Gazte Danbada amaitzear da. Atzean, lau eguneko jardun luzea, jaio berri den Ernai gazte antolakunde abertzaleak burutzen duen lehenengo edizioaren baitan.
Tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta beste hamaika ekimen bildu ditu lau egunez Urduñan egin den gazte topaguneak. Gogoetarako, eztabaidarako eta ideien elkartrukerako jardunaldiak, euskal gazteriaren zati handi bat bildu dituztenak.
Gaurkoan, ordea, kanpin-dendak batu, egun hauetako esperientziak komentatu, azken uneko ezustekorik ez egoteko zenbaketak burutu, eta pixkanaka-pixkanaka etxerako bidea hartuko dute milaka gaztek.
Ernairen jaiotza jaialdia izan da aurtengo Gazte Danbada eta hitz bakarrean definitu dituzte aurtengo ondorio nagusiak: «Arrakastatsua». Oraindik ez dute zifra ofizialik eman, ez eta balorazio sakonik egin ere; hurrengo egunetan jakinaraziko dutela esan dute. Baina Urduñako jai horretan 7.000 gazte inguru batu direla adierazi du Ernaik eta boteprontoan, balorazioa «oso positiboa» dela.
Urduñako Udalari eta herritarrei ere eskertza mezua luzatu diete, lau egun horietan izandako eskuzabaltasunagatik.