1977/2024 , Abenduak 16

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bakea irutea sarekadarekin erantzun zutenekoa

Estatu frantsesak eta espainiarrak jarritako traba guztien gainetik, euskal gizartea ETA erakundearen armagabetze prozesuaren protagonista bilakatu zen. Herrialde honetan beste hainbatetan gertatu bezala, atxiloketa bidegabeek ezarri zuten indarraldi itxaropentsu baina gogorra izan zen inflexio puntua. Luhuson izan zen, 2016ko abenduaren 16an.

Mixel Berhokoirigoin, atxilotuta, Biarritzeko aireportuan.
Mixel Berhokoirigoin, atxilotuta, Biarritzeko aireportuan. (Bob EDME)

Barne Ministerio espainiarrak 2016ko abenduaren 16ko azken orduan eman zuen Luhuson egindako polizia-operazio baten berri eta, beraz, hurrengo eguneko egunkariak informazio apurra eman zuen, artean zer gertatu zen ongi jakin gabe. Lapurdi barnealdeko herrian hiru pertsona atxiki zituztela zioen biharamuneko titularrak, eta operazioaren arrazoiak mahairatzera menturatu zen GARA: ETAren desarmatzean laguntzen ari ziren atxilotuak.

Bazegoen aurrekari nahikoa hori baieztatzeko: 2015eko maiatzean Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez atxilo hartu zituzten Biarritzen, etxean ETAren armak gordetzeagatik. Erakundeak egun batzuen buruan salatu zuenez, Polizia frantsesak eta Guardia Zibilak egindako operazio hori, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen babesarekin, ETAren armak erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesuaren kontrako «eraso larri eta zuzena» izan zen. Urte bereko irailean Iratxe Sorzabal, David Pla, Pantxo Flores eta Ramon Sagarzazu atxiki zituzten Baigorrin, erakundearen zuzendaritzaren kontrako operazioan. Gatazkaren ondorioak ixteko gai ziren horiek, beraz, harrapatzea hobetsi zuen Gobernu espainiarrak. Beste hainbeste gertatu zen Oisen (Paris iparraldean), 2016ko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean eta Aieteko Konferentziaren bosgarren urteurrenean, Polizia frantsesak aurkitutako armen zulo batekin. Armategi horrek erakusten zuen, Paris eta Madrilen ustez, erakundeak ez zuela armak uzteko asmorik. Aldiz, garaile eta garaituen errelatoa finkatu nahi zuten horien propagandarako operazioa izan zen ETAren ustez, eta, hala ere, urriaren 28an zin egin zuen armagabetzearen aldeko konpromisoak beteko zituela.

Horrela jaso zuen atxiloketen berri GARAk hurrengo egunean.
Horrela jaso zuen atxiloketen berri GARAk hurrengo egunean.

Egiaz, 2017ko abenduaren 16an atxilotutakoak bost ziren, eta haien izen-abizenak ezagun ziren Ipar Euskal Herrian: 'Txetx' Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle-Haran, Mixel Bergougnan eta Stephane Etchegaray. Zer diren gauzak, beste edozein lekutan miresmena mereziko lukeen horrek kartzela saria izan zuen haientzat: hots, ETA bezalako erakunde baten armagabetzean laguntzeak.

Poliziak atxilotu aurretik, Etxeberrik astia izan zuen unerako prestatutako txio batzuk bidaltzeko: «Polizia-operazioa Luhuson, gizarte zibilak ETAren armak suntsitzea eragozteko. Elkarretaratzea berehala, berehala!»

Luhusoko sarekadak hainbat gauza azaleratu zituen. Lehenik eta behin, euskal erakundeak bere armamentuaren zigilatzea eta inbentarioa amaitu zuela eta bere armategiak suntsitzeko pausoa eman zuela. Horretan zebilen Michel Tubiana giza eskubideen aldeko aktibista frantsesa ere, eta hark eman zuen prozesuaren berri. Azaldu zuenez, armak suntsitu eta agintari frantsesei bidaltzea zen haien egitekoa, Parisen inplikazioa eragiteko.

Polizia-operazioaren eguna

Egun hartan gertatu zenari buruzko zehaztasunak ongi jasotzen ditu Iñaki Egañak idatzi eta GARA, Mediabask eta Txalapartak argitaratutako 'Armagabetzea. Euskal bidea' liburuaren atal batek [atal osoa irakur daiteke artikulu honetan atxikita dagoen dokumentuan]. Abenduaren 16an, eguerdia iritsi baino lehen, Mixel Bergouignan 'Txetx' Etxeberrirekin bildu zen Biarritzen eta, ostera, Etxeberri armamentuaren kutxak jaso behar zituen tokira abiatu zen errentan hartutako kotxe batean, Polizia segika izan ez zezan beharrezko neurriak hartuta. Geroago, berriz elkartu ziren, Bergouignanek furgonetari bidea ireki ziezaion Luhusoko Errekartea baserriraino.

Gainontzeko kideen zain egon behar zuten eta, bitartean, furgonetan zeramatzaten hamaika kutxa sartu zituzten baserrira. 16.30 ziren. Han zegoen Beatrice Molle-Haran ere; bere etxea zen. Ordu erdira, baina, Errekartea inguruko hainbat puntutatik zelatatzen ari ziren boluntarioetako batek telefonoz abisua eman zion Etxeberriri: «Polizia asko daude».

«Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa da; ez genuen inoiz imajinatuko estatuen halako oposizioarekin topo egingo genuenik», adierazi zuten 2017ko apirilaren 8ko Baionako ekitaldian

Alta, lanean segitu zuten boluntarioek. Inbentarioko hamar loteri zegozkien hamaika kutxak ireki, lehergailuak detonagailuetatik banatu, eta gainontzeko armak mahaian zabaldu zituzten. Kamera tripodearen gainean jarrita zuen Stephane Etchegarayk. Poliziaren txostenaren arabera, 19.48tik 20.19ra egin zuen grabaketa.

Makean zen Berhokoirigoin, baina Luhusora agertzeko hautua egin zuen, lagunek abisatu arren inguruan poliziak zeudela egiaztatu zutela. Michel Tubianari deitu zion, operaziotik kanpo geratzeko eskatzeko, bozeramaileetako bat gutxienez aske egon zedin. Hala egin zuen, ez baitzen agertu Berhokoirigoin eta Beatrice Molle-Haranekin Kanbon zuen hitzordura. Beste biek mezu bat grabatu zuten Kanbon kameraren aurrean: «ETAk bere armamentua eman nahi du, deuseztatzeko. Baina ezin du hori egin, estatuek eragotzi dutelako, materiala zigilatu eta inbentariatu duten militanteak atxilotuz».

Atzera ere Luhusora egin zutenean, poliziek Berhokoirigoin eta Molle-Haran atzeman zituzten. Eta, ordurako, agenteak sartuak ziren Errekarteara. Polizia bere eraso-fusilekin sartu zen eta Baionara eraman zituen boluntarioak, atxilo.

Horren guztiaren aurretik, baina, Etxeberrik astia izan zuen unerako prestatutako txio batzuk bidaltzeko: «Polizia-operazioa Luhuson, gizarte zibilak ETAren armak suntsitzea eragozteko. Elkarretaratzea berehala, berehala!».

'Boomerang efektua'

Euskal gizarteak, baina baita nazioarteko erakundeetako hainbat ordezkarik ere, aise ulertu zuten Luhusoko atxiloketekin armagabetzeari trabak jarri nahi zizkiotela estatu frantsesak eta espainolak. Eta, lehen momentutik, «berehala», Etxeberriren txioak eskatu bezala, 'boomerang efektua' eragin zuen Errekarteako operazioak: 4.000 pertsona batu ziren polizia-operazioa salatzeko eta 40 eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin zuten konponbidearen aldeko ahotsekin. Poliziaren oldarraldi berria gaitzetsi zutenen artean, Max Brisson Frantziako eskuinaren buruzagia, Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatea eta Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle Alderdi Sozialistako diputatuak zeuden.

Operazioaren biharamunean, berehalako erantzuna eman zuten herritarrek; hala jaso zuen GARAren azalak 2016ko abenduaren 18an.
Operazioaren biharamunean, berehalako erantzuna eman zuten herritarrek; hala jaso zuen GARAren azalak 2016ko abenduaren 18an.

Hurrengo hilabeteetan, biderkatu egin zen «bakearen artisauek» jaso zuten elkartasuna. Azkenik, 2017ko apirilaren 8an, 172 bakegile konprometituren eskutik armagabetzea gauzatu zenean, zera esan zuten Mixel Behrokoirigoinek eta Michel Tubianak Baionako ekitaldian: «Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa da; ez genuen inoiz imajinatuko estatuen halako oposizioarekin topo egingo genuenik». Eta, hala ere, egin zuten. «Bi aldiz irabazi du Euskal Herriak: armagabetzea gauzatu du, eta berak egin du», adierazi zuten 20.000 pertsona batu zituen ekitaldian.

Honi buruzko guztia: 2016