92 webgune aitzindari izango ditu .EUS domeinuak interneten. Bilboko Kafe Antzokian eman dute 92ko zerrenda horren berri. Tartean dira erakunde publikoak, euskalgintza, enpresak eta hedabideak, NAIZ adibidez.
6 hilabetez, .EUS domeinu-izena ikusgarri izango duten aitzindariak izango dira. Azaldu dutenez, hasiera batean 90 izango zirela iragarri bazuten ere, azkenean 92 izango dira.
Aitzindarien fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Abiarazte aldian
mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu
ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da. Denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Aldi berean, egun berezi horretan .EUS domeinuaren fase irekia edo orokorra hasiko da.
Aniztasuna
Iratxe Esnaola .EUS proiektuaren koordinatzaileak aitzindariei eskerrak eman dizkie eta esan duenez guztira 113 domeinu-izen ezberdin proposatu dira. «Hasiera batean 90 aitzindari hautatuko genituela esan genuen, baina gure muga tekniko erreala 93 zenbakian zegoen», azaldu du.
«Horregatik, erabaki bat hartu genuen, .EUS domeinuaren aitzindari izan nahi duten 92 entitateei aukera emango geniela horretarako. Hortaz, entitate bakoitzak soilik domeinu-izen bakarra eska zezakeen. Horixe izan zen hautaketarako jarri genuen irizpide bakarra», esan du.
Bestetik, Joan Mari Torrealdai .EUS fundazioaren lehendakariak proiektuan parte hartu duten entitateen aniztasuna eta domeinuaren izaera inklusiboa azpimarratu du. «Hortaz, gure ustez, aitzindarien fase honek .EUS domeinuaren izaera inklusiboa bera ere indartzea lortu du. Argi utziz bide batez, .EUS komunitate oso baten domeinua dela», gaineratu du.
Aipatutako aniztasuna ekitaldian hitz egin dutenek agerian utzi dute. Hala, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, Iban Aranzabal Hekimeneko kideak, Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kulturako sailburuak, Jon Berasategi Athletic Clubeko zuzendari orokorrak, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Michelle Mounios-Adurriaga Hendaiako Herriko Etxeko Euskararen eta Hizkuntza Politikaren arduradunak eta Nerea Enbeitia Euskalteleko harreman instituzionaleko ordezkariak goraipatu dute .EUS domeinuaren garrantzia.