki ezagutzen gaituzte. Eta ez pentsa diodan hau esaldi hutsa denik. Behin, Leo Gabunia paleontologoaren etxean afaltzen ari nintzela, hara zer kontatu zidan: «Ni behin Espainiara joan nintzen, Paleontologiako nazioarteko symposium batera. Han nengoela, Madrilgo Unibertsitateko errektoreari euskal gramatika bat non eros nezakeen galdetu nion, eta erabat harriturik gelditu nintzen haren erantzunaz: “A, baina dialekto horrek gramatikarik badu, ala?”». Eta hura Unibertsitateko errektorea zen, jaunok, ez kaleko ezjakin gizagaixo bat. Honelakorik ere entzun behar zen Georgian. Arazoa, bestalde, duela urte gutxi gertatua da.

Zer moduz dabil zuen Athletic?

Hau ere sarritan galdetzen zidaten, hasieran irakurleak pentsa dezakeen harriduraz. Georgiarrak oso football zaleak dira, eta beraien ekipoa, Tblisiko Dinamo famatua, Sobietar Batasuneko onenetakoa da, gainera, maiz lehena gelditzen delarik. Gurean bezala, georgiar ekipoa erabat autoktonoa da, beste nazioetako jokalaririk inoiz onartu gabekoa.

1936an, hara euskal futbolarien selekzioa joan zen georgiarren kontra jokatzera. Partiduaren pasarte interesgarrienak, gainera, filmaturik dauzkate eta erakutsi zizkidaten. Gure ekipoa euskaldun gisa aritu zen, ikurrin ugariz lagunduta. Dirudienez, haien tankera biziki gustatu zitzaien, halako punturaino, non, gaur egun ere, jokalari bat ona denean, georgieraz honela esaten baitute: “Es pejhburteli kargia rogortz baskei" (futbolari hau ona da, euskaldunen antzekoa). Iribar ezagutzen nuela jakitean, gainera, askok haren autografoak eskatzen zizkidaten.

Bada beste anekdota bat, georgiar batek behin maleziaz kontatua. Antza denez, euskal futbolariren batek ez zuen 1936an denborarik galdu eta georgiar neska bat haurdun utzi omen zuen. Eta, amaren imintzio gaixtoren bat ez baldin bada behintzat, bada Tblisin aita euskalduna duen 42 urteko gizon ondo heldu bat. Sherlock Holmesi uzten diot nik, ordea, haren arrastoa aurkitzen.

Basketi filma

Duela urte pare bat georgiar zinemagile batzuk Euskal Herrira etorri ziren. Arazoa erdi sekretua izan zen, sasoi hartan oraindik Madrilek sobietarrekin harreman diplomatikorik ez zuelako. Haien misioa Euskal Herriari buruzko film bat egitea zen. Lan horretan Koldo Mitxelenak laguntza estimagarria eskaini ziela esan zidaten, eta bera ere, beste linguista batzuen artean, izar gonbidatu gisa agertzen da filmean, georgieraz agur bat eginez eta guzti. Filmaren izena 'Basketi' da, eta gure herriaz egindako dokumental horren bidez Georgiaren eta Euskal Herriaren arteko antzak nabarmendu nahi dira. Hondoko musika neronek duela zenbait urte hara bidali nuen zinta batetik atera da, Oskorri-ren kantuez osatua. Gaur egun ia georgiar guztiek ikusia dute 'Basketi' (Euskal Herria) filma. Dakidanez, gainera, datorren urtean georgiar zinemagileek gurera berriz etortzeko asmoa dute, Euskal Herriaz beste lan bat egiteko.

Euskara Tbilisiko Unibertsitatean

Duela hiru urte Tbilisiko Unibertsitatean euskarazko eskola boluntarioak eta ofizialak jarri ziren; hau da, orain Euskal Herrian batzuk ipini nahi lituzketen bezalaxe. Lehen irakaslea Greta Txantadze andrea izan zen, geroago Yuri Zystar ere bai, euskaldunon lagun jator askoak biak. Ikasleak, dozena bat guztira, Filologiako Fakultatekoak dira eta jadanik aski aurreraturik dabiltza. Patxi Altunaren 'Euskera, hire laguna…' metodotzarra erabiltzen zuten.

Honi buruzko guztia: 1978