1977/2024 , Abenduak 5

Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Tasio Erkizia
Mahai Nazionaleko kide ohia

«Estatuak epai hori aurretik idatzita zeukan»

27 urte joan dira, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kideak atxilotu zituen Ertzaintzak, Auzitegi Gorenak ezarritako kartzela zigorra bete zezaten. Tasio Erkizia Bilboko egoitzan atxilotu zuten, beste burkide batzuekin batera. Egun horretaz eta garaiko zein egungo testuinguruaz mintzatu da ezker abertzaleko militante historikoa Artefakturako.

Tasio Erkizia.
Tasio Erkizia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

1997ko abenduaren 5ean Herri Batasunak Bilbon zuen egoitzan atxilotu zuen Ertzaintzak Tasio Erkizia, Mahai Nazionaleko beste hainbat kiderekin batera, Auzitegi Gorenak ezarritako zazpi urteko espetxe zigorra betetzeko. Ez zuten epaia osorik bete, 1999ko uztailean aske geratu baitziren, Konstituzio Auzitegiak 23 auzipetuak absolbitu ostean. 27 urte joan dira ordutik, baina Erkiziak gogoan ditu bai egun hura, baita atxiloketa posible egin zuen testuinguru politiko eta soziala ere. Garai horretakoez eta gaur egungoez aritu da Artefakturako.

Gaur dira 27 urte Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kideak kartzelara sartzeko atxilotu zintuztetela. Zein testuingurutan burutu ziren epaiketa? Eta atxiloketa bera?

Trantsizioaren osteko 40 urteko ibilbidean Estatuak estrategia ezberdinak erabili zituen helburu bererako. Obsesionatuta zeuden ezker abertzalearen eta, bereziki, Herri Batasunaren zuzendaritza nolabait isilaraztearekin; horretarako, metodo desberdinak erabili zituzten. Adibidez, balizko negoziazio baten testuinguruan hil zituzten Santi [Brouard] eta Josu [Muguruza].

Atxiloketak, Mahai Nazionalaren epaiketa eta sententzia beste testuinguru batean eman ziren. 1995ean ETAk entregatu zuen Alternatiba Demokratikoa, aurrerapauso inportantea izan zena, negoziazio politikoa eragile sozial eta politikoen esku uztea planteatzen zuelako. Gu horren haritik tiraka hasi ginen herriz herri asanbladak eta hitzaldiak antolatzen.

Ekimenak sekulako arrakasta izan zuen, gogoratzen dut Getxon 600 bat pertsona bildu ginela eta Bilbon Bidebarrietako liburutegia bete genuela. Fase berri baten atarian geunden sentsazioa zegoen; batetik, ETAk pauso hori eman zuelako eta, bestetik, Irlandako Foroa sortzen hasi ginelako, bertatik sortu baitzen, gerora, Lizarra-Garazi Akordioa. Beraz, erakundeak pauso bat eman zuen, ezker abertzalea horren inguruan bor-bor jarri zen eta, aldi berean, jendartea ere hasi zen eztabaidatzen irtenbide politiko bat nola eman.

Horrez gain, gu epaitu baino hilabete lehenago Miguel Angel Blancoren bahiketa eta hilketa izan ziren eta horrek ere gizartea asaldatu zuen. Hori dela eta, talka handi bat egon zen proiektu abertzalearen eta ukazioaren artean. Giro horren bueltan egin zen epaiketa.

Tasio Erkiziaren atxiloketa 1997ko abenduaren 5ean Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO I EGIN)

Ez zen izan atxilotu zintuzten lehen aldia. Nola gogoratzen duzu besteekin alderatuta?

Oso gogorra izan zen. Aurretik hiru hilabetez egon ginen Madrilgo kartzelan eta sententzia zazpi urtekoa izan zen. Niretzat, pertsonalki, oso gogorra izan zen seme-alabengatik. Orduan oso gazteak ziren, 5 eta 8 urte zituzten, eta emaztea bi seme-alabekin, zainketa behar zuen aitarekin eta bere lanarekin geratu zen. Egoera familiarra nahiko latza izan zen, hori izan zen nire arantza gogorrena, seme-alabak adin horrekin uztea horren modu bidegabean eta artifizialean.

Egungo testuinguru politiko eta soziala zertan da desberdina?

Beste fase politiko batean gaude eta orain ere ezker abertzalearen proiektu politikoa higatzea da Estatuaren helburua, nahiz eta ez duten modu hain agerikoan zigortzen. Duela aste batzuk hil zen Andres Cassinello, gerra zikinaren buruetako bat izandakoa, eta berak bazeukan esaera bat nik askotan gogoratzen dudana: «Lo más preocupante de ETA no son sus horribles asesinatos, sino su proyecto político».

Barrionuevok-eta 1983an Plan Zona Especial Norte egin zutenean oso garbi zioten ETA garaitzeko ezker abertzalea higatu behar zela. Borroka fronte desberdinak zituzten eta modu desberdinetan kriminalizatzen gintuzten.

Gaur egun ere Estatuaren jomugan jarrita dago ezker abertzalea, eta, prozesua aurreratu ahala, ziur naiz Estatua oldartuko dela Euskal Herriaren eskubideen kontra, ez ezker abertzalearen kontra bereziki, baizik eta haren proiektu politikoaren aurka.

Estatuaren higatze saiakera horren barnean kokatu daitezke euskararen aurkako oldarraldia eta Ernairen aurkako azken operazioa?

Euskararen alorrean, oro har, asko aurreratu dugu azken 40 urteetan, baina asko dugu egiteke. Irakurketa gazi-gozoa egiten dut. Gizartearen epelaldi bat aprobetxatu dute epaileek eta botere politikoek urrats bat aurrera eman eta euskararen kontra joateko. Eraso estrukturalak dira, Estatuaren aldetik datorren oldarraldi zabalago baten barnean kokatzen dira. Dena den, ikusten dut jendartea esnatzen eta indartzen ari dela. Agian, uneren batean gazte jendeak pentsatu du euskararena egina dagoela eta ez dagoela arriskurik, berez joango dela. Baina euskararen aurkako erasoa tsunami iraunkorra da eta, aurre egiten ez badiogu, eraman egingo gaitu.

Ernairen kasuan, kontuan hartu behar da Mozal Legea eskuma-zaletasunaren ildotik martxan jarritako tresna dela. Ertzaintzan, batzuk oso gogotsu ari dira hura aplikatzen. Aplikazio horren helburua da gazte jendea beldurtzea, kriminalizatzea, eta gurasoekin aurrez aurre jartzea, belaunaldi arteko talka sortuz.

Ez da kasualitatea, gure ekimen asko Poliziak modu agerian zaintzen ditu, irudikatzeko haiek hor daudela ordena mantentzeko eta gu liskarra sortzeko. Horrez gain, herri mugimendua oztopatu nahi dute, arrakala sortu. Herri hau beti izan da nahiko inteligentea, eta seguru nago saiakera hori gaindituko dugula. Baina ez dugu pentsatu behar Estatua lotan dagoenik, behin eta berriro ari da metodo berriak erabiltzen. Donostiako Kaleko Afariekin gertatu denak adierazten du zenbateraino ari diren bertako instituzioak Estatuaren bide berdina jarraitzen.

Ikastoletan, alor sozialean, arlo sindikalean, politika nazional zein munizipalean... Denean ibilitakoa zara. Zertan ari zara orain?

Betiko bidetik jarraitzen dut. Ez daukat inolako ardura politikorik, baina hainbat esparrutan ari naiz. Euskara betidanik izan da garrantzitsua niretzat, Euskal Herri euskalduna gure nortasuna garatzeko elementu inportantea delako. Aldi berean, osasungintza altxor bat dela iruditzen zait, urte askotako lanaren ondorio dena eta galtzeko arrisku bizian dagoena, eta horren defentsan ere banabil.

Halaber, herrigintzan, ahal dudan neurrian, esku bat botatzen ibiltzen naiz. Beste batzuk dira une honetan bidea markatzen ari direnak, baina ni bidelagun izango naiz. Herrigintza da, benetan, naziogintzaren giltzarria; borroka instituzionala oso garrantzitsua da, baina, herri mugimendu indartsu batekin osatzen ez bada, hankamotz geratuko gara. Biak uztartzea ezker abertzalearentzat etorkizunera begirako gakoa da.

Osasun aldetik oso ondo sentitzen naiz, beraz, ahal dugun neurrian, jarraituko dugu gure ekarpentxoa egiten.

Konpromiso horrek nola eragin dizu alor pertsonalean eta nola eragin dio zure inguruari?

Zalantzarik gabe, familia bat aurrera atera ahal izan badugu, emazteari esker izan da. Duela hiru urte hil zen eta sarritan esan izan dut publikoki zein pribatuan. Herriari eskainitako orduak askotan kendu behar izan dizkiot familiari; hor badut arantza bat, batzuetan oreka hori aurkitu ez dudan sentsazioa.

Baina, oro har, pozik sentitzen naiz. Iruditzen zait pertsonak ezin garela garatu ez bada kolektiboan, txanponaren alde bana direla pertsonaren garapena eta gizartearena. Kolektiboarengatik zerbait egitea oso inportantea iruditzen zait, ez dut zoriontasuna bestela ulertzen.

Kalean galdetzen didate ea noiz hasi behar dudan bizitzen, baina niretzat bizitzak ez dauka zentzurik proiektu kolektibo baten alde murgildu ezean. Nire afizioa mendia da eta Euskal Herria da inoiz ezagutu dudan herririk politena, baditut bailarak, mendiak, lautadak... denetarik daukat, ez dut besterik behar.

Honi buruzko guztia: 1997