1977/2024 , Azaroak 10

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Xabier Amurizak erretiroa hartu zuen

Erretiroa hartu ondoren, 2007ko azaroaren 10ean, Xabier Amuriza elkarrizketatu zuen Mugalari gehigarriak; hau da, larunbatetan GARArekin batera argitaratzen zen kultur gehigarri mamitsuak. Bere idazle alderdiari helduko ziola gogotik aipatu zuen etxanotarrak.

Xabier Amuriza, eskuan 'Dinosauroak horizontean' eleberriarekin.
Xabier Amuriza, eskuan 'Dinosauroak horizontean' eleberriarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bere ibilbideagatik, behin baino gehiagotan izan da Xabier Amuriza (Etxano, 1941) bertsolaria euskal hedabideetan protagonista. GARAn, esaterako, elkarrizketa sakonak egin dizkio Amagoia Mujikak. Baina Amuriza ere parte izan da askotan, iritzi-egile gisa. Hor, 'Egin' egunkarian urte luzez argitaratu zituen hainbat iritzi artikulu.

Gaur bezalako egun batean, orain 17 urte, 2007. urtean zehazki, Mugalari gehigarriak bere azalera eraman zuen Amuriza, erretiroa hartu ondoren, idazle alderdiari heldu behar ziolako. Elkarrizketa sinatu zuen Josu Bilbaok; argazkiak Conny Beyreutherrek egin zizkion.

Ohar bat Mugalari gehigarriari buruz: 2011ko martxoan argitaratu zen, azkenekoz, egunkaria sortu zenetik larunbatero GARAk kaleratu ohi zuen kultura gehigarria. Hala ere, lorratz sakona utzi zuen, bere orrialdeetatik gure «kultura unibertsoko» luma asko pasatu baitziren. 2020. urtean, Bilboko Alondegiak eta Bulegoa z/b ekimenak 'Erakusketaren saioa' laugarren sinposioaren aurretiko tailerretako protagonista bihurtu zuten.

«Proust-ek Paris aristokratikoarekin egin zuena egingo dut nik Euskal Herriarekin»

Izenburu hori zeraman 2007 hartan Amurizari egin zitzaion elkarrizketak. Sarreran, hau irakur zitekeen: «Baserriko ume. Abade. Preso politiko. Bertsolari. Irakasle. Parlamentario. Kazetari... Makina bat gauzatan ibilia da Xabier Amuriza. Erretiroa hartu ondotik, ostera, bere idazle alderdiari heldu dio gogotik. 'Dinosauroak horizontean' eleberria argitaratu du oraintsu. Eta 'Joan ziren' izeneko sailaren lehenengo alea baino ez dela agindu du».

Duen interesagatik, jarraian elkarrizketaren galdera-erantzun batzuk laburtuko dizkizuegu:

'Joan ziren' sei-zazpi liburuko sail bat izango omen da, Marcel Proust-en 'Denbora galduaren bila' bailitzan.

Proustek XX. mende hasierako Paris aristokratikoarekin egin zuenaren antzeko zerbait egiten saiatu naiz ni Euskal Herrian. Hark bere memoria, bere iragan edo bere denbora joanetik tiratu eta esperientzia errealak berreginez Paris aristokratikoaren erradiografia artistiko bat egin zuen. Orduan, analogiaz, zer gura dut nik? Bada, bizi izan dudan mundualdi guztia ematea memoriari tiraturik, eta batzuetan berregindako egoera errealetan oinarrituta.

Garai bateko Euskal Herri baten isla izango da, beraz, 'Joan ziren'...

Bai, baina nire asmoa ez da horren kronika bat egitea, ez bada neuk bizi izandakotik abiatuz, sortuz eta tiratuz mundu hori literarioki berregitea. Zorionez edo zoritxarrez, niri bizitza ia-ia prehistorikotik gaurdaino gauza piloa bizitzea tokatu zait, oso bizitza ezberdinak gainera. Umezaroa argi eta bide bako baserri batean eman nuen, mendian; gero, 13 urte apaizgaitegian, frankismoaren garairik zorrotzena, berriz, abadetzan bizi izan dut, 60-ko eta 70eko hamarkada esplosibo haiek, eta aktibo izan nintzen, gainera. Kartzelan ere egon naiz zazpi urtez, gure gaurko Euskal Herrian bertsolari izan naiz, baita kazetari ere. Material gordina hor daukat, beraz.

Euskararen egoerarekiko kezka sumatu zitzaizun aurkezpenean. Nola egin euskara 'gauza dena'?

Nire kalkuluen arabera, 20.000 berba falta dira euskarazko hiztegian. Beraz, interbentzio orokor bat behar da, baina norabide egokian. Oraindik kristoren nahasmena dugu hemen. Europa osoan koherentzia oso bat dago hainbat terminotan, eta gu, bitartean, batean hau, bestean hori gabiltza. Adibidez, «deficiente mental» guk «adimen urriko» esan behar omen dugu. Zuk imajinatzen duzu erdaraz horri «escaso de entendimiento» esatea? «Mental» terminoa Europa osoan onartuta dago: zientzian, psikologian... Horrela zelan egingo dugu hizkuntza sinesgarri bat? Kontua da nik ez dudala ikusten kezkarik. Eta horrela ezin da interbentzio orokorrik planteatu.

Beste elkarrizketa batean zera irakurri nizun: «Ahozkoaren degradazio fasean gaude».

Bai. Atzerakada kultural handia egin dugu, batez ere belaunaldi gazte unibertsitarioetan. Orain modan dago euskalkian berba egiten den moduan idaztea. Hori nongo hizkuntzan ikusi da? Hasi gaztelaniaz «palante, patrás» idazten, eta ea noraino uzten dizuten joaten. «Espontaneismo» hori ez da kulturarik eza baino: erregistroak nahastea, euskalkia eta batua... Bazoaz programa bat ikustera eta entzuten dituzu «erromerixi» eta halako fonetismoak. Nora goaz hortik? Hori gaindituta eduki dugu aspaldi! Euskara erabiltzen dugu beste hizkuntzek uzten ez dizkiguten kapritxo gutxiak egiteko. Baina horrela hondatu egiten dugu.

Honi buruzko guztia: 2007