Naiz.info
Urruña

Arturo Villanueva errefuxiatu politikoa atxilotu du Polizia frantsesak Urruñan

Polizia frantsesak Arturo Villanueva errefuxiatu politikoa atzeman du gaur Urruñan euroagindu bati erantzunez. Villanueva orain gutxi etorri zen Lapurdira eta bizitza guztiz publikoa egiten zuen.

Atxiloketa salatzeko Urruñan egin duten elkarretaratzearen argazki bat. (NAIZ.INFO)
Atxiloketa salatzeko Urruñan egin duten elkarretaratzearen argazki bat. (NAIZ.INFO)

Arturo Villanueva iruindarra beste 14 euskal herritarrekin batera atzeman zuten 2001eko martxoaren 6an Auzitegi Nazionalak Segi gazte erakunde independentistaren aurka agindutako operazioan.

10 hilabete espetxean izan zen. Segiren aurkako epaiketara joateari muzin egin ondoren bera atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen ez ohiko epaitegiak.

Villanueva 2009ko apirilean atxilotu zuten Belfasten euroagindu bat zela-medio. Aske geratu zen ondoren. Epaileak errefusatu egin zuen bere aurkako euroagindua.

Lauzpabost urtez Irlandan egon ondoren, Lapurdira itzuli zen Villanueva orain gutxi, eta bizitza guztiz publikoa eta normala egiten zuen, Polizia frantsesak gaur Urruñan atxilotu duen arte. 

Elkarretaratzea deitu dute arratsaldeko 20.00etan Urruñeko itzulgunean. Baionako komisaldegian daukate momentu hauetan.