1977/2024 , Azaroak 29

«¡Baja, quillo, tranquilo!», Leitzan azkenean izan ez zen atentatuaren kronika

Azaroaren 29ko goizaldean zalaparta handia sortu zen, ETAk Leitzako Guardia Zibilaren kuartelaren kontra ekintza armatu bat egin (omen) zuelako. Altsasuko Adierazpena bi aste lehenago plazaratu zuen ezker abertzaleak. Ez zen egia. Guardia zibil batek bere buruari egin zion tiro, atentatu bat irudikatzeko.

Leitzan azaroaren 29an jasotako irudia.
Leitzan azaroaren 29an jasotako irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hamabost egun eskas igaro ziren ezker abertzaleko kide garrantzitsuen talde batek Altsasuko Adierazpena aurkeztu zuenetik. Arnaldo Otegik bultzatutako estrategia aldaketari buruzko eztabaida abian zen, eta Otegik hilabete eskas zeraman kartzelan. Soilik bide eta bitarteko politiko eta demokratikoak erabiltzearen alde ordura arte egindako adierazpenik garbiena eta sendoena izan zen Altsasukoa, eta zehazki Irlandako bake prozesuan «Mitchell printzipioak» bereak egiten zituen. Indarkeriaren erabilera behin betiko alboratzeko adierazpena izan zen.

Horregatik, 2009ko azaroaren 29 hartan Leitzan atentatu bat izan zela zabaltzeak ezinegon handia sortu zuen. Guardia Zibilari eraso egitea helburu klasikoa zen ETArentzat, kontraesanik sortzen ez ziona, baina une hartan atentatu batek –edozein izanda ere– beste kutsu politiko bat hartzen zuen. Altsasuko Adierazpenari emandako erantzun gisa baino ezin zen interpretatu.

Ezinegona zegoen GARAren erredakzioan ere, lehen ordu haietan iritsi baitzen ezker abertzaleak agiri gogorra kaleratuko zuela. Agiria idatzita omen zegoen jada. Beraz, talka bazetorren, eta horrenbestez, estrategiaren gaineko desadostasunak gainditzeko eztabaida parametro gatazkatsuetan garatuko zen. Zatiketaren mamua agertu zen ordu haietan.

Baina albistea ez zen zuzena. Azaroaren 29ko ordu txikietan Leitzako kasernako guardia zibil bat tiroz zauritu zutela zabaldu zen lehenik. ETAri egotzi zioten ekintza, baina orduek aurrera egin ahala hipotesi hark gainbehera egin zuen. Guardia zibilak bere burua tirokatu zuen ETAren atentatu bat jasan zuela irudikatzeko.

Altsasuko Adierazpenaren testuinguruan, garai hartan Espainiako Barne Ministerioak hainbeste desira zuen ezker abertzalearen haustura behartzeko operazio bat izan zitekeela hartu zen hipotesi gisa GARAren erredakzioan, baina hori ere azkar asko gezurtatu zen.

Ezker abertzalearen kontra egiteko

Guardia zibil baten desorekak eragin zuen hain egoera surrealista. Hori bai, oso une delikatuan. Eta gainerako indar politikoek eta erakundeetako ordezkariek egoera aprobetxatu nahi izan zuten Altsasuko Adierazpenaren eta ezker abertzalearen kontra egiteko.

Ramon Sola lankideak Leitzako bizilagunen artean jasotako testigantzek argi eta garbi azaltzen zuten atentatuaren hipotesia ez zela sinesgarria izan une batean ere, inondik inora. «¡Baja, quillo, tranquilo!», oihu egin zioten kuarteletik zauritutako guardia zibilari.

Honi buruzko guztia: 2009