1977/2024 , Abenduak 17

Artefaktua

Didier Rouget, 'Parot Doktrina' garaitu zuen abokatua

'Parot Doktrina' Estrasburgoko auzitegira eraman zuen Didier Rouget abokatuak, baita horren baliogabetzea eragin ere, Ines del Rioren kasua irabazita. Konpromiso politikoak ekarri zuen paristarra Euskal Herrira, eta konpromiso berberak lotu zuen bertara.

Didier Rouget, 2000ko argazki batean.
Didier Rouget, 2000ko argazki batean. (Antonio DI BELLONIO)

«Ez dadila inor poztu. Merkatuaren eta mundializazioaren aurrean, giza eskubideek edo asilo eskubideak ez dute ezer balio». Didier Rouget abokatuaren hitzak dira, 1996ko abenduaren 17an ‘Egin’-en jasoak.

Didier Rouget-i elkarrizketa, 1996ko abenduaren 17an.
Didier Rouget-i elkarrizketa, 1996ko abenduaren 17an.

Ikasleen batzordeetan hasi zuen militantzia Didier Rougetek eta, harrezkero, bere konpromiso politikoan ez zuen etenik hartu. Correosen hasi zuen bide profesionala, eta bertan edan zuen sindikalismoaren borroketatik. 1974an, Peugeotek Lillen duen fabrikan hasi zen lanean, defendatzen zuen langile klasean mantentzeko hautuz.

Grina antikapitalista eta antiinperialistak inarrosita, hainbat borrokatan sartu zen, besteak beste, talde antinuklearretan, paperik gabeko migranteen defentsan, antifaxismoan edo askatasuna borrokatzen ari ziren herri zapalduen aldean, Vietnam, Palestina eta Kurdistanekin kasu.

Hala egin zuen bat Euskal Herriko egoerarekin ere. Zehazki, Burgosko Prozesuaren kontrako protestekin destatu zuen begirada hona.

1985ean, fabrika utzi eta Zuzenbide ikasketei heldu zien berriz. Montrealera mugitu zen, giza eskubideetan espezializatzeko, eta tortura prebenitzeko baliabide eta hitzarmenen inguruan ondu zuen doktore tesia; 1990eko hamarkadan cum laude doktore izendatu zuten.

1998an Uztaritze hartu zuen bizileku eta, geroztik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zeuden euskaldunen abokatu gisa aritu zen lanean. Bitartean, Tortura Prebenitzeko Batzordearekin harremanetan aritzen zen, eta lehen aldiz, 1997an Kepa Urra torturatu zuten hiru guardia zibil kondenatu zitzatela lortu zuen.

Hainbat helegite aurkeztu zituen Giza Eskubideen Europako Auzitegian, eta horiekin erdietsi zituen garaipenen artean, berebiziko garrantzia izan zuen batek: 'Parot Doktrina'-ren ezabatzea, 2013an. Amaia Izko abokatuarekin batera eraman zuen auzia Estrasburgora.

Didier Rouget, Amaia Izko abokatuarekin batera, 2012ko irudi batean. (Gari GARAIALDE/FOKU)
Didier Rouget, Amaia Izko abokatuarekin batera, 2012ko irudi batean. (Gari GARAIALDE I FOKU)

Ines del Rio izan zen 197/2006 doktrina aplikatu zioten euskal presoetako bat. Rougetek bururaino defendatu zuen haren kasua, baita irabazi ere. Horri esker, del Rio eta beste 70 preso inguru askatu zituzten berehala. Garaipen hau mugarria izan zen, agerian utzi baitzuen euskal presoei eragiten dieten legeen aplikazioaren politizazioa.

Didier Rouget 2015eko urtarrilaren 6an hil zen, gaixotasun luze bat pairatu ostean.

Honi buruzko guztia: 1996