1977/2024 , Abenduak 25

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Charles Chaplin, zinemaren ikono jazarria eta behin, gutxienez, bertsotan aritutakoa

1977ko abenduaren 25ean hil zen Charles Chaplin. Zinemaren historiako izen handienetako bat da, bere justizia nahiak bidean oztopo larriak jarri zizkion arren. Euskal Herrian ere behin baino gehiagotan izan zen.

Leon Dongaitz pilotari urruñarra eta Charles Chaplin
Leon Dongaitz pilotari urruñarra eta Charles Chaplin (Baionako Euskal Museoko Bilduma)

Kristauek euren jainkoaren jaiotza ospatzen duten egunean eman zuen mundu honetan azken hatsa Charles Spencer Chaplinek, askorentzat zinemak izan duen jainkorik handiena denak. Zeluloideak hizketan ez zekien garaikoa da bere hastapena, mugarri horren aurreko eta ondorengoa bere ondare hilezina.

1889an jaio zen Londresen, kale lokaztu batean eta zer janik ez zuen jende artean. Bere aitaz ezer gutxi jakin da, alkoholikoa zela eta etxean askorik ez zutela ikusten, ez besterik. Ama ospitale psikiatrikoetan sartu-irtenean izan zen gehienean. Umezurztegiak izan zituen ostatu Chaplin haurrak nahi baino gehiagotan.

Bere ibilbide artistiko guztian islatu zen bere umezaro zaila, «komunismoaren mamuaz mintzo ziren garaian ez zuen bazter utzi bere konpromisoa, kameraren bi aldetara kapitalismoaren gaitzak salatzera ausartu zen, langileen esplotazioari eta botereari aurre egin zion satiraren bidez» (Koldo Landaluze, GARA, 2022/04/14). Zinema mutua izan arren, «bere diskurtsoa zuzena, ozena eta argia izan zen».

Ameriketako Estatu Batuetan komunismoaren aurkako sorgin-ehiza garaiak ziren, eta bere larruan sufritu zuen Chaplinek. Geraldine Chaplin alabak gogoratu zuen garai hura ZAZPIKAri eskainitako elkarrizketan, «nire gurasoak oso bizkorrak izan ziren egoera hura kudeatzen (…). Ameriketako Estatu Batuetarako sarrera debekatzen zigun telegrama iritsi zitzaigunean, bidaia jarraitu genuen Britainia Handiraino, eta Suitzan amaitu genuen (…). Gerora jakin nuen nire aita kanporatu egin zutela, eta norbaitek esaten zidanean 'zure aita komunista da', oso harro sentitzen nintzen, bereziki bere uste politiko sendoengatik».

Mundu osoan sona izugarria zuen aktorea zen orduan Charles Chaplin, bereziki Charlot pertsonaiarekin denen memorian betiko gorde diren sekuentzi sail amaiezina zuen lagun. 'The Great Dictator' (1940) filmak azkartu zuen, ordea, bere aurkako jazarpena. 1939ko irailaren 9an hasi zuen errodajea. Baziren bederatzi urte zineman soinua gehitu zenetik, baina hitzik gabeko pertsonaiei eutsi zien urteetan Chaplinek. Bigarren Mundu Gerra eragingo zuten gertakarien beroan, juduen aurkako jazarpen nazia eta gerra nagusituko ziren mundu baten argazkia aurreratu zuen Chaplinek film horretako azken sekuentzian.

«… Garapen azkarra izan dugu, baina gure buruak giltzapetu ditugu. Makinismoak asko ekoizten du, baina beharrean uzten gaitu. Gure ezagutzak ziniko bihurtu gaitu. Gure inteligentziak gogor eta lehor. Gehiegi pentsatzen dugu, oso gutxi sentitzen dugu. Makinek baino gizatasun gehiago behar dugu. Inteligentzia baino, zintzotasuna eta goxotasuna behar ditugu. Kualitate hauek gabe bizitza biolentoa izango da, dena galduko da».
'The Great Dictator' filmeko azken sekuentziako pasarte bat

Ekoizpen zaila izan zuen filmak. Berak finantzatu behar izan zuen, alde guztietako kontrako jarrerak izan zirelako pelikularen aurka. Presio diplomatiko handia egin zuten Alemania naziak eta Italia faxistak, baina baita Britainia Handiak eta Ameriketako Estatu Batuek ere, proiektuaren izaera bakezaleagatik; «Publikoaren aurrean proiektatuko dut, baita horretarako antzoki bat eraiki behar badut eta ikusle bakarra ni banaiz ere», esan omen zuen.

Azkenean, pelikularen aurkako presio gehien egin zuena garaiko prentsa estatubatuarraren jabe ahalguztiduna zen William Randoph Hearts izan zen, «gurutzada pertsonala abiatu zuen Chaplinen aurka, azkenean McCarthy senatariak bultzatutako sorgin-ehizan sartzeraino» (Koldo Landaluze, GARA, 2021/04/20). Arrakasta itzela izan zuen, ordea, filmak. Bost milioi dolar lortu zituen txarteldegian, Chaplinen pelikuletan lortu den zifra altuena. Arrakasta izan zuen Ameriketako Estatu Batuetan, sona handia Britainia Handian eta, Alemanian debekatu egin zuten arren, Hitler berak ere kopia bat eskuratu zuen ikusi ahal izateko.

1931ko abuztuaren 16a, Chaplin Atharratzeko frontoian zesta-punta partida bat hasi baino lehen, xistera bat eskuan argazkilariari begira. (Baionako Euskal Museoko Bilduma)
1931ko abuztuaren 16a, Chaplin Atharratzeko frontoian zesta-punta partida bat hasi baino lehen, xistera bat eskuan argazkilariari begira. (Baionako Euskal Museoko Bilduma)

Chaplin Euskal Herrian

Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan zen Chaplin, Baigorriko Etxauz jauregian, adibidez, hango jabearen adiskidea zelako. Garaiko prentsaren arabera, euskaraz kantuan ere entzun zuten aktore ezaguna, hala jaso zuen Juantxo Egañak GAUR8n:

1931ko abuztuaren 17an, 'La Gazette de Bayonne' egunkariak Charles Chaplin aktore eta zinema zuzendariak Zuberoako Atharratze herrira egindako bisitaren berri eman zuen bere lehen orrialdean. Izenburu nabarmenduaren arabera, Chaplinek frontoiaren aurrean dantzatu eta euskarazko kanta bat abestu zuen. Beste hedabide batzuek, tartean 'Le Figaro'-k, esan zuten Chaplinen lagun Harry d'Abbadie d'Arrastek, euskal jatorrikoa zenak eta 'The Gold Rush' filmean haren zuzendari laguntzailea izan zenak, pilotaren inguruko euskarazko bertso batzuk erakutsi zizkiola eta Chaplinek lagunen aurrean kantatu zituela Atharratzeko frontoian.

Honi buruzko guztia: 1977