1977/2024 , Urriak 8

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Ahaldun nagusi bat hilik eta 34 atxilotu, 26 urteko aldeaz gurpil-zoro berean kateaturik

Gatazka armatuaren gurpil-zoroa ez zen 1977an hasi mugitzen, baina Gernikan agian bai, 40 urte lehenago. Kontua da aipatutako urte horretan eta bertako pilotalekuan ETAk Bizkaiko ahaldun nagusia hil zuela, frankismoari oraindik lotuak ziren erakundeen kontra egiteko asmoa berretsiz. Jira-bueltaka segitzen zuen gurpilak 26 urte beranduago, Madrilek eta Parisek batera sekulako sarekada burutu zutenean: 34 atxilotu.

Augusto Guillermo Unceta, garaiko irudi batean.
Augusto Guillermo Unceta, garaiko irudi batean. (EGIN)

Gatazka armatuak eragindako bi albiste garrantzitsu ekarri ditugu gaurkoan atal honetara, bakoitza bere garaiaren adierazgarri, baina, era berean, hamarkadaz hamarkada luzatu zen talkarekin uztarturik. Atzerago ere egin genezake egutegian, 1937ra arte, lehen albistea bonbaz zigortutako Gernikan gertatu baitzen.

Urriaren 8ko 12.50ean Bizkaiko Diputazioaren presidente zen Augusto Guillermo Unceta Barrenechea eta bi bizkartzain hil zituen ETAk Gernikan, Jai Alai pilotalekura iristean. Tiroz akabatu zituzten guardia zibilek, Antonio Hernandez Fernandez eta Angel Rivero Navarron zuten izena, Granadan eta Ciudad Realen jaiotakoak hurrenez hurren, eta Elantxobeko kuartelean ari ziren.


Gernikak esanahi berezia zuen ETAren borrokan, jakina, baina atentatua hor gertatu izanaren arrazoia beste bat izan zen: bertan pilota partida jokatzen zuen larunbatero Uncetak bere lagunekin, eta aukera hori baliatu zuen komandoak. Ekintzan erabili zuten autoa, Seat 1430 bat, Zugaztietan agertu zen gero, Gernikatik Zornotzarako bidean. Guardia Zibilak operazio oso zabala abiatu zuen, baina ezin izan zituen ETAkideak aurkitu.

Ez zen atentatuz hiltzen zuen lehen ahaldun nagusia: urtebete lehenago Juan Maria de Araluce Gipuzkoakoa ere akabatu zuen ETAk, bai eta berarekin zihoazen lau bizkartzain ere. Bi ekintzok estuki lotuta geratu ziren historia-liburuetan. Datu adierazgarri gisa, Uncetaren azken ekitaldi ofiziala Araluce gogoratzeko meza bateko parte-hartzea izan zen. Gainera, lau hilabete lehenago, 1977ko ekainean, Bizkaiko ahaldun nagusi ohi bat hil zuen ETAk, Javier Ybarra, bahitua izan ostean.

Frankismoari estuki lotuak ziren oraindik Aldundiak: Araluce gipuzkoarra hil zuen ETAk 1976an, eta Unceta eta Ybarra bizkaitarrak 1977an

Gernikako ekintza biharamunean hartu zuen bere gain ETA Militarrak, frankistatzat hartzen zituen erakundeen aurka egiteko asmoa berretsiz: «Behin eta berriro adierazi dugunez, ETAren ekinbideak ezin du demokrazia kolokan jarri, eta Estatu espainolean inolako demokraziarik ez dago». Honekin EAJren balorazioari erantzuten ziola uler daiteke, alderdi jelkideak hori bera leporatu ziolako erakunde armatuari, abian zen prozesu politikoa desegonkortzeko asmoa.

«Aurreko diktadura militar berdina dugu, baina orain irribarre itxuraz –erantsi zuen ETAk adierazpen honetan–. Aurretik, alderdi politikoak legez kanpokoak ziren; orain, batzuk legezkoak dira, baina eskuinaren mehatxupean beti (…). Espainiako oligarkiak Euskadi menderatzeko dituen tresna guztiei eraso egiten jarraituko du ETAk».

Aldundiak Francoren erregimenari guztiz lotuak ziren 1939. urtetik, eta trantsiziozkoa omen garai honetan ez zuten demokratizatzeko gogo handirik erakusten. 1979. urtera arte ez ziren osatu hauteskunde bidez.

Uncetari dagokionez, ikurrina legeztatzearen aurka oldartu zen. Hori salatzeko, gutun bitxia igorri zion Martin Villa Espainiako ministroari, erabaki horrekin «bizkaitarrak banatzea» egotziz. Eskutitz horretan dauden aipamen batzuk hilketaren iragarletzat har daitezke: «En 1977 no se desea ser valiente, porque ya se sabe donde se acaba»; «creo que no le interesará saber el calibre de la pistola con que mi hijo abre la puerta cuando llaman»...

Gernikan egindako hileta-elizkizunetan 2.000 lagun inguruk hartu zuten parte, 'Egin'-ek zehaztu zuenez, eta 200 inguruk lelo ultraeskuindarrak oihukatu zituzten, espainolez, hala nola «Suarez, canalla, has traicionado a España», «Aquí no se ve a la gente de UCD», «Ejército al poder», «Fuera amnistía, que mata policía» eta «Apala, para ti tenemos una bala». Blas Piñar buruzagi Francozale espainiarra bertaratu zen, bai eta EAJko Bizkaiko Buru Batzarreko kide batzuk ere, enpresa-gizon ugarirekin batera, Unceta ere enpresaria baitzen.

Augusto Unceta Gernikako alkatea izandakoa zen, frankismoaren garaian, eta 1977. urte hartan jarrera gogorra zuen Bizkaiko Aldundiaren agintari nagusi gisa jarduten zuen. Astra arma lantegiaren jabea ere bazen, eta beste zenbait enpresatan parte hartzen zuen. Argitaratu zenaren arabera, zerga iraultzailea ere eskatu zion ETAk aurretik.

Hileta-elizkizunaren kronikak orduko giro nahasia ederki islatzen du: ultraeskuindarren oihuak, Gernikako haurrak beren kontra harrika, pistolak airean eta balak lurrean...

Pasarte harrigarriak ditu 'Egin'-eko kronikak, garai haren erakusgarri direnak, gaur egun pentsaezinak. Esaterako, hileta bukatu ostean ultraeskuindarrak 'Cara el sol' abesteari ekin zioten eta Gernikako zenbait umek harrika erantzun zieten. Zenbait ultraeskuindarrek pistolak atera zituzten orduan eta haurrek korrika egin zuten ihes.

«Fatxa» batek zazpi bala galdu zituela aipatzen zuen 'Egin'-eko kazetariak: «Ikusi ez ezik, eskuetan izan ditugu», nabarmentzen du, bai eta argazkia erakutsi ere. Hamar egun baino ez zeraman egunkariak kioskoetan, baina albiste honen inguruan behintzat lan itzela egin zuela agerian gelditzen da.

 

Mende laurdena geroago, «kartzelan ustel daitezela»

Ia aurreko paragrafoa bezain harrigarria izan daiteke, hala ere, 2003ko egun berean gertatutakoa. Izan ere, sarekada bakar batean 34 lagun atxilotu zituzten han-hemenka, ETAko kide edo laguntzaile (ez zen garbi gelditzen) izatea egotzita: Gipuzkoan 11, Nafarroan 9, Bizkaian 7, Araban 1, Aragoin ere 1 eta Estatu frantsesean 5. Hau guztia burutzeko, 350 poliziakide izan ziren, indar ezberdinetakoak.

Manifestación en Bilbo en protesta por esta macrorredada. (Jon Hernaez | Foku)

Kolpe honek frogatu zuenez, inolako mugarik gabe espetxeak betetzea zen Estatu espainolaren erronka. Urte berean esan zuen Gobernuko presidente Jose Maria Aznarrek: «Kartzelan ustel daitezela». Hau izan zen gaur arte irauten duen 7/2003 legearen oinarria, 40 urte arteko espetxealdiak ezarriz.

Indar ezberdinetako 350 poliziakide erabili zituzten Garzonek eta Levertek. Epaile hauek erabateko protagonismoa hartuta zuten borroka honetan Madrilen eta Parisen

Ssarekada hark «Susperren paperak» direlakoak hartu zituen ardatz. ETAri harrapatutako zerrenda batetik tiraka, dozenaka atxiloketa burutu zituzten hilabeteetan zehar, froga garbirik gabe, eta inkomunikazio bakoitzean akusazioak –edo inputazio berriak ere bai, aukeran– urratzeko itxaropenez.

Sarekada hau batera agindu zuten epaileak aski ezagunak ziren, ezagunenak. Baltasar Garzon Madrilen eta Laurence Levert Parisen erabateko protagonismoa hartuta zebiltzan, euskal independentismoaren kontra eta eraso bide berriak asmatuz, «dena da ETA» doktrina adibidez, kasu espainiarrari dagokionez. Levertek Madrilen esanetara kokatu zuen bere burua beti, eta Felipe Gonzalezen Gobernuak jada 1993an saritu zuen, San Raimundo de Peñaforteko gurutze handia emanez.

Orduan modan zegoen pelikula baten tankera hartu zioten askok sarekada honi: 'Minority Report', zeinetan ustez delitugile bihur litezkeenak aurretik atxilotzen zituzten

2003ko urriaren 8ko hau «ETAren aurkako sarekada handiena» zela nabarmendu zuten hedabideek, Espainiako Barne Ministerioaren mezua bere eginez. Letra txikiagoan, ordea, «kaptazio aparatua»-ren aurka egiten zuela irakur zitekeen, ustez ETAko kide izan zitezkeenen aurka, beraz.

Hau irakurrita, orduko pelikula ospetsu beti erreparatu zion batek baino gehiagok, 'Minority Report'-i (2002); bertan, Poliziak delitugile izan zitezkeenak ezer egin aurretik atxilotzen zituelako, nonbait beren buruan zeuden asmoak irakurriz edo iragarriz. Baina 34 hauen kasuan gertatutakoa ez zen filma, zoritxarrez. Eta izatekotan beldurrezkoa zatekeen, ez zientzia-fikzio generoa.

Honi buruzko guztia: 1977