1977/2024 , Abenduak 28

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

'Goenkale'-ren agurra eta Asironen itzulera

2015eko abenduaren 28an eman zuen EiTBk 'Goenkale'-ren azken atala; Euskal Herrian inoiz izan den telesailik luzeena izan zen. Joseba Asironek ere Inuzente Egunez berreskuratu zuen Iruñeko Udaleko aginte makila.

Kontxu Odriozola eta Mikel Garmendia, 'Goenkale'-ko Maria Luisa eta Joxe Mari, 1999ko argazki batean.
Kontxu Odriozola eta Mikel Garmendia, 'Goenkale'-ko Maria Luisa eta Joxe Mari, 1999ko argazki batean. (FOKU)

Ipar Euskal Herrian Apiril Arraina bezala, hegoaldean abenduaren 28an izaten da Inuzente Eguna. Nahiko zuten 'Goenkale'-ren zaleek telesailaren agurra txantxa zela entzutea biharamunean, eta nahiko zuen UPNk Joseba Asironen aginte makilaren berreskuratzea ere hala izatea. Baina ez, biak gertatu ziren Inuzente Egunez: 2015ean bat, 2023an bestea.

1994ko urriaren 3an hasi zen ETB1 'Goenkale' eskaintzen. Saihetsezina da iraganaren nostalgia izatea lehen denboraldi hartako kartela ikusita. Joxe Mari (Mikel Garmendia) eta Maria Luisa (Kontxu Odriozola) ageri dira lehenak, Martin (Joxe Ramon Soroiz) gero, Begoña (Loli Astoreka), Pilar (Irune Manzano), Xabier (Paul Zubillaga), Gaizka (Niko Lizeaga), Karlos (Joxe Kruz Gurrutxaga), Iker (Asier Zinkunegi), Gregorio (J.R. Argoitia), Puskas (Mikel Laskurain), Mertxe (Maria Luzarraga), Txapas (Joxe Mari Berasategi) eta Amaia (Miren Gojenola) segidan.

Hilabete gutxi batzuetarako egitasmoa zen hura, baina izan zuen harrera onak bultzatuta, 22 denboraldi eta 3.708 atal emititu ziren guztira. Euskal Herrian inoiz izan den telesailik luzeena izan da, eta Europan besteren bat besterik ez da izan luzeagoa. Euskaldunek ETB1 irensten zuten garaikoak dira bere lehen urteak, eta orduan egindako ikerketa baten arabera, euskal hiztunen %70ek ikusten zuen 'Goenkale'-ren lehen denboraldia.

Maiz aipatu zuten 'Goenkale'-ko aktoreek kalean jendeak errieta edo txalo egiten ziela, euren pertsonaiaren arabera. Maria Luisaren kasuan kargu hartzeak ziren nagusi. «Inor ez da Maria Luisa bezain gaiztoa», zioen Kontxu Odriozolak, Info7 Irratiari erretiroa hartu ostean eskainitako elkarrizketan.

Kontxu Odriozola Info7 irratian (2008)

Loading player...

 

Mikel Garmendiarekin batera Odriozola izan zen 'Goenkale'-ko aktorerik ezagunena, baina Iñaki Perurena da denboraldi gehien egin dituena. 2.ean hasi zen eta amaierara arte eutsi zion. Bere kirol ibilbidearen parte ere bihurtu zuen telesaila euskal harri-jasotzaile sonatuenak, 1.000. atala ospatzeko 100 kiloko harria 1.000 aldiz altxatu zuen 1999an.

Lehen denboralditik bertan izan arren telesailak aurrera egin ahala indarra hartu zuten pertsonaiak ere badira, Margari (Maite Bastos) eta Hortentsi (Arantxa Gurmendi), adibidez, edo Eusebio (Pedro Otaegi) eta Xatur (Abelin Linazasoro). Azken honek «arrazoi politikoak tarteko» kanporatu zutela salatu zuen. Hala kontatu zuen 'Guka' agerkarian: «Idatzi nuen artikulu bat salatuz terrorismoa salatzen zutenek ez zutela besteena salatzen (…) hilabetera zuzendaria etorri zitzaidan eta esan zidan, 'gidoilariak asmatu ezinda dabiltza zure pertsonaiarekin'. Esan nion: 'Hi ez haiz tontoa, ni ere ez, badakik eta bazekiat gidoilariengatik balitz ni egunero egongo nintzatekeela hemen'. Esan zidan: 'Gerenteak esan dit ezin duzula segitu'».

Gerora oso ezagun egin diren askok egin zituzten lehen esaldiak 'Goenkale'-n. Betiko geratu dira, gainera, 'Goenkale'-n hartutako izenak. Joseba Usabiaga beti izango da 'Tximista'; orain Gure Zirkuan Don Martin lanetan ari da eta 'Handia' (2017) edo 'El Vasco' (2022) pelikuletan paper protagonistak izan ditu.

Eta orain gutxi arte Nekane zen Itziar Ituño. 5. denboraldian ezagutu genuen 'Goenkale'-ko ertzainburu gisa. «Askotan esan behar izan dut nire benetako izena», zioen Ituñok 2009an Info7 Irratiari eskainitako elkarrizketan. Ez zen berak aukeratuko lukeen papera ertzainarena: «Hasieran apur bat gogorra egin zitzaidan eta galdetu nuen ia politikari buruz ezer agertzen zen, ezetz esan zidaten, lasai egoteko… Langabezian nengoen eta baietz esan beharra nuen, baina aukeran nik beste paper bat aukeratuko nuke gusturago».

Itziar Ituño Info7 irratian (2009)

Loading player...

Ez da Poliziaren oso gertuko gisa agertu izan Ituño publikoki, baina bere lanean zeharkatu duen pertsonaia izan da, 'La casa de papel' telesaileko polizia gisa egin baita ezagun mundu osoan. Hori bai, azkenean bandoz aldatu zen.

Fikzioa ala errealitatea?

'Goenkale' herritarren bizitzan horren barneratua egoteak maiz fikzioaren eta errealitatearen arteko tartea ezerezean uzten zuen. Asko dira honen adierazle diren pasadizoak, eta euskal Wikipediak horri eskainitako tarte propioa du.

'Goenkale'-n ume bat bahitu zuten batean dei zaparrada jaso omen zuten EiTBn, haurra Gernikan ikusi zutela esanez eta Ertzaintzaren inkonpetentziaz kexu, telesailean emandako pista faltsuak jarraitzen zituztelako.

Arraldera gutunak ere bidali zituzten, Maria Luisari errieta egiteko horietako bat, honako helbidea jarrita: Maria Luisa Galardi. Boga-Boga taberna. Arralde. Gipuzkoa. Postariak, bizkor, helbidea ikusi eta Miramonen helbidea gehitu zion, gutuna irits zedin.

Arraldeko ustezko Elkartasun Eguneko afixa
Arraldeko ustezko Elkartasun Eguneko afixa

Postari hark bazuen Arralderen berri, baina Baltasar Garzon epaileak ez. Espainiako Estatuaren mozkorraldi errepresibo betean, Arraldeko ustezko Elkartasun Eguna jarri zuten jo puntuan 2009ko irailean. 'Goenkale'-ko hiru aktore ageri ziren afixan, eta egitarau osoa «dagozkien eskubideen jabe» lelopean. Dignidad y Justicia elkarteak debekatzeko eskatu zuen; Garzonek ez zuen halakorik ezarri, baina gertutik zaintzeko agindu zuen. Errepresioaren sustatzaileak ez ziren konforme erabakiarekin. Kabitu ezinik, 'Abc' egunkariak hala idatzi zuen biharamunean, «Se celebró ayer el homenaje autorizado por el juez [Garzón], en la localidad guipuzcoana de Arralde y consistió en una comida y en una manifestación de apoyo a los presos de ETA».

Inuzente Eguneko informazio zehatza izan zitekeen, baina inuzentetik gutxi zuen garai hark.

Asironen itzulera

Orduko gezurrak hauspotzen zituztenen amorragarri, beste abenduaren 28 batean berreskuratu zuen Joseba Asironek Iruñeko Udaleko aginte makila.

2015etik 2019ra arte egona zen alkatetzan, UPN eta PSNren batura ez zelako aski izan urteetako erregimenari eusteko. Ondoren, PSNk bidea libre uztea behar zuen EH Bilduko hautagaiak karguari eusteko, baina Maite Esporrin buru zuen hautagaitzak ez zuen halakorik egin nahi izan eta UPNri utzi zion agintzen. 2023an egin zuen, azkenean, PSNk urratsa. Cristina Ibarrolaren (UPN) aurkako zentsura mozioa babesteko prest agertu zen Maria Chiviteren alderdia, aliantza politiketan aro berri bat irekiz.

Iruñeko plazan bederatzi urte lehenago ikusitako festa giroa nagusitu zen berriro, eta eskuin atzerakoiak amorruz utzi behar izan zuen agintea; «Prefiero fregar escaleras que tener que pactar la Alcaldía con EH Bildu» esanda utzi zuen alkatetza Ibarrolak.

Asiron alkate makila berreskuratu berri herritarrekin ospatzen. (Jon URBE / FOKU)
Asiron alkate makila berreskuratu berri herritarrekin ospatzen. (Jon URBE I FOKU)

Honi buruzko guztia: 2015