1977/2024 , Urriak 28

1982ko PSOE-ren espektatiba zapuztuak

Felipe Gonzalez, Narcis Serra Defentsa ministroa, eta Alvaro Lacalle Defentsako Estatu Nagusiko Buruen Batzordeko burua.
Felipe Gonzalez, Narcis Serra Defentsa ministroa, eta Alvaro Lacalle Defentsako Estatu Nagusiko Buruen Batzordeko burua. (POOL MONCLOA)

Telegrafikoki: 1982, urria, espainiar Estatuko hauteskunde orokorrak, PSOEren gehiengo absolutua, Franco hil ondotiko trantsizioa fase berri batean sartu da.

Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerraren PSOEk irabazi zituen 1982ko urriko espainiar hauteskundeak, milioika herritarren babesa eskuratu zutelako –Hego Euskal Herria barne– gehiengo absolutua lortu zutelarik, UCD hondoratuta. Halako zerbait soilik jendartearen espektatiba erraldoi baten terminoetan ulertzen ahal da.

Hau, alta, ez da aski gertatutakoa ulertzeko. Izan ere, nola piztu zen espektatiba hori? PSOE, Espainiako bigarren Errepublikan funtsezko protagonista izan bazen ere, bazterreko eragilea izan zen diktaduraren kontrako borrokan, zer esanik ez gurean!

Galdera horri erantzuteko, hausturaren eta erreformaren lehia historikoari erreparatu behar diogu. Alde batean, diktadura hautsi eta etapa bat irekitzeko proposamena, kriminal frankistak zigortu eta Estatuko egiturak garbitzea eskatzen zuena. Aldarrikapen hori eredu sozioekonomikoaren eta Estatuaren egituren eraldaketarekin lotuta zegoen, nazio-aniztasunari erantzuna emanez. Hor zeuden indar antifrankista guziak, bederen, lehen urteetan.

Bestaldean, erreforma; hau da, trantsizio mugatu eta monitorizatua, diktadurako buruak zigortu gabe eta sakoneko eraldaketarik egin gabe, gainera, frankistek beraiek kontrolatua. Hori da hasierako haustaile batzuek azkenerako onartu zutena, eta hortxe dago PSOEren garaipenaren beste gakoa, horri esker alfonbra gorria jarri ziotelako hauteskundeak irabazteko. Zilegitasun demokratikoa zuen eragile bat behar zuten, betiere hausturara jotzeko tentaldirik gabekoa. Horixe zen 1982ko PSOE, Gonzalezek eta Guerrak, nazioarteko hainbat eragileren laguntzaz eta diktadurako aparatuen babesaz, zuzendaritza historikoa baztertu zutelako Suresneseko Kongresuan, alderdia beste norabide batean jarriz.

Espektatibak eraiki ziren, eta PSOE berriaren egiturazko promozioak eta Estatuaren hautu errepresiboak mugatu zuten joko zelaia: Portugalgo Krabelinen Iraultzaren antzekorik ez zen onargarria espainiar Estatuan. PSOE agertzen zen, gauzak horrela, itxaropen gisa jende askorentzat, eskuina agortuta zegoelako eta ezker eraldatzaile eta independentisten garaipena ez zuelako onartuko indarrean zegoen Estatu aparatu frankistak.

Ondotikoa ezagutzen dugu. PSOEk aldaketa espektatibak zapuztu zituen, nazio-aniztasunari uko egin zion, Hego Euskal Herriaren lurralde batasunaren kontra jo zuen, aurreko jarrera baztertuz, Guardia Zibila «deskubritu» zuen, eta BVEren ondorengoa GAL izan zen. Desindustrializazio krudela egin zuen, neoliberalismoaren bidea hartzen ari zen Europar Komunitatearen aginduetara, eta NATOn sartu zuten espainiar Estatua, horretan ere agindutakoari sorbalda emanez. Zapuzketaren eta ustelkeriaren itsasoan hondoratu zen PSOE hura, Aznarren PPri ateak zabalduz. PSOE hura diot, oraingoak, oinordekoa izanik ere, Gonzalez eta Guerraren deskalifikazio guziak lortzen dituelako. Beste kontu bat da zer ikasi duen oraingo PSOEk honetatik guzitik.

Honi buruzko guztia: 1982