1977/2024 , Azaroak 16

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

Homofobia, atzoko eta gaurko kezka

Gorroto diskurtsoek duten hedapenak gizartearen eta haren sektore aurrerakoienen kezka eragin duen garaiotan, atzera begiratzea besterik ez dago arazo honen erroak sakonak eta aspaldikoak direla baieztatzeko. 1983an, Gipuzkoan homosexual eta lesbiana talde batek jasandako jazarpenaren kronika jasotzen zuen gaurko egunez 'Egin'-ek.

1983an gaurko egunez 'Egin'-ek egin zuen kronika: Gipuzkoan LGTBI kolektiboaren aurka hedatu zen jazarpenaren ingurukoa.
1983an gaurko egunez 'Egin'-ek egin zuen kronika: Gipuzkoan LGTBI kolektiboaren aurka hedatu zen jazarpenaren ingurukoa. (NAIZ)

«Inkontrolatu» batzuen eskutik jasandako erasoak aipatzen zituen egunkariak. Atzean zeuden mezuak oso argiak ziren, eta zuzen-zuzenean jotzen zuten pertsona hauen askatasun sexualetara. Telefono deiak, isekak, mehatxuak, jarraipenak eta bestelako bortizkeria ekintzak deskribatu zituzten kaltetuek.

Beldurra eta tentsioa geroz eta handiagoak zirela aitortzen zuten. Garai hartan gay eta lesbianek bizi zuten «errepresio soziala eta marjinazioa» nabarmentzen zituen kazetariak. Horri «jazarpen kriminala» gehitu berri zitzaion. Horren aurrean, Luisek, Pedrok, Anak eta Josunek, besteak beste, isiltasuna apurtu eta gertatzen ari zitzaiena kontatzeko urratsa egin zuten.

Ez zen halako zeozer gertatzen zen lehen aldia, baina une horretan bizitzen ari zirenak beste eskala bat hartzen zuela azpimarratzen zuten kaltetuek. «Egunero tentsioan bizitzea da, eta beldurrez ibiltzea, badakizulako jarraitzen ari zaizkizula. Etxean zaudela telefonoak jotzen duen bakoitzean, kolpean altxatzea. Hartu behar ditugun segurtasun neurriak ere tentsio eragile dira, apenas egin dezakezu lo...», zioen haietako batek.

Egoera horren aurrean euren eskubideak defendatzen jarraituko zutela gaineratzen zuten. Kexu ziren komunikabideen inplikazio faltagatik eta mespretxu instituzionalagatik. Horren aurrean, Emakumeen Asanblada eta EHGAM bezalako elkarteen lana goraipatu eta eskertzen zuten.

LGTBI kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten mugimenduek ereindako bideak ekarri gaitu gaur gauden unera. Beraiekin eskuz esku, emakumeen alde lan egin duten asanbladak, elkarte feministak eta sexu eskubideen aldeko ekimenak izan dira. Inurri lan horretatik ikusi ditugu herri honetan bizi izan diren indar erakustaldi eta mobilizazio jendetsuak. Eguneroko borroka baten aurrean egoten jarraitzen dugu, gorrotoak ez dezan tokirik irabazi.

Honi buruzko guztia: 1983