1977/2024 , Azaroak 9

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Berlingo Harresia erori da, eta orain zer?

Orain 35 urte, «Mugak zabalik geratu dira Alemaniako Errepublika Demokratikoko herritarrentzat» irakur zitekeen, letra handietan, 'Egin'-eko azalean. Berlingo Harresiaren erorketaren albistearekin zabaldu zuen egun hartako edizioa, baina, gaurko begiekin ikusita, harrigarria egiten da hain interes handiko gertakari historiko bati Hernaniko egunkarian eman zitzaion toki txikia. Agian, Euskal Herrian bertan, eta une horretan, gertakari historiko anitz bizi izaten ari zirelako etengabe.

Harresia, mendebaldetik ikusita, 1986. urtean.
Harresia, mendebaldetik ikusita, 1986. urtean. (Noir I CC I WIKIMEDIA)

1989ko azaroaren 9an gaude eta 'Egin' egunkariko lehen orrialdean Berlingo Harresia da protagonista. Barnean, ordea, orrialde bakarra eskaini zitzaion albisteari, Munduaren atalean. Hurrengo egunetan, dena den, jarraipena egin zitzaion eta, ordutik hona, orrialde mordoa bete ditu GARAn gertakari historiko honek.

Hurrengo eguneko azala.

Egun zehatz horren testuingurua zein zen ohartu gaitezen, lehen orrialde hartan irakur zitezkeen beste albisteei erreparatu behar diegu: orrialdeak duen argazki bakarrean, polizia funtzionario baten autoaren aurkako atentatu saiakera; ondoan, epaileak kriminalitate zantzuak ikusi zituela Donostiako jaietako Salbean izandako polizien jardunean; Nafarroako Gobernuak ez zuela «ekimen terroristatzat» jotzen uztailean Herri Batasuneko bi partaideren kontra egindako atentatua; edo sindikatuek «probokaziotzat» jo zituztela Mariano Rubiok, Espainiako Bankuko gobernadoreak, «doikuntza ekonomikorako» iragarritako neurri zorrotzak.

Sandinistak eta «kontrakoak» NBEn hizketan hasi zirela aipatzen da, eta baita Pasai Donibaneko taberna batean lixibaz kutsatutako Insalus markaren laugarren botila aurkitu dutela ere.

Harresia desagertu da

«Genter Schabowskik, Alemaniako Errepublika Demokratikoko (DDR, alemaniarrez) Alderdi Sozialista Bateratuko Politburoko kideak, erabaki historiko bat plazaratu zuen atzo: Alemaniako Errepublika Federalarekin eta Mendebaldeko Berlinekin dituzten mugak berehala irekitzea erabaki zuten DDRko agintariek, germaniar-ekialdetarrak diren herritarrek pasatu ditzaten libre eta zuzenean. Schabowskik adierazi zuenez, herrialdetik irteteko nahikoa izango da bisa bat eskatzea, eta gaineratu zuen polizia-etxeek bisa hauek berehala eta atzerapenik gabe kudeatzeko aginduak jaso dituztela. Neurri honek Berlingo harresia 'hondamendi historikoa' bihurtuko du eta 'ihesaldi' saiakera arriskutsuen amaiera ekarriko du. Pozik hartu dute Mendebaldeko gobernu guztiek albistea, baita harridurarekin ere bai», irakur zitekeen ‘Egin’-en.

24. orrialdean, jakinarazten zitzaigun «neurri honek de facto Berlingo harresiaren 'erorketa' dakarrela». Bonn hirian mugaren irekieraren albistea «bonba baten gisa erori da», aipatu zuen 'Egin'-ek: Helmut Kohl kantziler federala kanpoan harrapatu zuen, Polonian bisitan zegoela, baina egun hartako «Parlamentuko saioan bildutako diputatuek altxatu eta elkarrekin abestu zuten Alemaniako ereserki nazional federala».

1989ko azaroaren 10eko 'Egin' egunkarian islatu zen albistea.

Egunean bertan eman zituzten lehen datuak: «Ekialdeko herritar alemaniarren exodo masiboak jarraitu egiten du eta, azken 24 orduetan, beste 11.018 errefuxiatu sartu dira Alemania Federalean. Joan den hilaren 4an DDR eta Txekoslovakiaren arteko muga ireki zutenetik, Berlin Ekialdeko Gobernuaren baimenarekin, 50.000 alemaniarrek ihes egin zuten bide horretatik». Are gehiago, «gainera, irailaren 11n Hungariak ekialdeko errefuxiatu alemaniarrei Austriatik irteten utzi zienetik, beste 11.000 pertsona atera ziren herrialdetik. Kohl-en arabera, azken bi hilabeteotan 200.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi zaizkie, eta Mendebaldeko Alemanian benetako arazoak sortzen ari dira, ez baitago ez etxebizitzarik ez errefuxiatuak hartzeko tokirik».

Hurrengo eguneko albistean mugako pasabideak kolapsatuta zeudela jakin genuen: «Ekialdeko-germaniak berreskuratu duten bidaiatzeko askatasuna kolapsatu egin zuen atzo, trafikoa etenez Berlin ekialdeko mugako pasabideen eta hiriaren mendebaldeko eremuaren inguruan. Checkpoint Charly gune ospetsuaren ondoko kaleek, arratsalde erdian, igarobideena baino aparkalekuen antz handiagoa zuten». Izugarria izan zen, egia esan, 'Egin'-ek zioenez; egun bakarrean 150.000 ekialdeko germaniar inguru pasatu ziren Mendebaldea ikustera; 1,6 milioi lagunek, berriz, bisak eskatu zituzten hurrengo egunetan pasatu ahal izateko.

Efe agentziako Luis Fernandezen kronika batean, Checkpoint Charlie-n egun horietan zegoen giroa islatzen zen. Jai giroa nagusi, «jendeak cava katalanarekin eta garagardo alemanarekin egiten du topa. Ospatu egin behar da, egun historikoa delako, eta hor daude AEBetako kateak zuzenekoak egiten, etengabe. Hiria kolapsatuta daukate hamabost urteko atzerapenez jantzitako milaka eta milaka ekialdetarrek, eta ahal duten guztia eramaten dute: trastez betetako poltsak eta gazteek, txistea dirudien arren, Coca-Colaren kaxa osoak. Dena eramaten dute, baina, era berean, hain ekialdetarra den zerbait ekarri dute: ilara egitea. Ilarak daude telefonorako, zerbitzurako, supermerkaturako, gutun bat botatzeko, janari turkiarreko kioskoetarako...».

Benetan aldatu al dira gauzak?

Hiru hamarkadaren buruan, gauzak aldatu dira, noski, baina zerbaitek hor dirau, ezkutatuta; Alemania bien arteko zauriak, agian. Are gehiago, alemaniar gizartean oraindik ere ez da zilegi auziaz modu arrazionalean eta zabalean honi buruz eztabaidatzea. Horrelako zerbait zioen GARAn, 2021ean, elkarrizketa batean, Daniel Brühl aktore eta zinemagileak: «Harresia erori eta hainbeste urte pasa direnean, Alemanian inoiz baino zatituago gaude».

2019. urtean, 30. urteurrenaren karira, hainbat erreportaje argitaratu zituen GARA-k. «Istripu historikoa edo sistema agoniko baten keinu kalkulatua?», galdera bota zuen orduan Dabid Lazkanoiturburu kazetariak. Hau zioen: «Krisi terminalean zegoen DDR batek mugak bat-batean ireki izanak galderak sortzen jarraitzen du, bat-bateko inprobisazioa ote zen edo aldez aurreko kalkulu bat, herrialdea desegitea ekarriko zuena».

Erreportaje sorta honen bigarren atalean, Ingo Niebel historialariak gogora ekarri zuen, bide batez, harresia ez zela Berlinen soilik erori. Aurretik beste mugimendu batzuk egon omen ziren: Turingia eskualdeko Erfurter Hof hotelean, 1970eko martxoaren 19an, erabaki baitzen Altzairuzko Teloiaren desagerpena.

Eta Alicia Stürtze historialariak, 2009ko GARA-n argitaratutako iritzi artikulu batean, ondo baino hobeto laburbildu zuen Berlingo harresiarekin gertatutakoa.

Idatzi zuenak ez du inolako aktualitaterik galdu: «1961ean eraiki zutenetik, Gerra Hotzaren garaian, egunero albistea izan zen Berlingo Harresia –idatzi zuen–. Egunez egun, urtez urte, Mendebaldeko hedabideek 'informatu' gintuzten haren inguruan: lotsaren harresia, doilorkeriaren harresia, altzairuzko oihala, ihes egiten saiatzean hildakoak, komunismoaren gaiztakeria intrintsekoa... Hura erortzen hasi zenean, 1989ko azaroaren 9an, hedabideetan gogaitzeraino eman zuten, eta zuzenean ospatu zuten 'behin betiko kapitalismoaren garaipen' gisa. Marxismoa, sozialismoa, klase borroka, inperialismoa, esplotazioa... horiek guztiak antigoalekoak ziren Francis Fukuyamaren [japoniar jatorriko estatubatuar politologo ezaguna da] 'historiaren amaiera' famatuaren aurrean, pentsamendu bakar bat, 'merkatu pentsamendua', garaien amaierara arte mantenduko zela aldarrikatzen baitzuen: historia bera, gatazka gisa ulertuta, bere amaierara iritsia zen (...). Hogei urteren buruan, Berlingo harresiak planeta osoan ugaritu dira; ikusgarriak direnak eta ikusezinak; errealak eta sinbolikoak; pobreak eta aberatsak bereizten dituztenak; zenbait herrialde isolatzen dituztenak beren interes ekonomiko eskasaren arabera... herri eta hizkuntza gutxituak zapaltzeko segregatzen dituztenak, Euskal Herrian gertatzen den legez, non, 'gaztelania babesteko' lelo sinestezinarekin, euskara bera desagertzeko zorian dagoen».

Datu bat: 1989ko azaroaren 9an Berlinen Harresia erori zenean, hamabost bat harresi zeuden munduan. Hamarkada bat geroago, hogeitik gora ziren. Horrela gogorarazi zigun 2014an Urtzi Urrutikoetxeak ZAZPIKAN argitaratu zuen erreportajeak

Eta egun, zenbat daude?

Honi buruzko guztia: 1989