1977/2024 , Abenduak 7

Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Gorka Altuna
EKHEko kontseilari ordezkari ohia

«Gaur egun, gu garenaren inguruan hausnartu nahi duenari balioko dio 'Ama Lur'-ek»

56 urte bete ditu aurten 'Ama Lur' filmak. Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert izan ziren zuzendariak. Aitzindaria izan zen euskal zineman eta, batez ere, herri bezala identitate kolektibo bat eratzeko bidean. Horregatik, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak (EKHE) DVD formatuan plazaratu zuen 2007an, eta GARArekin zabaldu zen. Ordukoak gogora ekarri ditu Gorka Altunak, une horretan EKHEko kontseilari ordezkari zenak.

Gorka Altuna, EKHEko kontseilari ordezkari ohia.
Gorka Altuna, EKHEko kontseilari ordezkari ohia. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Duela 56 urte estreinatu zuten Zinemaldian 'Ama Lur', eta 17 urte dira aurten EKHEk DVD formatuan berriz plazaratu zuenetik, Mikel Insaustik idatzitako liburuarekin batera GARAk zabaldu zezan. 2007an Gorka Altuna zen Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko burua, eta, denbora nahikotxo iragan bada ere, gogoan du orduan egindako lana.

Filma 1968an estreinatu zen eta ia 40 urtera berrargitaratu zenuten. Zer dela eta une horretan?

Pelikula ahaztuta zegoen. Gainera, gogoratu behar da garai horretan zinerako egiten zirenak benetako pelikulak zirela, formatu horretan grabatutakoak. Horrez gain, pelikula original hori oso hondatuta zegoen eta kopia batzuk galduta zeuden. Heldu zitzaigun egoera hori zela-eta guk digitalizatu egin nahi izan genuen. Beste alde batetik, irudien eta abarren kalitatea hobetu nahi genuen.

Orain badirudi ez dela ezer, baina duela 20 urte teknologiari zegokionez gauza asko ari ziren aldatzen, eta gauza handia zen horrelako zerbait egitea.

Nolakoa izan zen prozesua?

Bartzelonara bidali zen Euskadiko Filmategian zegoena, babesa lortzeko sekulako lana egin ostean. 'Ama Lur' nire sasoikoa da berez, baina oso gaztetxotan ikusi genuen, eta, euskal zinemagintzaren aitzindaritzat hartu bazen ere, benetan zena herri baten kronika zen.

Guk ez genuen horren garbi ikusi herri bat zer zen 'Ama Lur' ikusi arte. Nola edo hala erakusten zuen herri bat eremu guztietakoa, industrializazioa ere agertzen zen, baita Nafarroako Erreinua ere... Herri bat osotasunean. Beti esaten genuen herria zenaren kontzeptu oso partikularra geneukala, eta pelikularekin beste kontzientzia bat hartu genuen, herri bat baginela osoki, elementu guztiekin.

Begiratu egin behar izan genuen pelikularen eskubideak nork zituen, eta hor topatu genuen Andoni Esparza, Jose Luis Etxegarai eta Castor Uriarte ibili zirela sasoi horretan dirua biltzearen arduradun. Orduan jakin genuen, zerbait entzunda bageneukan ere, nola batu zuten dirua herriz herri auzolana eginda.

DVD formatura eramanda 2007ko Durangoko Azokan aurkeztu zenuten. Zer-nolako harrera izan zuen?

Oso ona. Uste dut ikusita geneukanentzat berriz ikusteko aukera izan zela, ez zuelako inork gogoratzen ordurako, ez zegoen EiTBn ez beste inon emanda. Orduan, harrera oso ona izan zen.

Guk EKHEn promozioa egitea erabakitzen genuenean, batetik, merezi zuela ikusten genuen, eta ekarpen bat egiten zuela, eta bestetik, suposatzen zuen gastua estaltzeko modukoa izatea espero genuen.

Nestor Basterretxea, Mikel Insausti GARAko zinema aditua eta Fernando Larruquert, 2007ko aurkezpenean Durangoko Plateruenan. (Gari GARAIALDE I FOKU)

Aspaldiko pelikula da, eta nabarmena da estetikari eta eginda dagoen moduari erreparatuz gero. Gaur egun zabalduta ere arrakasta bera izango lukeela uste duzu?

Baietz esango nuke. Sasoi hartan arrakasta izugarria izan zuen diasporan, adibidez, bai Argentinan, baita Ipar Amerikan ere... Izan ere, azken batean aukera eman zien askori ametsetan baino ikusten ez zutena ikusteko.

Kontatzen duena introspekzio bat da, herri moduan zer garen, nora goazen eta horrelako kontuei heltzen die. Artistak ere horretara dedikatu ziren eta 'Ama Lur' izan zen lortu zuten produktua. Zilborrera begiratu gabe, hausnarketa sakona izan zen egin zutena, eta hori da duen balioa. Gaur egun, gu garenaren inguruan hausnartu nahi duenari balioko dio 'Ama Lur'-ek, berdin-berdin.

Baina beste ziklo batean gaude. Herri moduan zorte handia daukagu jende baliotsu batek introspekzio lan bat egin zuelako orduan. Orain, ordea, kanpora begira gaude eta gauza asko galdu ditugula uste dut. Ez dakit nik gauzak ez ote ditugun gehiegi sinplifikatu kanpokoek gustuko izan ditzaten.

Berregin zenuteneko aurkezpenean Nestor Basterretxeak esan zuen bere ustez ezin izango zela filma 2007an egin «batzuen edo besteen alboan lerratu» gabe. Oso desberdinak dira 1968ko, 2007ko eta gaur egungo testuinguruak. Hausnarketa partekatzen al duzu? Gaur egun egingarria litzateke?

Hausnarketa partekatzen dut, baina aldi berean ez. Uste dut berak faltan sumatzen zuela frankismo garaian denok elkartuta geundela, hain zuzen ere, frankismoaren aurka, hori balio bat zen. Badira, hala ere, kantu batzuk, elkartasun horretan arrakalak ere bazirela aitortzen dutenak. Guk 'Ama Lur' berregin genuenean sekulako tentsioa zegoen Euskal Herrian. Baina tentsio hori aurretik zetorren.

Hala ere, uste dut ez zela posible izango garai horretan horrelako zerbait egitea, beste arrazoi batzuengatik bazen ere. Esango nuke ez zela posible ez genuelako behar hori sentitzen. 'Ama Lur' egin zenean, herrian egin nahi zuen hori, horregatik lortu zuten artistek dirua bildu eta proiektua aurrera ateratzea. Duela hogei bat urte, egoera bestelakoa zen. Adibidez, GARA sortu zenean batuketa handi bat egin zen; fenomeno bera zen diru bilketari eta jendearen elkartasunari zegokionean. Herria ez zegoen inondik inora elkartuta, baina fenomeno horiek gertatzen dira. Gaur egun ere, herri moduan ez gaude elkartuta, herri kontzientzia badago ere.

Honi buruzko guztia: 2007