1977/2024 , Abenduak 13

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Maialen Lujanbioren Euskal Herriko lehen txapela

Gaur 15 urte, 2009ko abenduaren 13an, Maialen Lujanbio Zugastik Euskal Herriko txapela jantzi zuen Barakaldoko BEC aretoan. Bere lehen txapela –dagoeneko hirutan izan da txapelduna– eta emakume bertsolari batek jantzi zuen lehena eta, oraingoz, bakarra.

Maialen Lujanbio pozik, bere lehen txapelarekin.
Maialen Lujanbio pozik, bere lehen txapelarekin. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Joxe Agirre zenak jantzi zion bere lehen txapela Lujanbiori, eta halaxe abestu zuen milaka bertsozaleren aurrean: «Mila zorion ta goraintzi/ eman gabe nola utzi/ Euskal Herriko txapela horra Maialeni jantzi/ al dezun artean eutsi/ ez dezu meritu gutxi/ emakumerik oraindik ez zen hortara iritsi».

Horixe izan zen eguneko titularraren ertzik nabarmenena, emakume batek lehen aldiz lortu zuela Euskal Herriko txapela. Baina Maialen Lujanbioren txapelak, borobila izan arren, punta gehiago zeuzkan. Egun hartako kronikan neronek idatzi nuenez, «ze ondo ematen dion txapelak Maialeni. Mundua desberdin ikusten eta ikusarazten duten begi horiekin distira berezia hartzen du txapelak». Eta hori izan da bere ekarpen nagusia. Bertsolaritzaren ardatza mugitzea lortu du, nahi duenari eta interesatzen zaizkion ertzetatik abesten asmatu du. Hankak ahozkotasunaren lokatzetan sartuta, inguratzen duen jendarteari eta garaiari zorrotz abestu dio.

Maialen Lujanbioren bigarren txapela, 2017an. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hirugarrenez jantzi zuen Euskal Herriko txapela 2022. urteko abenduaren 18an (bigarren txapela 2017an jantzi zuen), eta orduan ere esana utzi zuen bertsolariak bizi den garaiari abesten diola. Gaurkotasun beteko jardun tradizionala da bertsolaritza. Bertsolariek abestutakoetan irudika daiteke garai baten, herri baten kronika. Maialen Lujanbiok gauza asko ekarri dizkio bertsogintzari, eta horietako bat izan da gogoraraztea bertsoa ezin dela errealitate soziopolitikotik aldendu, horri atera behar diola punta. Hirugarren txapela jantzi berritan ondo azaldu zuen elkarrizketa honetan: «Hemendik edo handik gure inguruari buruz kantatu nahi nuen».

Hirugarren txapela, Iruñeko Nafarroa Arenan jantzi zuen. (Iñigo URIZ | FOKU)


2009an Euskal Herriko lehen txapela jantzi zuenerako plazak ondo ibiliak zituen Hernaniko bertsolariak. 15 urte zituela abestu zuen lehenengoz goi mailako bertsolariekin. Euskal Herriko hirugarren finala zen Lujanbiorentzat, eta aurretik bazekien zer zen buruz burukora iristea, 2001ean Belodromoko azken finalean Andoni Egañarekin josi baitzuen saioaren azken gailur hori.

Euskal Herriko txapeldunen zerrendan sartzea lortu zuen hernaniarrak duela hamabost urte. Geroztik, hiru txapel jantzita, txapeldun handi-handien zerrendan sartu da. Eta plazaz plaza egiten duen ibilian, argi baino argiago utzi du aparteko bertsolaria eta puntako pentsalaria dela.

Zazpi aldiz izan da finalista Maialen Lujanbio final nagusian; 1997, 2001, 2005, 2009, 2013, 2017, 2022. 27 urte bertsolaritzaren tontorra irudikatzen duen erakusleiho horretan. Lehenengoz parte hartu zuenean 21 urte zituen eta 46 urte zituela jantzi zuen hirugarren txapela 2022an. Ia hiru hamarkada horietan bertsolaritzak trajea aldatu du, eta aldatzen ari da etengabe. Lujanbio izan da Euskal Herriko txapela jantzi duen lehen emakumea eta, oraingoz, bakarra. Eta hamarkada luzeetan finalista emakume bakarra izan da. 2022an lehen aldiz emakume bat baino gehiago izan ziren final handian. Hiru, zehatz esanda; Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. Bitartean, herrialdeetako txapelketetan emakume txapeldunak ikusi ditugu, lehenengoz saio parekideak iritsi dira –kopuruan–, eta baita emakumeak gehiengo diren finalak ere; bihar Illunben jokatuko dena da horietako bat, hain zuzen.

'Basarri'-tik Lujanbiora, bederatzi mundu

Bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik. Bertsoak plaza behar du arnasa hartzeko, tamaina eta klase anitzeko plaza. Baina txapelketak hartu ohi du foku nagusia. Txapelketek eta finalek ez dute akaso bertsogintzaren argazkia osotasunean ematen, baina pista esanguratsuak eskaintzen dituzte. Euskal Herrian izan diren bertsolari txapeldunei begira begitandu daiteke neurri batean bertsolaritzak egin duen bidearen nolakotasuna.

Euskal Herriko bederatzi bertsolari txapeldun daude historian: 'Basarri', 'Txirrita', 'Uztapide', Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.

1935 eta 1936an egin ziren Bertsolari Guduak hartzen dira lehendabiziko txapelketatzat. 'Basarri' izan zen aurreneko txapelduna, eta harengandik Maialen Lujanbiorengana, mundu bat ez, bederatzi mundu daude.

'Basarri' eta 'Uztapide'. (Indalecio Ojanguren Funtsa | GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA|)

1. 'Basarri'

Iñaki Eizmendi Manterola 'Basarri' izan zen lehen txapelduna, 1935ean. Donostiako Poxpolin antzokian jantzi zuen txapela San Sebastian egunez. Errezilen jaio zen 1913an, baina Zarautzen bizi izan zen denbora gehiena; 1999an, 87 urte betetzear zituela, hil zen arte. 21 urterekin izan zen txapeldun. Gerraosteko lehen Txapelketa Nagusiko txapela ere errezildarrak eraman zuen 1960an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 48 urterekin. 1962an, 'Uztapide'-ren atzetik bigarren egin zuen. Ez zegoen konforme emaitzarekin eta ez zuen gehiago parte hartu.

'Basarri' hil zela 25 urte bete dira pasa den azaroaren 4an, eta Joxean Agirrek artikulu hauxe argitaratu zuen urteurrenaren harira: «'Basarri'-ren posibilismoa».

'Txirrita' txapeldun 1936ko txapelketan. Irudian, beheko aldean erdian dagoena da. (SENDOA)


2. 'Txirrita'

Bertsolaritzaren izarrik handienetakoa da Jose Manuel Lujanbio Retegi 'Txirrita'. Ereñotzun jaio zen 1860an, eta Altzako Gazteluene baserrian eman zituen azken urteak. Hil zen urte berean, 1936an, izan zen txapeldun, 76 urterekin.

Urtarrilaren 19an egin zen Bigarren Bertsolari Gudua, Donostiako Victoria Eugenian. 30 bertsolarik kantatu zuten bi sailkapen saiotan, eta hamar ailegatu ziren finalera.

'Txirrita' beti zegoen prest kantatzeko. Eskolagabea izan arren, irakurtzen bazekien eta herritar askoren buruan ezezagunak ziren erreferentziak zituen. Bat-bateko bertsolari bezala baino ezagunagoa zen bertso-jartzaile gisa.

«Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtean», abestu zuen Txirritak txapela irabazi zuen urte bereko ekainean. Handik 80 urtera, GAUR8 astekarian erreportaje hauxe ondu genuen: «Txirritaren etorria, etenik gabeko iturria 80 urtez».

3. 'Uztapide'

1962ko txapelduna izan zen 'Uztapide'. 84 partaide izan zituen txapelketa hark, eta hamarrek kantatu zuten Donostiako Astoria antzokiko final handian. Manuel Olaizola Urbieta Zestoako Endoia auzoan sortu zen, 1909an. 1952an Oiartzunera ezkondu zen eta Ergoienen zendu zen, 1983an.

Bertsolaririk maitatuenetakoa da. Hiru belaunalditara egokitzen asmatu zuen eta guztien errespetua eta ezagutza eskuratu zituen. Behatzaile zorrotza zen, hizkera eta arrazoiketa garbikoa. Etorri handia zuen, eta ahots sakona. 1965 eta 1967an ere irabazle izan zen.

Pako Aristi idazleak 'Uztapide' eta Xalbadorren arteko harremana modu ederrean jaso du “Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” liburuan. Hemen liburuaren inguruko elkarrizketa. «Onak ona berehala errekonozitzen du. 'Uztapide'-k eta 'Xalbador'-rek bazuten elkarri zer ikasi».

Amuriza 1980ko txapelketan. (Aitor GONZALEZ)

4. Amuriza

Bertsolaritza modernoaren figura nabarmena da Xabier Amuriza Sarrionandia. 1941ean Etxanon jaioa, 6 urtetxorekin jada jendaurrean kantari aritzen zen. 1980an, Donostiako Balda pilotalekuan egin zen finala, Errege Egunez, zortzi bertsolarirekin. Amurizak lehen txapela jantzi zuen, 39 urterekin, eta berarekin bertsolaritza garai berri batean sartu zen.

Bere hizkera eta irudien mundu bereziak ekarri zituen, doinu ugari asmatzearekin batera. 1982an ere bera izan zen garaile. Hamarkada horretan, bertso eskolen eragile nagusia izan zen. Trilogia iraultzaile bat idatzi zuen: 'Hitzaren kirol nazionala', 'Hiztegi errimatua' eta 'Zu ere bertsolari'. Berezkoaren mitoa hautsiz, bertsoa eskuragarri egin zuen.

2016an utzi zion bertsolari jarduerari, baina inondik ere ez sortzeari. 2019an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen. Sariaren harira honako elkarrizketa eskaini zigun, «Konturatu ere egiten nintzen zerbait berria egiten ari nintzela».

Sebastian Lizaso txapelduna izan zen 1986an. (Aitor GONZALEZ)


5. Sebastian Lizaso

1986ko martxoaren 23an, Sebastian Lizaso Iraolaren buruan jarri zuen txapela Manuel Lekuonak. Txapelketak 40 partaide izan zituen. Apustu handia izan zen Belodromoan egitea. Puntuazioa bistan ematen zen lehen aldia (eta azkena) ere izan zen. Horregatik, txapela beretzat zela aurkezleak baino lehen erran zion 28 urteko azpeitiarrari publikoak. «Poza eta sustoa» hartu zituen. Amuriza eta Lopategi ziren faborito.

Sebastianek bizkortasuna eta ahots indartsua ditu bereizgarri. Joxe Lizasoren semea eta Beñat Lizasoren aita da, esnearekin bezala bertsoekin hazia. Urtean 200 plaza egitera iritsia da, sarri Andoni Egañarekin bikotean.

6. Jon Lopategi

Jon Lopategi Lauzirikari 'Basarri'-k jantzi zion txapela 1989an. 40 bertsolaritatik zortzi heldu ziren Belodromora. Lopategi Muxikan jaio zen 1934an eta bertan hil zen 2019an. Filosofia ikasi zuen, eta 50 urteak beteta, Irakaskuntzan lizentziatu zen. 90eko hamarkadan puntara iritsi ziren bertsolari bizkaitar gehienak bere eskutik heldu ziren.

Gerra ondotik, bera izan zen lehen bertsolari eskolatua. Diktaduraren amaieran eta ilusio aro berri baten hastapenetan, bikote ospetsua osatu zuen Azpillagarekin, eta bertsolaritzari mezu sozial eta politikoa emateko ausardia eta argitasuna izan zuten.

Gerora Xabier Amurizarekin plaza mordoa egin zituen. Hauxe Amurizak berak Lopategiri buruz idatzitakoa: «Jon Lopategi 'Baltza', gogoan»

Lopategi Egañari txapela janzten 1993an. (Aitor GONZALEZ)

7. Andoni Egaña

Lau garaikurren jabe, txapeldunen txapelduna da Andoni Egaña Makazaga, 1961ean sortutako zarauztarra. Belodromoa mukuru, Lopategik jantzi zion lehena 1993an. Lau edizio irabazi zituen jarraian, azkena 2005ean.
Amurizaren eraginetik abiatuta, bertsolaritzari maila gorena eman dio. Erabat sorkuntzari emana da, plazaz plaza erritmo harrigarrian ibiltzeaz gain, bertsolaritza eta ahozkotasunari buruzko ekarpen interesgarriak egin ditu.

8. Maialen Lujanbio

2009ko, 2017ko eta 2022ko txapelduna da, aurretik aipatu dugu hernaniarraren bidea. 15 urterekin ekin zien plazei eta 30 urteko ibilbidean arrasto propio sakona marraztu du, bertso bakoitzari autore sinadura zigilatuz.

Amets Arzallus, 2013ko txapela buruan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)


9. Amets Arzallus

2013an, 30 urte zituela, Amets Arzallus Antiak jantzi zuen txapela Joanito Dorronsororen eskutik, Barakaldon. Presente izan du beti lorpen pertsonala baino gehiago denen bideko zerbait dela txapela, eta hala sentitu zuen.

1983an Hendaian sortua, Jexux Arzallusen semea da eta etxean bertso giroa izan du txikitatik, Maddalen arrebak bezala. Nagusiki bertsolaritzan aritzen da, tarteka idazten ere bai. Ibrahima Balderekin idatzitako 'Miñan' liburua mugarri izan da bere bizitzan.

2009an eta 2022an txapeldunorde izan zen, eta 2005etik final guztietan aritu da. Memoria duenetik jarraitu du txapelketa. Hirutan iritsi da Txapelketa Nagusiko buruz burukora; 2009, 2013 eta 2022an. Hiru horietan Lujanbiorekin aritu da, bitan hernaniarra nagusitu da eta batean hendaiarra.

Honi buruzko guztia: 2009