Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Haserrea eragin dute Ipar Euskal Herrian Barne ministro frantsesaren adierazpenek

Ipar Euskal Herriko hautetsien artean sekulako haserrea eragin dute Manuel Valls Barne ministro frantsesak lurralde elkargoaren inguruan egin dituen adierazpenak. Alderdi gehienek erreakzio gogorra izan dute eta harriduraz harago ministroak Ipar Euskal Herriko egoera ez duela ezagutzen nabarmendu dute.

Manuel Valls Barne ministro frantsesa, PSk asteburuan Tolosan (Okzitania) egin duen kongresuan. (Lionel BONAVENTURE/AFP)
Manuel Valls Barne ministro frantsesa, PSk asteburuan Tolosan (Okzitania) egin duen kongresuan. (Lionel BONAVENTURE/AFP)

Manuel Vallsen PSko alderdikideek ere salatu egin dute Barne ministro frantsesak, ‘El Pais’ egunkariari eskainitako elkarrizketan, ETAren jarduna eta lurralde elkargo bereziaren eskakizuna nahastea.

Vallsi bilkura eskatu diotela esan dute Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuek. Adierazpenak Aieteko Adierazpenaren eta bake prozesuaren kontra doazela ere gehitu dute.

Alderdi bereko Frantxua Maitiak, Akitaniako Kontseiluko lehendakariordeak, esan du «gobernuak bakearen eraikuntzan lan egin beharko lukeela».

UMPko Max Brissonen iritziz, biak nahastea «trakeskeria baino, akats politikoa» da.

Xabi Larralderen (Batasuna) aburuz, Ipar Euskal Herrian «mespretxu adierazpen itzela bezala» hartuko dira ministroaren hitzak, «bai bake prozesuari begira eta baita Ipar EHko aitortze instituzionalari dagokionean ere». 

Batera plataformako kide eta Baionako zinegotzi Martine Bisautarentzat «eskandalagarriak eta onartezinak» dira Vallsek esandakoak. «Hobe egingo luke bake prozesuari irtenbidea bilatzen saiatzea», nabarmendu du