NAIZ.INFO
DONOSTIA

Aniztasunari buruzko gogoeta sustatzeko dokumentala egin du Gipuzkoako Diputazioak

Juanba Berasategik zuzendutako ‘Gu, jatorri anitz, herri bat’ izeneko dokumentala aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aniztasunari buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzeko.

‘Gu, jatorri anitz, herri bat’ dokumentala aurkeztu du Marcos Nanclares Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak. Juanba Berasategi zinemagile pasaitarrak zuzendu du lana eta, Nanclaresek azaldu duenez, Gipuzkoa eta Euskal Herria jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta identitateari dagokienez oso anitzak direla kontuan hartuta, dokumentalaren helburua aniztasunari buruzko eztabaida eta gogoeta eragitea da.

«Nola kudeatu behar dugu geure aniztasuna kohesio elementu izan dadin? Gipuzkoako Foru Aldundiak oso argi du aniztasuna balore positiboa dela. Ez da mehatxua, ez da elkarbizitzarako oztopoa; aitzitik, aberasgarria da eta, kudeaketa egoki baten bitartez, elkarbizitzarako elementu bihur daiteke», nabarmendu du.

Dokumentalean mota guztietako iritziak daude eta aniztasunarekin nolabaiteko lotura duten pertsona asko agertzen dira, baina erantzunik ez dagoela esan du Aldundiko ordezkariak. «Erantzun hori denon artean bilatu behar dugulako, denon artean eraiki behar dugulako. Dokumentalak galdera egiten du, eta Gipuzkoako jendarteari dagokio eztabaidatzea eta erantzuna bilatzea».

Berasategik azaldu duenez, hainbat jatorritako herritarren irudiak eta ahotsak jasotzeko ahalegina egin dute, eguneroko bizitzaren elkarrekintza guneetan.

Elementu sinboliko gisa, hainbat koloretako kaxek garrantzi handia dute. Puzzle moduko bat osatuz, Euskal Herria eraikitzen dute dokumentalean ageri diren herritarrek.

‘Gu, jatorri anitz, herri bat’ urriaren 8an estreinatuko da 19.00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean eta ondoren herriz herri ibiliko da.