1977/2024 , Abenduak 5

Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Kaiatik astiro» urrundu zen poeta: 14 urte Xabier Lete hil zela

Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetako bat betiko isildu zen duela 14 urte, Durangoko Azokaren lehen gauarekin bat eginda. Gaixotasun luze batek eraman zuen Xabier Lete, euskaldunei oinordetzan ereserki andana utzita.

Xabier Lete.
Xabier Lete. (Ikor KOTX | FOKU)

Durangoko Azokaren lehen gauean itzali zen betiko euskal kantagintzaren ahots ezagunenetako bat. Bere heriotzarekin berarekin ere poesia egin nahi izan balu bezala, 2010eko abenduaren 4tik 5erako gauean hil zen Xabier Lete, 66 urte zituela. Urte luzez egon zen gaixorik, gaztetatik, eta hainbat egun ospitalean eman ostean zendu zen. «Jaio ginen, bizi gera / ez dugu ezer eskatzen / itsasontzia astiro / kaiatik ari da urruntzen», zioen Letek 'Habanera' kantuan; bera ere, gaitzak bultzatuta, «kaiatik astiro» urrundu zen duela 14 urte.

Oiartzuarra zen sortzez, Urnietara ezkondu zen eta bertan bizi izan zen. 1944an jaio zen eta gaztea zela hasi zen idazten, eta, GARAk Leteren heriotzaren biharamunean gogora ekarri zuenez, ohikoa zen 'Zeruko Argia' aldizkarian artikuluak argitaratzea.

Euskal kulturan berebiziko garrantzia izan zuen Letek, besteak beste, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuenetik. 60ko hamarkadan batu ziren, beste batzuen artean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo. Hain zuzen ere, taldean bertan ezagutu zuen Iriondo, gerora emazte izango zuena.

Euskal kulturan berebiziko garrantzia izan zuen Letek, besteak beste, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuenetik

Izan ere, Iriondo kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen eta oso ezagun egin zen, beste egile batzuek zein berak konposatutako abestiek arrakasta handia izan baitzuten; hala nola 'Ez gaude konforme', 'Gaztedi berri zalea' edota 'Errota zaharra' kantuek. Handik gutxira, ordea, kantagintza alde batera utzi eta literaturan murgildu zen, haurrentzako ipuin eta kontaketak zein antzerkiak idatzi zituelarik. Erreferente izan zen Iriondo emakume askorentzat; Euskal Herri luze eta zabalean kantaldiak eskaintzen zituen aro horretan, gure herrian ez baitzen batere ohikoa andre bat horretara ausartzea, eta kritika ugari egin zizkioten.

Ez Dok Amairun ibilitako garai horretan Letek sortutako 'Ni naiz', 'Nafarroa arragoa' eta 'Sehaska kanta' euskal kantagintzako klasiko bilakatu dira denborak aurrera egin ahala. Izan ere, Leteren abesti askok hartu dute klasiko izaera, eta beste musikari askok egin dituzte haien bertsioak.

Baina kantaria ez ezik, idazle paregabea ere bazen Lete. 1968. urtean argitaratu zuen lehen liburua, 'Egunetik egunera gurpilera', eta hil baino urtebete inguru lehenago 'Egunsentiaren esku izoztuak'. Azken poema liburu horrekin euskarazko literaturaren Euskadi saria irabazi zuen Letek.

Lehen liburua argitaratu zuen urte berean ezkondu zen Lourdes Iriondorekin, eta bigarren poema liburua hari idatzitako maitasun olerkiz osatuta zegoen, baita heriotzaren ingurukoez ere. Izan ere, 2005ean hil zitzaion emaztea eta kolpe benetan latza izan zen Leterentzat

Lehen liburua argitaratu zuen urte berean ezkondu zen Lourdes Iriondorekin, eta bigarren poema liburua hari idatzitako maitasun olerkiz osatuta zegoen, baita heriotzaren ingurukoez ere. Izan ere, 2005ean hil zitzaion emaztea eta kolpe benetan latza izan zen Leterentzat, hark bultzatuta hasi baitzen abesten eta elkarrekin sorkuntza lan handia egin baitzuten. Ordutik, nabarmen egin zuen okerrera Leteren osasun egoerak ere, eta burua ezin altxatuta ibili zen 2010ean hil zen arte.

«Bizitzaren legea» onartzea

GARAn argitaratutako hilberriak gogora ekarri zuen Pilar Iparragirrek 'Argia' aldizkarian Leteri egin zion elkarrizketa, zeinetan emazteari zion maitasuna agerian utzi baitzuen: «Iraganeko denboretan eta, batez ere, krisialdietan, askotan galdetzen nion neure buruari zergatik hasi ote nintzen abesten. Eta azkenean, beste arrazoi eta argudio guztiak arakatu ondoren, ondorio batera ailegatu nintzen: Lourdesengatik, haren eraginez eta bultzadaz hasi nintzen kantuan; haren xarma pertsonalak erakartzen ninduelako eta haren iritzi baikorrak beti suspertu izan ninduelako, baita neure buruarekiko unerik ukakorrenetan ere». Elkarrekin abestu ohi zuten 'Errota zaharra' kantua, Iriondok sortua, «bizitzaren legea» onartzeaz mintzo zen, Leteren zein Iriondoren beraren hitzek berezkoa zuten malenkoniaz.

Izan ere, sorkuntzaz gain, ezbeharrak ere batu zituen bi musikariak. Lete gaztetan gaixotu zen eta Iriondori are gazteagotatik baldintzatu zion bizimodua bihotzeko gaitz batek, 68 urte baino ez zituela eraman zuen eritasun berak, hain zuzen ere.

Arestian aipatutako 'Argia' aldizkariko elkarrizketa horretan Lourdes Iriondo nola ezagutu zuen ere galdetu zion kazetariak, eta honela erantzun zuen Letek: «1965. urtean, 21 urte nituela. Hasia nintzen 'Zeruko Argia'-rako artikuluak idazten eta Oiartzungo Lartaun antzerki taldean. Poesia ere idazten nuen. Eta, horrela, literaturaren ur horietan nenbilela, Lekuonak eta Artzek adierazi zidaten hasiak zirela bilera batzuetan parte hartzen, euskal kanturako talde bat sortzeko asmoz; eta bileretara gonbidatu ninduten. Joan nintzen, eta han ezagutu nuen pertsonalki, lehen aldiz».

«Aspertuta eta gogaituta»

1978an 'Lore bat, zauri bat' lana argitaratu ostean, kantagintzatik erretiroa hartzea erabaki zuten Letek, Iriondok eta Antton Valverdek, batez ere orduko musika eta politika arloko joerarekin ez zeudelako eroso. «Aspertua eta gogaitua nengoen kantaldien inguruan eta horien barruan gertatzen zirenekin. Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko», azaldu zuen gerora.

Kantagintzarekin batera literatura sorkuntza ere alboratu zuen denboraldi batez, politika instituzionalean jarduteko. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan lau urtez aritu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, zuzendari nagusi gisa lehendabizi eta sailburu moduan ondoren, EAJren eskutik. Gaixotasunak behartu zuen zeregin publikoak alde batera uztera.

Kantagintzarekin batera literatura sorkuntza ere alboratu zuen denboraldi batez, politika instituzionalean jarduteko. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan lau urtez aritu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean

1991ra arte ez zuen hurrengo lan diskografikoa argitaratu, 'Eskeintza', Jabier Muguruza eta Pascal Gaignerekin. Hurrengo urtean, 'Hurbil iragana' (Elkar) kaleratu zuen, berriz grabaturiko abesti ezagunenak biltzen dituen lana.

1999ko abuztuaren 10eko GARAn aurreratu zutenez, urte bereko irailean itzuli zen agertokietara, salbuespen gisa, Errenteriako Orereta Ikastolak antolatutako Kilometroak jaialdian parte hartzeko. Bi urte lehenago eman zuen azken kontzertua, ordurako oso kantaldi gutxi eskaintzen baitzituen.

Ereserki ugari utzi zituen Xabier Letek, hala nola 'Ihesa zilegi balitz', 'Gizon arruntaren koplak' eta 'Habanera', baita hiletan kantatu ziezaioten eskatu zuen 'Errota zaharra ere'. Hain zuzen ere, Urnietan eman zion azken agurra elizkizunera gerturatu zen jendetzak, eta mediku izan zuen Felix Zubiak bertsotan egin zion omenaldia. GARAk hilaren 8an argitaratutako Ariane Kamioren kronikan jaso zuen: «Ez nau izutzen esan zenigun, begietara begira. Negua dator nere albora, bukatu da nere bira. Gustora noa pake-pakean, Lourdes dagoen tokira. Nerekin dago, soma dezaket irrifar batez ari da».

Honi buruzko guztia: 2010