1977/2024 , Azaroak 12

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

'Pasionaria'-ren borroka eta frankismoaren oinordekoen itzala

Bizkaiko Meatzaldean jaio zen, eta langile borrokak eta politika ezkertiarrak gidatu zuen Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren bizitza. Pentsalari eta politikari komunista zendu zela 35 urte betetzen dira gaur.

Dolores Ibarruri, ‘Pasionaria’.
Dolores Ibarruri, ‘Pasionaria’. (WIKIMEDIA)

Historia liburuetan jasoa dago Dolores Ibarruriren bizitza. Emakume borrokalaria eta konprometitua, politikari komunista nekaezina azken egunera arte. Gaurko egunez hil zen Madrilen, 1989. urtean. Jaio, Gallartan jaio zen, 1895eko abenduaren 9an.

'Pasionaria' ezizenarekin egin zen ezagun bizkaitar politikari komunista, urteetan Espainiako Alderdi Komunistaren buru izan zena. Haren inguruan idatzitako testuek diotenez, etxetik jaso zuen politikarekiko lotura. Karlista katolikoa zen etxeko giroa, eta hamaika anai-arreben artean zortzigarrena zen bera. Meatzari familia batean jaio zen, eta horrek zuzenean eragin zuen bere ideologian. Maistra izateko ikasketak hasi zituen, baina etxeko egoera ekonomikoa eta gurasoen presioa tarteko, klaseak utzi egin behar izan zituen. Liburuak, ordea, ez zituen inoiz atzean utzi, jakin-min handiko emakumea izan baitzen, etengabe ideiak aberasten eta berritzen jardun zuena.

Hiru urtez neskame egon ondoren, Julian Ruiz Gabiña meatzari sozialistarekin ezkondu zen, hogei urte zituela. Politika munduan geroz eta barneratuago zegoen, eta marxismoaren inguruko jakintza handitzen joan zen irakurketaren bidez. Testuinguru horretan, Errusiako Iraultzan boltxebikeek izandako garaipenarekin txundituta, 'El minero vizcaíno' agerkarian hasi zen lanean. Bertan, Elizak Jesu Kristoren Nekaldia edo Pasioa oroitzen zuen lehen aldiaren berri ematea egokitu zitzaion, eta 'Pasionaria' bezala sinatu zuen. Ezizen hori betiko deitura bihurtu zitzaion.

Langile borrokan aktibista izan zen, bere senarrarekin batera, eta 1920an Bizkaiko lehen talde komunista eratzen hartu zuen parte. Erbestea ere ezagutu zuen, erregimen frankistaren garaian, baita espetxea ere. Espainiako Alderdi Komunistaren IV. kongresuan hartu zuen parte, pisu handia izan zuen alderdian eta ekintza politikoa emakumeen aldeko borrokarekin uztartu zuen. 1942an, Ibarruri izendatu zuten Espainiako Alderdi Komunistako idazkari orokor, Jose Diaz hil ostean. 1977an itzuli zen espainiar Estatura eta diktadura osteko lehen hauteskundeetan parte hartu zuen.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokan gaur egun ezinbesteko diren lorpen handien bultzatzaile izan zen, hala nola soldata-berdintasuna, emakumeek sindikatuetan parte-hartzeko eskubidea, amatasun-baimenak edo haurtzaindegi publikoen beharra. Arlo pertsonalean, emakume gisa bere autonomia eta independentzia defendatu zituen beti. Sei seme-alaba izan zituen, horietako lau umetan hil zirenak. Bere seme Ruben, berriz, 1942an zendu zen Stalingradeko guduan, 22 urte zituela.

Ez zuen inoiz politika albo batera utzi. Hil ondoren ere askok gogoratu dituzte berak oihukatutako aldarriak, oso ezagun egin baitziren: «¡No pasaran!» (Ez dira pasako) eta «Más vale morir de pie que vivir de rodillas» (Hobe da zutik hil, belauniko bizi baino).

Asko idatzi da Ibarruriren inguruan eta pantailetara ere iritsi da bere pertsonaia. Diego Diazek idatzitako 'Pasionaria. La vida inesperada de Dolores Ibárruri' liburua oinarri hartuta bultzatu zen hari buruzko dokumentaletako bat. Diazek aitortu zuenez, Dolores Ibarruriren ustekabeko bizitzak eta bere figurak sor zitzaketen kontraesanak izan ziren bera gehien erakarri zutenak. «Emakume horren itxura –soineko beltza, motots altua eta apaingarririk gabekoa– garai hartako edozein emakume langile eta tradizionalen antzekoa izan zitekeen. Hala ere, bere irudi zorrotzaren atzean emakume oso moderno bat agertzen zen, bere ideiekin guztiz koherentea zena», deskribatu zuen.

Borroka ez da amaitu

Kartzela eta erbestea ezagutu zituen Ibarrurik. Diktadura bere azalean bizi izan zuen, atzerritik jarraitu zituen frankismoaren ankerkeriak. Hainbeste urte eta gero, frankisten inpunitateak sortutako zauriari odola dario oraindik.

Ibarruriren heriotzatik 25 urte betetzen ziren egun berean inpunitate horren beste adierazle batek kolpatu gintuen. «Estatuaren maniobra berria 19 frankista Interpolen eskutan ez uzteko», hala zioen GARAko lehen orrialdeetako lerroburu nagusiak. Egindako izugarrikeriengatik ezagunak diren izenak zeuden zerrendan, hala nola Rodolfo Martin Villa, Jose Utrera Molina, Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el niño' edo Jesus Muñecas.

Maria Servini epailea, Gernikan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Maria Servini epailea, Gernikan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Maria Servini epaile argentinarrak abiatutako prozesuaren barnean, 19 kargu frankista entregatzeko eskaera egin zitzaion Interpoli. Espainiar Estatuak, aldiz, amarru berri baten bidez, berehala jakinarazi zuen kargu hauek ez zituela atxilotuko, eta are gutxiago estraditatuko. Horretarako, 1977ko Amnistia Legea baliatu zuen orduan Justizia Ministro zen Rafael Catalanek, eta argudiatu zuen 19 frankista horiei egozten zitzaizkien krimenak preskribituta zeudela.

Bi urte beranduago, Serviniren tramitazio berrien ondoren, espainiar Justizia Ministerioak bide eman zion epaile argentinarraren galdeketa eskaerari. Oztopoz betetako bidea izan zen Frankismoaren krimenen aurkako Argentinaren kereilarena, baina Servinik ez zuen bere helburuan etsi eta 2020ko irailean Rodolfo Martin Villak epailearen aurrean deklaratu zuen, besteak beste 78ko Sanferminetako edo Martxoaren 3ko sarraskiengatik.

Erregimen frankistak egindako gerrako krimenak, torturak eta beste hainbeste basakeriaren inguruan gailendutako inpunitatea etengabea izan da, eta oraindik ere egiteko asko dago zauriak itxi eta justizia, egia eta erreparazioa bermatzeko. Ibarruri bezalako borrokalariek bultzatutako printzipioek ez dute zentzurik galdu, are gutxiago diktaduraren arrastoek hor jarraitzen dutenean.

Honi buruzko guztia: 1989