Ipar Euskal Herriko herritar talde batek, ekainaren 8ko giza kate erraldoia gogoan, Giza Katea Mugaz Gaindi ekimena burutu du larunbat eguerdian. Erabakitzeko eskubideak euskal herritar ororen esku behar lukeela adierazi nahi izan dute ekimenaren bitartez eta aldarrikapena sei herri ezberdinetara eraman dute.
Ehunka lagunek bat egin dute Hendaian Santiagoko zubi zaharrean, Saran, Dantxarinean, Baigorrin eta Larrañen lepoan osatuko diren giza kateetan. Musika, suziriak eta txaloak entzun eta ikusi ahal izan dira Baigorrin burutu duten giza katean. Bertan Seaskako Paxkal Indo eta Filipe Bidart izan dira.
Larrainen berriz, Ttittika Rekalt, Allande Sokarros, Panpi Sainte-Marie eta Mixel Etxekopar izan dira. Aurpegi ezagun andanak bat egin dute ekimenarekin eta bertan izan dira Niko Etxart edo Amets Arzallus.
Gure Esku Dago ekimeneko arduradunek agerraldia egin dute goizean Gasteizen grabatu duten flashmobean eta jakinarazi dutenez, dagoeneko 60.000 lagunek izena eman dute giza katean parte hartzeko. Astebete batean 10.000 lagun gehitu direla azpimarratu dute.
Nabarmendu dutenez, ekainaran 8an bertan izena emateko aukera izango da, baina giza katean parte hartzeko deia luzatu dute, izena eman edo ez.