1977/2024 , Azaroak 13

Josu Urrutikoetxea

Julen, zure izena abestu dezaten

Frankismo garaian, apaiza Burgosko epaiketan auzipetuta egon zen. Abertzalea eta euskararen aldeko militantea, 2017ko azaroaren 13an hil zen Julen Kaltzada. Hari buruz, Artefaktuarentzat, lagun min zuen Josu Urrutikoetxeak idatzi du.

Julen Kaltzada.
Julen Kaltzada. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Julen… Sasian nengoela, Euskal Herrian sartu berri, bere desagertze fisikoaren berri heldu zitzaidan, eta berri horrekin batera, berak dedikatzen zidan 'Umezurtzen aberria' liburua. Orduan, gaur bezala, oroitzapenak borborka ate joka etorri zitzaizkidan.

Julen pertsonalki ezagutu aurretik, nirea ere bilakatuko zen bere familia ezagutu nuen. Bai, 1971ko martxoaren azken egun haietariko gau batez, zendu berri den 'Surti'-k eraman ninduen gordeta nengoen Ugaoko toki batetik non nengoen ez nekien beste toki batera. Etxetik ihes egin berri, erdi galduta, besoak zabalik hartu ninduten baserri hartan. Ama Leonak prestatutako afari on baten ondoren, gela bat erakutsi zidan, «hemen lo egingo duzu» esanez. Kartzelan zegoen Julenen gela zen, bere semearena…

Hurrengo goizean, gelako leihoa irekitzerakoan, nire begien aurrean txundituta utzi ninduen paisaia bat agertu zitzaidan, Urdaibai bere edertasun osoan, Oiz mendiak zainduta, udaberriko kolorez jantzitako inguru paregabea. Orduan hasi zen Busturiako Etxebarriatzeko familiarekin izan nuen harreman eta maitasun istorioa. Hango egonaldiak, itsasoa gertutik ezagutzeko parada emateaz gain, garai hartan bizi nuen euskara berreskuratzeko prozesuan urrats erraldoia suposatu zuen.

Eta euskara izan zen 1983an Julenekin harremanetan jarri ninduen haria. Ezker abertzaleko militanteak euskaratzeko erronkan, Erakundea egin zituen lehena urratsak. Eta bere laguntza eta aholku bila jo genuen Pausuko Saia ostatuan elkartu ginenean.

2000. urtean, kartzelatik atera nindutenean, Etxebarriatze izan zen bisitatu nuen lehen tokietariko bat. Ondoren ere, Hego Euskal Herrian izan nintzen hiru urte haietan, maiz joaten nintzen Busturiara, eta nolabaiteko errituala betetzen nuen. Goizean goiz, inguruko edertasunaz gozatuz lasterka saioa egin ondoren, Julen eta ama Elisarekin gosaldu eta eguneko zeregina antolatzen genuen. Garaia bazen, Busturiako basoetara, Julenen perretxiko gune sekretuetara joaten ginen, eta, bide batez, bere jakinduriaz aprobetxatzen nintzen. Lau hostoko hirustak pazientziaz aurkitzen zituen, bizitzaren ikasgai bat lez: «Ezina ekinez egina!». Liburu ireki bat izanik, naturari buruz azaldutakoaz aberasten nintzen. Altxor itzela! Hori guztia digeritzeko, bada, Abiñaburuko ostatura joaten ginen; aperitiboarekin batera, 'Koko'-rekin eztabaidan, mundua konpondu edo desegitera.

Beste ateraldi batek segitzen zion etxekoekin edota lagunekin egindako bazkariari. Maiz osaba Albertorekin, ostatu batera edo bestera, kafetxoa eta Kubako ron txupitoa hartzera… eta eztabaidekin segitzera. Eta, hori aski ez bazen, erritualak beste forma bat hartzen zuen, beti giza harremanen ildotik. Inguruetako lagunei bisita eginez, askotan abisatu gabe, batzuen eta besteen une alai edo ez hain alaiak partekatzeko.

Julenek bizitza maite zuen eta bizitzen zekien. Eztabaidazale porrokatua zen, sekula amore ematen ez zuen horietarikoa. Oso azkarra izanik, bere argudioak argiak, sendoak eta mardulak ziren. Plast!, botatzen zizkizun, tona bateko baztertu ezineko harkaitz bat bezala.

Bera zegoen apez etxean militanteak egon zirela-eta akusatuta, «abade-etxea ez da nirea, herriarena da eta denentzat zabalik dago », erantzun zien pikoloei. Burgosko epaiketan ere ozenki erabili zuen esaldia izan zen.

Ondo zekien, baita ere, deabruaren abokatuarena egiten, eta beti zuen zorrotz prestaturik adarra jotzeko makina.

Euskal Herriari dagozkion eskubideak lortzeko borrokaren langile sutsua zen. «Behar izanez gero, hemen nauzue », esaten zigun buelta gehiagorik gabe.

Eta horrelako erabateko bizitza baten aurrean, Julen, amets bat… Biharko eskola eta ikastoletan zure izena abestu dezaten.

Honi buruzko guztia: 2017