Nafarroa eta EAE lankidetzarako organo bat osatzeko zorian egon ziren 1996an. Bi saiakera izan ziren, hobeto esanda; momentu aproposenean eztanda egin zuen ustelkeria kasu batek eten zuen lehenengoa, eta Miguel Sanzen kargu hartzeak, bigarrena.
Javier Otano PSN, CDN eta EAren botoekin –eta IUren abstentzioarekin– lehendakari zela, 1996ko ekainaren 11an, Nafarroako Parlamentuak EAE eta Nafarroaren arteko Batzorde Amankomun Iraunkorrari argi berdea eman zion. UPNk esana omen zion maiatzean Otanori, ordea, kontuz ibiltzeko norabide horretan pausuak ematen jarraitzearekin.
Astebete beranduago, ekainaren 18an, Otanok dimisioa eman zuen, 'Diario de Navarra' egunkariak Urralbururekin harremanatutako ustelkeria auzia ezagutzera eman eta gero. Pasarte honen nondik norakoak Ion Telleriak jaso zituen ekaineko Artefaktuan.
CDNko Juan Cruz Allik hartu zuen behin behinean lehendakaritza eta udan zehar akordioa berriz martxan jartzeko mozioa aurkeztu zuen. Baina irailean, beste aritmetika batekin, Gobernu berria osatu zen, Miguel Sanz buru. Irailaren 18an hartu zuen kargua, eta hilabete beranduago, urriaren 21ean, lurperatu zuen Batzordea. Nafarroa Estatu auzia zela garbi geratu zen berriz.
Ia hiru hamarkada beranduago, ate hori ez da berriz ireki, baina betirako itxita dagoela esatea ere gehiegizkoa dirudi, abertzaleak gehiengo baitira EAEn, eta Nafarroan inoiz baino indartsu eta erabakigarriagoa delako ezker subiranista.
Bete gabeko promesak
Horrelako ateak irekitzeak, ordea, borondate handia, lan asko, diplomazia gehiago eta harrokeri gutxi eskatzen du. Ez dira izan Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren 12 urteko legealdiaren ezaugarri nagusiak. Urriaren 21 batean irabazi zituen orduko EAJko hautagaiak 2012ko hauteskundeak, ETAren ekintza armatuen amaierak irekitako eszenatokia indartu eta estatus berriaren inguruko programa batekin.
Urkulluren eguneroko jardunak programa hori tiraderan gorde, eta bakearen bideak eta Kataluniako Prozesuak irekitako abaguneak zapuztea izan zuen ezaugarri nagusi. Hauteskunde haietan, EH Bildu indarrarekin sartu zen, lehen aldiz, Gasteizko legebiltzarrean, 21 eserleku eskuratuta. Gipuzkoako Aldundia gobernatzen zuen ordurako, eta Lakuak sorpassoaren arriskua itotzea lehenetsi zuen.
Arrakasta gehiegirik gabe, esan beharra dago, 2024ko hauteskundeetan, lehen aldiz, EAJk eta EH Bilduk 27 eserleku lortu baitzituzten. Berdinketa. Bitartean, hori bai, hamabi urte eta aukera ederrak galdu dira.
Espetxeko ate irekiak
Urkulluk irabazi eta urtebete beranduago, 2013ko urriaren 21ean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka emandako epai entzutetsuetako bat iritsi zen. Ines del Rioren kasua izan zen epaile europarrek aztertutakoa, eta zalantza izpirik gabe ebatzi zuten kalean egon behar zuela, ez zitzaizkiolako espetxe-onurak behar bezala kalkulatu, espainiar hedabideetan «Parot doktrina» deitu zenari jarraituz.
Auziaren muina hau zen: preso batek zigorraren hiru urteko murrizketa lortzen bazuen, esate baterako, ikasketengatik, onura hori zigor osotik deskontatzen zitzaion (adibidez, 412 urteko zigorra zuen preso bati, 409ra jaisten zioten), benetako espetxealditik kendu ordez (adibidez, gehiengoa 30 urte baziren, 27 geratu beharko litzaizkioke).
Doktrina horrek Ines del Rioren giza eskubideak urratzen zituela ebatzi zuen Estrasburgoko epaimahaiak bi aldiz. 2012ko uztailean, lehenengo, eta 2013ko urriaren 21ean, gero, Mariano Rajoy presidente espainolaren Gobernuaren helegiteari erantzunez. Gainera, epaileek hilabete horietan Del Rio «ilegalki atxilotua» egon zela salatu zuen. Horrekin batera, bere sententziak jurisprudentzia ezartzen zuela eta loteslea zela gogoratu zion Madrili.
Hurrengo hilabeteetan, hirurogei bat euskal preso ingururi kartzelako ateak ireki zizkion Estrasburgoko sententziak.
Polizia-etxeko ate itxiak
Hiru urte beranduago, Iruñeko memorian gordea jarraitzen duen arrazakeri polizial kasu bat gertatu zen. 2016Ko urriaren 21ean, motor batekin zebilen gizon bat gelditu zuen Polizia espainolak Marcelo Celayeta kalean. Eztabaidatzen hasi ziren, eskutara iritsi ziren, eta Chinchilla kaleko polizia-etxean hilda bukatu zuen.
Lehenengo bertsioen arabera, atxilotzerakoan hika-mika batzuk gertatu baziren ere, behin polizien kotxean, lasaitu egin zen atxilotua. Polizia-etxean tramiteak egiten ari zirela, agente bat konturatu omen zen ez zuela jada arnasarik hartzen. Hilda zegoela.
Astebete beranduago eman zuen ezagutzera GARAk hildakoaren nortasuna, Arrotxapean gaia ikertzen egun batzuk eman eta gero. Elhadi Ndiaye zuen izena hildakoak, senegaldarra zen, eta hilabete gutxi batzuk zeramazkien Iruñean bizitzen. Jasotako testigantzek lehenengo bertsio poliziala gezurtatu eta atxiloketa oso bortitza izan zela zioten. Horrela demostratu zen NAIZek argitaratutako bideo baten bidez.
Hurrengo egunetan beste bideo batzuek bigarren bertsio hau indartu zuten, baina tamalez, azaleko ikerketa baten ostean, epaileak zuzenean itxi zuen kasua, Elhadi Ndiaye Chinchillako polizia-etxetik hilda zergatik atera zen argitu gabe.